Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
igartua_12.png
 
Ehunduz igual
Gaur haria etenda bezala sentitzen naun, eta hutsetik ehuntzen hasi beharrean nagoela pentsatzeak nekatu egiten nain. Eta hirekin akordatu naun, gure etxe atzeko balkoian, behin eta berriz sarea ehuntzen dun armiarma horrekin eta hik ehundu ahala nik, hautsak ganoraz astintzen ditudan bakoitzean, suntsitzen dudan bizi-sarearekin.

Erabakiz, amorruz esango ninake, ezerezten dinat hire ehungintza artetsua, noiz edo noiz gure alaba, atzeko balkoira ematen duen gela urdinean ziztatu izan dun gauak gogoan; aspaldiko ziztadak aitzaki, aspaldiko mendeku gurak asetzen bezala. Ganoraz, amorruz, erabakiz suntsitu, arretaz, soseguz ehundutako hire izatea.

Honez gero haserre edukiko haut; edo agian haserre ez, beldurrez igual, hurrengo, balkoian nire trapu zuria eskutan noiz azalduko naizen beldurrez; edo ez, edo nekatuta izango haiz, hire egite hauskorra onartuz, eta berriz eta berriz eta berriz izaten hasi beharraren markaz jaio ote hintzen pentsatzen, ehundutakoa zaintzeko
gai ez eta etsiko dunan behingoz, ala ez, deliberatzen izango haiz agian, isilik.

Eta errukitu egin naun, armiarma nire balkoikoa, errukitu higatik, armiarma azti, langilea; inoiz ikusi ez haudan armiarma beltz-atzeko balkoitakoa. Eta gero esan nahi izan dinat badakidala neke horretaz apur bat, eta ez gaituela hi edo ni sortzeak nekatzen, sortzean garelako egiten, ehundu ahala bizitzen; baina nekatzen gaitin, igual, sortzea ere errutina bihurtzeak; edo inorentzat ezer ez izateak, gure eskaintza inork ez jasotzeak; edo edozeinek trapu zuri-zuri batekin gure egintza zapuzteak.

Ez dun haserrea, ez; ez dun beldurra, ez; dun nekea.

Eta horrelakoxe burutazioetan, eta burutazioz- burutazio, atzeko balkoira atera naun erreka-haizea arnastearren, eta balkoia arakatu dinat hi topatzearren. Alferrik gaurkoan ere; baina nire burutazioek iraun bitartean ehundutako hire sare dotore, delikatua deskubritu dinat berriz, edo lehendabizikoz hamaikagarren aldiz; ihintzetan busti-busti, eguzki printzetan zintzilik, isilik.

Hantxe zegonan, hi ez bahengoen ere, hire sena sarean. Behatu haut hire izate ederrenean, eskarmentuak eta gero sortutako bide berrietan.

Inguruak txukundu dizkinat ganoraz.

Eta ez haut trapu zuriarekin desagerrarazi.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli