Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
gartzianekoa1.gif  
Irudia: Kristina Fernandez  
  
GARTZIANEKOA  

Atea. Aspaldian ez dio ate berdeari erreparatu. Pintura azal berria du. Xehetasun txiki horrek erakarri du bere arreta. Egunero amarenera
bisita egiterakoan ikusten ez duen atea du aurrean. Biziberriturik. Ahaztua zuen ate horrek irekitzen zuen munduak han jarraitzen zuela. Bisitariaren zain.

Aspaldi itzali ziren ate horren osteko ekonomika handiaren sugarrak. Etxeko guztien joan-etorriak, hizketaldiak, mutututako mundu zaharra irekitzen zuen ate harek. “Gartzianekoa”.

Ez zuen zehazki gogoratzen noiz jakin zuen auzoko taberna-jatetxean bizi zela. Bera bezalako umeek traba eta enbarazu baino egiten ez zuten mundua zen hura. Oroimenean galduta. Baina zenbat tentazio aizue! Afariketan jolasteko mundua zen, umeentzat debekatua zegoena.

Familia bere esanahirik zabalenean batzen zen Gartzianeko sukaldearen bueltan-bueltan. Animalia eta guzti. Katuak eta labezomorroak. Biak odol hotzeko animaliak begitantzen zitzaizkion, biak ere berotasun bila ekonomikaren epelean bistaratzen baitziren. Behiak ere ba omen ziren, baina berak ez zituen ezagutu. Oiloak eta txerriak bai baina. Aitaitarekin joaten zen oilotokira. Aitaitak oiloak gobernatzen zituen artean, batari zein besteari azkenengoz jarritako izenaz ezin gogoratuta berriak jartzen jarduten zuen; izenak jarri eta gero atzera nola gogoratuko ote zituen asmatu ezinik. Azkenean, arrautzak batu eta pozpozik berak errun balitu bezala itzultzen zen sukaldera. Eta gorringo bikoitzekoa bazen… hura poza!

Txerriak oilotoki azpiko txokoan egoten ziren. Beno, ziren ez. Aldian bakarra.

Etxekoak sukaldeko mahai bueltan tipula kilo mordoa zuritzen hasten zirenean, berak ganbarako bidea hartzen zuen. Tipula usain sarkor harek heriotzarena zekarren berarekin. Txerriarena. Ganbaran ere ozen asko, ozenegi entzuten zituen txerriaren kurrixkak.

Tipula eta sagarra. Hainbeste urteren ostean sagarraren usain gozoa gogoratzeko gai zen. Patatak eta artoak, ostera, lur zaharraren usaina zuten. Sudurrean itsatsita zuen usaina zen hura, denborak ezarritako ahaztura gainditzen zuena. Aitaitak artajorran egin behar zuenean, egurrezko aulki txikian eseri, zumitzezko otarra hanka artean hartu eta «aitaita, aitaita, kontatu berriz ardiak galdu eta itsasoko uhinak ardiak zirelakoan itsasora salto egin zuen artzainaren ipuina!». Eta bai, kontu-kontari jarduten zen halabeharrez. Beharko, umeek ez baitzuten
bakean uzten. Eta «baina umeak, ez al duzue ikusten lanean ari naizela ala», erdi haserre erdi irribarretsu, kontatzen zituen kontatu beharrekoak.

Sagarra eta tipula, eta amaren malkoak elizan. Jai eguna prepezioz jantzi eta gurasoekin mezetara joateko eguna izaten zen. Ez zuen atsegin. Behin elizako irudi, idatzi eta inguruko bizilagunen orrazkera eta janzkerei erreparatuta, meza noiz amaituko jartzen zen. «Han, jaiki dira», orain apaizak «zoazte jaunaren bakean» esango du eta orduan gainontzekook «eskerrak zuri jauna» esan eta ospa! Baina ez zuen beti asmatzen eta amaren pazientzia agortzea ere lortzen zuen. Geldirik ez zelako egoten batzuetan, eta besteetan amaren begi malkotuei begira, amak negar zergatik egiten zuen asmatu ezinik, begiratu beharraren begiratu beharraz, bere intimitatea bortxatzen zuelako.

Amari malkotzen zitzaizkion begiak lehenengo solairuan ere. Amama bizi zen lehenengo solairuan; gaixorik ezagutu zuen beti, eta behinean amarekin bere logelara hurbiltzen zenean ez zituen harek esandakoak ulertzen. Logelako ate ondora hurbildu orduko amamak «y tú quién eres?» galdetuz egiten zien harrera; amak irrifar urduriz eta begi malkotuz begiratzen zion «nagusitzen zarenean ulertuko duzu maitea» esanez. Hura hil zenean, amama Martinak «burua galdu zuela» azaldu zioten. Ez zuen esamolde hori ulertzen. Amama burua galdutakoa baino, denborak bere aurrerabidean bazterrera lagatako emakumea iruditzen zitzaion. Bere logela epelean, denborak ez zuen egun berririk argitu. Eguneroko bazkaria prestatzeko beharrezkoa zuen sua nola piztu ez zekiela, sabelean hazi zituen semealabak
noiz galdu zituen asmatu ezinik galdu zen.

Eskaileretan gora ez da entzuten orduko auzoko zaratarik. Garai batean, auzoko festak izan zein asteburuetako afari eta bazkari zaratatsuak, tabernako trikiti hotsak nahi ala ez sartzen ziren ondoko etxeetako leihoetatik barrura. Ia ahaztuak ditu orduko kontuak. Lehenengo solairua arteko baldosazko hamalau eskailera mailak eskubandari helduta igo ditu, banan-banan, irribarretsu. Kontatuak ditu, bost urte baino ez zituenean hamalaurak zilipurdika jaitsi zituelako.

Osaba bizi da lehenengo solairuan aitaita eta amamaren jaiotetxe izan zen pisu zaharberrituan. Amama zenak ez luke orain bere logelarako bidea zein den asmatuko.

Bigarren solairuan bizi dira oraindik gurasoak. Arrebak ireki dio atea. Egunero bezala. Bera iristearekin amaitzen da arrebaren txanda. Ama bere betiko aulkian eserita dago. Sukaldean. «Arratsalde on, ama!», amak begiratu eta «¿y tú quién eres?» erantzun dio. Egunero bezala. Arrebari begiratu eta, «tira, zoaz, ni geratuko naiz orain berarekin eta». Sagarra eta tipula.


Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago