Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
etxeberria_30.gif
 EDO AGIAN
Egun hartan berriro gertatu zen. Herensugeen kontu hura, alegia.  Baziren zazpi hilabete herensugeak eta dinosauroak entzuten zituela, goizero-goizero, pertsianaren kontra oldartzen, orroka. Iratzargailuak jo baino zertxobait lehenago izaten zen, eta hasia zen ordurako amorratzen, eguneroko bisita haiek, tontamentean, lo-ordu dexente ari zitzaizkiolako lapurtzen. 2.170 minutu, hain juxtu, egindako kalkuluen arabera eta zertxobait biribilduz, nahiz ez zen bera zehaztasun ezaren zalea. 2.170 minutu. 35 ordu.

Herensugeak sentitu zituen lehen egunean, ikarak odola izoztu zion eta ohean mugitu ezinik geratu zen, giharrak gogortuta eta arnasa hartu ezinik. Kolpeak maiztasun ia erritmikoz belarriratzen zitzaizkion. Gerogo, hilabete batzuk pasatuta zertxobait ohitu zenean, emakume haurdunek kontrakzioak neurtzen dituzten hoztasun eta arreta beraz kontrolatuko zituen berak ere oldarralditik oldarraldirako
tarteak. Baina lehen goiz hartan ikarak zentzumenak eta adimena bera ere uzkurtu zizkion.

Bestetik, orroen kontua ere bazegoen. Herensugeen burrunba baxu, etengabeari, dinosauro hegalarien karraka zorrotzak gailentzen zitzaizkion noizbehinka, kirioak airean ezartzen zutenak. Auzokoek ere ez zuten batere laguntzen —ohikoa zen bezala, bestalde— terrazak ixteko tema hori zela-eta, oihartzunaren bidez marrumak biderkatzea baino ez baitzen lortzen.

Begiak itxita, kolpeen intentsitateak alderatzen saiatu zen lehen aldi hartan, eta horrela deskubritu zuen, laztuta, dozenaka basapiztik hartuta zeukatela haien mende zerua. Mugimendu inkontziente eta zentzugabe batez betaurrekoak bilatu zituen haztamuka gau-mahaiaren gainean eta, sudurraren gainean hala-moduz jantzita, belarriak erne geratu zen ilunpean. Orduan bai, orduan argi eta garbi irudikatu ahal izan zituen munstro hegalari haiek gauaren azken orduetako iluntasunean jaun eta jabe, eta pertsianaren PVCaren krak bakoitzarekin bihotza txikitu egin zitzaion eta arnasa biriken barruan beirazko bihurtu.

Mugitu ezinik egon zen iratzargailuak jo zuen arte. Orduan, indarrak batu, altxatu eta, sugandila bat balitz legez hormara itsatsita, leihorantz egin zuen. Besoa luzatuta pertsianaren uhalari heldu zion eta, pixkanaka-pixkanaka, tira egin zuen. Pertsianak goia jo zuenerako, dinosauro eta herensuge guztiak ezkutatuak ziren, eta zerua hutsik ageri zen. Halaxe gertatu zen handik aurrera, goizerogoizero, errutina ia aspergarriaz.

«Herensugea» esatea hitz egiteko modua besterik ez da, noski, ordurako bai baitzekien, ondo jakin ere, izen generiko, ia mitiko horren atzean ezkutatzen ziren deitura zientifikoak Deynonichus Saurornitholestes eta Pterosaurus Pterodactiloide zirela. Liburutegian sartuta emandako orduek eta interneten egindako sartu-irtenek irakatsia zioten haiek zirela, bai, goizeroko bere larriduren eta estuasunen sorburu.

Zaila da azaltzen zergatik jakin zuen hain argi lehen mementotik herensugeak eta dinosauroak zirela. Beharbada —eta hipotesi bat baino ez da, baina hipotesi nahiko sinesgarria, irakurleak berak baieztatu ahal izango duenez— beharbada, genioen, herensugeei ahotik zerien sugarren beroa nabari zezakeelako bafadaka kristalean barrena.

Froga ere egina zuen behin. 17. astean edo izango zen. Ordurako, ohituago egonik, pertsianaren kontrako kolpeek ez zuten ikara batean iratzartzen. Esnatu bai, jakina, esnatzen zuten. Hor kanpoan etxeko leihoa hautsi nahian dabilen dinosauro baten erasoak entzun eta lo jarraituko duenik ez da mundu honetan. Baina, esan bezala, gorputzak jadanik ez zion ohean saltorik ematen entzundako lehen danbatekoarekin batera.

Egun hartan, beraz, inoiz baino ausartago sentitzen zelako edo, batek daki, heriotzari beldur gutxiago diogun egun horietako bat suertatu zitzaiolako, estrategia aldatzea erabaki zuen. Izarak alboratu eta, oin biluziak ez ezik, gorputz osoa ere bota zuen lurrera. Horrela, bada, buruz behera etzanda eta narrastien moduan arrastaka, leiho zabalaren azpiraino ailegatu zen. Bidea ez zen erraza izan, pijamaren prakak zertxobait jaitsi eta, gerrialdea bistan, zoruaren hotzak ez baitzuen batere laguntzen; eta, bestetik, horrelakorik etxean inoiz probatu duenak ondo dakien bezala, han-hemenka sakabanaturiko oztopo ugari saihestu behar izan baitzituen ibilera deseroso hartan: txapinak, lanpara, apur bat atzean utzitako idazmahaiaren aulkia...

Behin leihoaren azpian, hango tenperatura altuak salatu zion beste aldean, Deynonichus bat zegoela atezuan. Poliki-poliki, eta beti zoruan arrastaka, leihoaren ezkerreko ertzerantz mugitu zen, handik eskuinekora, eta, azkenik, berriro ezkerrera. Aurrez imajinatu bezala, kanpoko bero bafadak lagundu egin zion ibilbide hartan, iman batek pieza bikiari paperaren beste aldean laguntzen dion bezala: herensugeak jarraitu egiten zion. Gero, hormaren babesean, batbatean zutitu eta pertsiana altxatzeari ekin zion. Egun hartan ere, hogei minutu geroago lanera abiatzean bezain lasai ageri zen kalea.

Ezin ulertu zuena eta, zazpi hilabete, 210 egun pasatuta ere, oraindik zentzugabea iruditzen zitzaiona, besteen jarrera zen. Alegia, behin kalean, metroan, inguruko guztiek agertzen zuten axolagabekeria hura, loguraaurpegien atzean goizean bizi izandakoaren ikaragarria ezkutatzeko ahalegin barregarri hura. Gezur kolektiboa, azken finean. Ez zuen etsitzen, ordea; batzuetan aurreko eserlekuan egokitu zitzaionaren begitartea miatzen zuen, eta konplizitate soak bidaltzen zizkion. Baina den-denek, salbuespenik gabe, plantak egiteko jarrera erridikulu horri eusten zioten. Edo agian...

Isabel Etxeberria Ramirez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli