Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
KIMIKAKO IRAKASLEA
Bere eskela ikusi dut gaur. Hamabost urte dira bere berririk ez nuela. Institutuko laugarren mailan Kimikako eskolak eman zizkigun aste batean. Ikasle gutxi ginen gure gelan. Astelehen, asteazken eta ostiraletako lehenengo orduan izaten genuen Kimika. Haurdunaldi baten ordezkapena egitera etorri zitzaigun. Lehenengo eguneko lehenengo minututik lortu zuen gure arreta bereganatzea.

«Nor gara gu?» galdetu zuen, gelan sartu eta bere burua aurkeztu ere egin gabe. Denok isilik geratu ginen. «Gu ez al gara Geu?» esan zuen azkeneko GeU hori arbelean idazteaz batera. Gure harridura ahoei arretarik jarri gabe hizketan jarraitu zuen eta «Geu ez al gara ba Neu eta Heu eta Heu eta Heure batuketa» esan zuen atzamarraz tiro bana ematen zigula. Jarraian formula idatzi zuen arbelean: GeU=NeU+HeU. «Eta zuek zenbat zarete?». Lehenengo lerroan esertzen zen Oihanek atzera begiratu bat eman eta «hamaika» erantzun zion. Hori entzunda formula osatu zuen: GeU= NeU+11HeU. Ez zigun bestelako azalpenik eman. «Eskola amaitu da» esan eta alde egin zuen. Hamar minutuko eskola izan zen. Horrelako aukera baten aurrean gela berehala utziko genukeen normalean, baina, guztiok formulari begira geratu ginen. Oihane bere koadernoan zerbait idazten ari zen. Ez zuen denbora luzeegirik behar izan arbeleko formula ulertu eta gainerakooi azaltzeko. Izenordainen lekuan sinbolo kimikoen zenbaki atomikoak jarriz gero batuketa bete egiten zen.

Asteazkenerako irakasle haren izena Antton Zabaleta zela jakin genuen, baina besterik ez. Bigarren egunak ere lehenengoaren bidea hartuko zuela zirudien. Ezer esan gabe HIEK idatzi zuen arbelean. «Zer da hau?» bota zuen airera. Sekula ez zigun galderarik banaka egin, beti talde osoari zuzendu zitzaion. Eta horrelako kasu gehienetan gertatzen zen bezala, Oihanek erantzun zuen. «Hidrogenoa, Iodoa eta K potasioa, baina E ez da sinbolo kimikoa». «Eta hiek zer uste dinae?» galdetu zigun gainerakooi hain modu bitxian. «Ados haudete hien lagunarekin?». Guztiok, Oihane barne, mutu geratu ginen, baina ez zirudien gure erantzunik espero zuenik. Hizketan jarraitu zuen. «Hiek badakinae zertarako ikasten dunaen kimika? Badakinae kimikak zenbateraino eragin dezakeen hien bizitzetan? Badakinae kimikarik gabe ez haizetela ezer?». Galderetan bertan ustezko erantzunak zekartzaten itaunak egin eta egin igaro zuen ordu osoa, bat-batean eta lehor «eskola amaitu da» bota zuen arte.

Bukaeran lehenengo egunean baino harrituago utzi gintuela uste dut. Alde egin zuenean Oihaneri begiratu genion guztiok. Azalpen baten beharra geneukan. «Hieka aritu zaigu. Bigarren pertsona plural berria asmatu du eta, ez hori bakarrik, bere adizki guztiak ere bai. Noka egitearena gehiengoa neska garelako izango dela pentsatzen dut». Oihaneren hitzak ere ez ziren argiegiak. Gure ezin ulertua igarrita, arbelera atera eta adibide batzuen bidez azaldu zigun.

Ostiraletako eskolak gainerako egunetakoak baino urriagoak izaten ziren. Beti baziren azaltzen ez ziren hiru edo lau, baina ostiral hartan aulki guztiek zuten beren ipurdia. Erabat zelebretuta etorri zen. Atorra orbanez beteta zeukan eta galtzetatik aterata zekarren gerriaren ezkerraldean. Atetik arbelerainoko bidean hankek hiru S gutxienez marraztu zituzten lurrean. Klariona hartu eta arbelean PNV= EA-HB idatzi zuen. «Gas nobleei gertatzen zaiena gertatzen zaio alderdi bizkaitarrari» hasi zen hizketan. Mozkor ikaragarria zuela nabarmena bazen ere, ahotsak ez zirudien mozkorrarena. Hala ere, keinuek eta itxurak erabat salatzen zuten. «Noblezia kenduz gero, gasa soilik geratzen da. Eta zer da ba gure alderdi jeltzalea, gasa ez bada?». Politikaz jardutea nobedadea zen guretzat. Urte hartan edo aurrekoan izango genituen politikari buruzko lehenengo eztabaidak, baina hain gordin hitz egitea berria zen. Are berriagoa, horrelakoak irakasle bati entzutea. «Euskal Herriaren puzkarra. Horixe dira. Beraiek dauden tokian kaka hurbil ibiltzen da. PNVk beti dakar gorotza atzetik». Oihu ozenegiak ari zen egiten.

Ordukoa ere eskola laburra izan zen. Bi irakasle sartu ziren gelan eta beso banatatik hartuta eraman zuten. Ez zuen kontrako indarrik egin. Irteten ari zirela «hurrengo ordura arte, alde egin dezakezue» esan zigun bietako batek. Ez genuen gehiago ikusi. Hurrengo asteetan gure artean bizirik iraun zuen gertakari hark. Oraindik ere, garai hartako ikasleekin elkartzen naizen bakoitzean gaietako bat izaten dugu bera.

Eskela ikusi dudanean bigarren eskola hartako galderak etorri zaizkit burura. Bizitza eta kimikari buruzko galdera pila bat egin zizkigun. Ezagun zen kimikari garrantzi handia ematen ziola eta gai asko lotzen zituela kimikarekin, politikarena barne. Eskelan argazkia, bere izena eta esaldi bat baino ez daude. Ez dakar ez familiakoen izenik, ez hileta elizkizunari buruzko informaziorik, ez eta heriotzaren zergatirik ere. Bitxia iruditu zait baina bere neurrira egindakoa: Antton Zabaleta, 2004ko irailaren 21ean eraman zuen Heliok.
Asier Iriondo Eguren

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli