Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
     
"Eta nik, urte askotan amandrearen kontuak bitxikeriatzat jo izan nituen,lagunen aurrean amandrea moja izatea gauza berezia bezala kontatuz,tio futbolista bat izatea bezala ,monjak ez baitira ezkontzen ezta alabarik izaten ere" Arg.:E. Agirreolea libururukoa.    

 

AMANDREARENAK

Amandre zenari Carmen monjia esaten zioten auzoan. Nire oroitzapenean beti izan da amandre elizkoia, umetan besotik helduta mezetara eramaten ninduenean bezala, edo eskolatik bueltan telebisioan Barrio Sesamo ikusi beharrean arrosarioa erreza arazten zigunean bezala. Baina gauza bat amandrea elizkoia izatea da eta beste bat auzoan Carmen monjia deitzea.

Garrantzirik gabeko asuntoa izan zen denbora askoan; halako batean, nola edo zergatik ez dakidala, heldutasuna igual, baina gertatu zen ordura arte garrantzirik eman gabeko gauza batzuk beste ikuspegi batetik ikusten hasi nintzela, kasu putarik egin ez eta halako batean kontu horietaz galdetu besterik egiten ez nuena, baliotsua den zerbait aldamenetik pasa dela ohartu eta berriz errekuperatzen ahalegintzen nintzela. Aitajaun-amandreen jatorria adibidez. Edo leku eta baserri izenak. Edo hain urruti ikusitako aitarekin berriketaldiak atseginez bilatzea. Elkarrizketa sotiletan askotan entzundako txikikeriek atentzioa deitzen zidaten eta haritik tiraka ibili arren asetu barik bukatzen ziren, nonbaiten galdu, inori inporta ez balitzaizkio bezala. Iruditzen zitzaidan gainera, galdetu gabe entzuten diren istorio txikiak zirela politenak, interrogatorioko argi itsugarririk gabe jasotako konfesio ezkutu horiek. Askotan alperrik izaten zen arren, arrastorik laga barik joandako kontuak izaten baitziren. Amandrearen moja urteak kasu.

Amandreari ez omen zitzaion bere moja garaiko kontuetaz hitz egitea gustatzen. Amak hala zioskun behintzat. Gustatu edo ez, hitzik ez zuela egiten egia da. Guri jakina ezetz ume koskorrak baikinen, baina bere alabari ere ez. Agian gure aitajaunak entzungo zituen amandrearen negarrak, baina hura lehenago joan zen. Gorriak pasatakoa behar zuen nonbait, eta ez zen gutxiagorako izango, gerra aurretik hemezortzi moja-urte ez baitziren tontokeria izango.

Oraindik haginak berdindu barik zituela sartu omen zen nobizia, joan zen mende hasiera horretan. Etxekoek baserritik bidalitako sagarrengatik eskerrak ematen idazteko agintzen omen zion superiorak, nahiz eta sagar haien mutxikina be ikusi ez. Eta ondoren hemezortzi urte. Mertzenaria. Hau bai dela moja ordena batentzat izen egokia!

Komunio garaian amandreak kontatutako historia batetaz urtetan akordatu nintzen: ba omen zen artzain bat, ume bat, jauna hartzeko izugarrizko gogoa zuena. Abadearengana jauna hartzea nahi zuela esanez joan omen zen eta abadeak gazteegia zela erantzun, apur bat koskortzen zenean bueltatzeko, orain hain txikia izanda jauna hartu eta haginekin mutxikatuko zuela eta. Baina artzaintxoaren jauna hartzeko gogoak hain errez amore eman ezin eta atzera abadearengana bueltatu zen lehenago harri batez ahoko hagin denak apurtuta, ahoa odoletan zuela. Abadeak eman zio jaun hori, beharko eman! Moralejarik bazen ez dut gogoan.

Gaixoak zaintzen Madril aldean ibili eta gero, gerra garaian irten zen mojatzatik. Jaioterrira bueltatu ezinik, moja izateari uko egin zion alaba ez baitzuten etxean onartu, Ozeta aldera etorri zen nebaren etxera. Eta han Partaitxiko aitajaunarekin ezkondu. Gure ama jaio zenean berrogeita sei urte zituen amandreak.

Urte askotako irla bat lagata joan zen. Arrasto bakarrak zeharka batutakoak ziren....bakarrik ibiltzea be debekatua omen zuela adibidez. Amandrea asko harritzen omen zen nire amaren lagun moja bat bisitan “karabina” barik etortzen zenean, bere lagunena, artean neska gazteak izanda; amandrearen garaietan karabina barik ezin omen ziren komentutik irten, kontu guztiak entzungo zioten gerizpe mertzenario batekin baizik. Inolaz ere, kontu makurrak he-mezortzi urte horietakoak!

Gerra garaiko moja komentu bat lagatzera bultzatu zuten arrazoiek ihes egiten zidaten. Gizarte katoliko hartara bueltatzea, auzokoen begirakuneak eta berbetak jasatea... Igual esajeratzen ari naiz, nire akorduan amandreak erreputazio ona zuela uste baitut, indizioak ipintzen eta gaixoak zaintzen zela ibiltzen zen, oraindik moja bailitzan.

Eta nik, urte askotan amandrearen kontuak bitxikeriatzat jo izan nituen, lagunen aurrean amandrea moja izatea gauza berezia bezala kontatuz, tio futbolista bat izatea bezala, mojak ez baitira ezkontzen ezta alabarik izaten ere.

Hala eta guztiz ere, dakidan apurra alabaren ahotik entzutea beste gauza bat da. Bere amari gertatutakoa kontatzeko forman ez dago arrangurarik, injustiziarik, juzku txarrik, garai batean horrelako kontuak normalak balira bezala. Bere ahotan amandrearen ibileren itzalak kantu epiko baten antz handiagoa du drama batena baino, esanez bezala “egin zuena egin ez balu ni ez nengoke hemen... eta zu bez”.
Leontzio Asolo

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli