Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
odolkiak_ordainetan1.gif    
Irudia: Kristina Fernandez  

 

ODOLKIAK ORDAINETAN 

Zanbuluka egin zuen gertueneko bizilagunarengana eramango zuen bidexka bihurria, zanbuluka, noiz irauliko zihoan gurditzar bat bailitzan.

- Nolatan hemen, Pedro? –galdetu zuen etxeko nagusiak harrituta.
- Txerria hiltzeko aizto txukunen bat izango duzulakoan etorri naiz.
- Aiztoa? Bai, nahi adina. Josepa! Ekar iezaiguzu kafe bana!

Etorri berria sukaldera sartu bitartean, aiztoaren bila joan zen etxeko nagusia. Ukuilu ondoko gelatxo batean sartu zen, eta bertako kaxoi bakarretik egunkariorritan bildurik zeukan aiztoa atera. Begi-bistakoa zen berri-berria zela; bonbilaren argitasuna zela medio, hara zer-nolako distira bota zuen; maltzurraren keinua zirudien.

II

Txerriaren kurrixkek ukuiluko bazterrak urratu zituzten; heriotza-unea usnatu zuela esan zitekeen. Haizearen alde banatan zeuden gizasemeak; txerria, berriz, haien erdi-erdian. «Sagua banintz», pentsatu zuen gizarajoak, bai baitzekien modu hartara zirrikituren batetik alde egingo zukeela. Alferrik, ordea: Agustinek metro eta erdiko soka zeraman, zeinekin animaliaren lepoa estutu zuen. Zer edo zerk lepoa estutu ziola ohartzean, ezker-eskuinera nahiz ipar-hegoaldera astindu zuen burua. Baina ahaleginak orduan eta gehiago estutu zuen.

- Eutsi txerri madarikatu honi! –agindu zuen Pedrok gizakiarena baino gehiago trumoiarena zirudien ahotsaz. Animaliaren hanketara jauzi egin zuten beste biek. Astinaldi bortitzak jo zituen txerriak, baita gizon bat lurrera bota ere.
- Altxa hadi, Tomas! Ostia! Heldu iezaiok atzeko hanketatik! –Pedrok, kezkati. Tomasek, esaneko, esan bezala egin zuen. Sokari tira egin zion gogor asko Agustinek; erremolatxa-kolorea hartu zuen Joxe aurreko hanken indarra menpean hartzen saiatzen zen bitartean.
- Hor, hor! Txerri puta halakoa! Eutsi hor! Eutsi, nik hankak lotu bitartean! Halaxe, entzumena pitzatuko zukeen kurrixka artean Pedrok hankak lotu zizkion txerriari, zeinek Herioaren itzala antzemanda hor nonbait, orduan eta urduriago bota zituen kolpeak.
- Gurea duk! Ostia! Jaso dezagun mahaira! –esan zuen Pedrok, begietan pozaren txinpartek dantzatzen zutela.
Neke handiz jaso zuten txerria. Mahaiaren kexua entzun zuten, bertan hautsiko ote zitzaien pentsatzeraino.

- Tira orain fuerte, Agustin! –mahai azpitik bizilagunak utzitako aiztoa atera zuen, eta:

Txerriaren eztarria zulatzen saiatu zen; baina aiztoaren metal garbian ispilu batean bezala Herioa ikusi zuelako-edo, sekulako astinaldiak lurrera bota zuen Agustin, baita Pedrori eskumuturrean hozka egin ere. Ulu batez bazterrak zartatu zituen Pedrok; minaren minez zimurtu egin zitzaion aurpegia.

- Txerri madarikatu-puta halakoa! Ostia! Ia eskumuturra jan zidak nazkagarri-zikin
honek!

Odol-tantaz zipriztindu zen mahai ondoa.

- Eutsi txerri ostia honi! Eutsi, nik odolustuko diat eta!

Lurretik aiztoa hartu eta ondo kostata, baina azkenean: txerriaren eztarria zulatzea lortu zuen. Iturri hark, bat-batean, odolez bete zuen ontzia.

III

- Ikusten al duzu, Josepa?! –esan zuen senarrak haserre baino gehiago minduta.

Aiztoari punta falta zitzaion.

- Hara! Berria zen aiztoa eman eta... Ba ote dago eguzki honen azpian Pedro baino gizon zabarragorik, gero?! Hutsa, honen berri eman balit sikiera!

IV

Mahaiburuan jarri zen Pedro, ohi bezala. Baratzeko tomateak baino gorriago zeuzkan masailak.

- Ea, bada, nolako odolkiak atera diren.

- Oso itxura onekoak dira, behintzat –esan zuen emazteak, harro.
- Babarrunak odolki eta hirugiarrarekin. Ez du erregeak, ez, honela jango! –eta algara zaratatsu batek baserriko zutabe zaharrak dardarka jarri zituen.

Sekula santan jan ez balu bezala hasi zen Pedro, ezpain-ertzetik jana zeriola, txerria baino okerrago.

- Ostia! Piper lakatzen batek urratu dit eztarria! –esan zuen Pedrok. Barreak ahoa ireki zion, non txiki-txiki egindako odolkihondarrak jarri zituen begi-bistan. Berak ez zekien, ordea, ustez piperra zelakoan aiztoaren punta irentsi zuela.

Platerkada bete babarrun buka bezain pronto, beste bat eman ziezaion agindu zion emazteari, zeinek, esaneko, beste platerkada babarrun jarri zion; baita odolki-puska on bat ere. Txerriak aspilean bezala, halaxe bukatu zuen hura ere.

- Ostia!, oraintxe jarri nahiz kaka-pila egiteko moduan –gustura, irribarreak aurpegia lehertzear jarririk ziola.

Gutxi barru, ordea, aieneka batean hasi ez zen, bada. Sabelera bota zituen eskuak bat-batean, eta tolestu, aizkorakadaz aizkorada enbor batek egingo zukeen modura. Ahoa zabaldu zuen: azken hitzek odoletan blai jo zuten lurra.

 
 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago