Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
hintzena.gif  
pdf  
 
HINTZENA 
Goizero bezala, Patxi mutilzaharraren etxe aurretik igaro  haiz eguneroko paseotxoa  emateko asmoarekin. Gaur  ordea, ezusteko batekin topo  egin duk, zerbaitek eten dik hire pausoa.  Begiak tinko jarri dituk atariko BH gorrian. Bat-batean begirada lausotu eta hire burua Tourmalet-eko gainean irudikatu duk, Bahamontes, Galdeano, Otano,  Suarez eta Luis Perez-en alboan. Gogoan  dituk urte zoragarri haiek.
Eta Getxoko criterium-a, punta-puntako txirrindulariek parte hartu zuten lasterketa hura, ahaztezina duk. Anquetil,  Charlie Wolfe, Loroño eta Poblet bera han   hituan, anaia eta hirekin batera. Jendetza  itzela bildu zuan; kaleetako oihuak, txistuak, txaloak, animoak... Hire memorian  oihartzuna ditek oraindik.
Poblet eta De Rigaderekin batera buruz  buru jarri hintzeneko azken ehun metroak, atzo bertan jazo balira bezala sentitzen  dituk. Bien gurpilean abiatu hintzen, pelotoia atzeratzen ari zen bitartean. Burua  altxa eta helmuga bertan ikusi huen, pare  bat kilometrora besterik ez. Ezpainak estutu, bi eskuak gogor eskulekuan eta eraso bortitza  jo huen, hire azken hatsa.

Lortu huen, azkenean. Besoak gora  eta txapel beltza buru gainera. Urrezko  aroaren hasiera besterik ez zuan izan,  erreskadan etorri hituan gainerako lorpenak eta ametsa errematatzeko, Tour-a  korritzeko deia jaso huen. Eskuin belaunean nabaritu duan sastadak ordutik 40 urte igaro direla gogoratu nahi  izan dik. Hasperen luze baten ondoren,  paseoari ekitea hobe dela pentsatuz,  abian jarri haiz.

Buelta erdia ematerako, begiak berriro  ere bizikletari so geratu dituk, salatu egiten haute, iman baten modura erakartzen dik hire arreta. Eta hasiera haiek  etorri zaizkik oroimenera.

19 urte besterik ez hituen anaiaren eta  bion artean lehenengo bizikleta alokatu  zenutenean, Oiarbidek utzitakoa. Afizionatu mailan harekin ibili hintzen, huraxe  izan zuan lehen pedalkadetako hire bidelagun. Zenbat buelta eman ote zizkian  igande arratsaldetan Nafarroa aldera!  Euskal Herriko txoko gehientsuenak ezagutu hituen bi gurpil haien gainean.

Hirea, propioa, iritsi zuan arte: Orbea  gorri bat, aluminiozko koadroa zian, aparteko distira, liluragarria benetan. Altxorra  hiretzat. Egunero garbitzen huen paseoa  eman ondoren, zuzenean etxe atzeko baratzera joaten hintzen, aita zenak landareak ureztatzeko erabiltzen zuen mangera  hartu eta zilarra bezain garbi gordetzen  huen, biharamunera arte.

Entrenamenduetan ere fin-fin ibiltzen  hintzen, goiz eta arratsalde, negu nahiz  uda; euri jasatan ala eguzki galdatan, ez  huen bat bera barkatzen. Gipuzkoako  txapelketak botaarazi zizkian lehen izerdiak, Milan San Remok hortzak erakutsi  zizkian; eskarmentu apur batekin ekin  hion Espainiako Itzuliari, berde samar  ordea, artean. Italiako Giroan paparazzien botereaz jabetu hintzen, eta Frantziako Tour-a helbururik gauzatuena izan  zuan. Sakrifizio guztiek onurak dakartzatela ikasi huen, eta ametsak egia  bihurtzen direla ere sinetsi huen.

Patxiren bizikleta hartzeko tentaldiari  ezin izan diok eutsi. Heldulekua bi eskuekin hartu, eskuineko hanka aulki gainetik pasa eta ezker oina dagokion pedal  gainean jarrita txirrindulari sentitu haiz,  berriro ere, segundo batzuetan. Nahi,  baina ezin. Hainbeste eman dian tramankuluak aurre hartu baitzian; azkenean, hi bihurtu hintzen errepidearen helmuga. Marraren bestaldean zer dagoen  ikustera gonbidatu hinduen.

1963ko Frantziako Tour-a malapartatua  izan zuan. Estreinakoa eta azkena hiretzat. Parisko kaleetan barna lasterketa buruan hintzen, 160 km bakar bakarrik eginak hituen, atzetik arimarik ere ez huen  ikusten. Helmugarako  azken kilometroko  pankartapetik igaro hintzenean, bihotza  taupada bizian entzun huen, bizikleta gaineko ibilbide osoa plano laburrean igaro  zuan hire oroitzapenetatik. Inortxok ere  ezin hinduan geldiarazi. Burua altxa eta  hor aurrean ikusi huen, zapaltzeke, inoizko marra zuririk lodiena, hire jomuga,  ametsik beteena.

Bat-batean, ordea, tupustean, hire aurrean bihurgune itxi-itxia agertu zuan.  Astirik ez huen izan galgatzeko, aurreko  gurpila dantzan hasi zuan eta konturatzerako anbulantzia barruan hintzen, sirena  deiadar batean zela ospitalerako bidean.

Zortzi egun ohetik altxa gabe, hilabete  eta erdi mugitu ezinda, belaunezurra  txiki-txiki eginda, eta agur bi gurpilen
gainean jartzeari. Abiadura bizian jaitsi  hintzen, konfiantza gehiegirekin agian,  azkar iritsi nahi huen helmugara. Agudo  eta ondo, usoek bakarrik egiten diate hegan. Podiumean, gorengo koskara igotzerik ez huen lortu. Ez eta lore sorta  ederrik jasotzeko aukerarik ere. Klik alde  batetik eta klik bestaldetik. Hurrengo  eguneko egunkarien orrialdeak bete hituen, ez ordea hik nahi huen moduan.

Helmugako marrarik ez huen zapaldu  eta inoiz gehiago ezin izango huen errepikatu besoak altxatzeko keinua. Hogeita sei urte besterik ez hituen. Sendatuko  hintzen gerora, baina berriro hasteko  animorik ez huen. Ezin huelako lehengo  bera izan, alferrikakoa zelako.

Orain ere, hobe izango duk Patxiren bizikleta zegoen lekuan uztea. Harro egoteko moduan haiz horratik, Jazinto! Karrera  hainbat milioi irabaziz gero, ondo geratuko hintzen.
   
 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli