Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
jazarpen1..._valois.gif  
pdf  
 
JAZARPENAREN LABIRINTOAN, 
IZUAREN AMILDEGIAN 
Laurak Esnatu da, izerditan,pijama bustirik. Burua jiratuz,erlojuari so egin dio: goizaldeko laurak. Loaldia bat-batean moztua beste hainbatetan  bezala.Atsekabetu egin da; berriz,pentsatu du, barruko sugearen pozoiarekin borrokan, beste gau batez.

Bostak. Pentsamendu ilunak deika sentitu ditu, amesgaiztoen tokia hatuz; atzeko  atetik barruraino sartzeko prest,baimenik eskatu gabe; lotsarik  gabe , etsai gorrotagarri baten gisa; goizaldeko loa eragozteko berriro; nahasketa eragiteko behin eta berriz, bere baitan; mamu bisitariak dantza eroen ilunabar bakartian.

Burua nahastuta du, makal, bihotza taupadaka, urdailean estutasun larria; isolamendu beldurgarri eta hertsia. Izua.

Seiak. Lau bat aldiz gehiago so egin dio erlojuari, azkeneko aldian, seiak. Uzkurtuak dago.

Zazpiak. Alarmak lo sakonetik atera du.

Zazpiak eta bost. Esnatzean indargabetua sentitu sentitu  da , hankak ahul, burua motelduta; izuaren muga ikusiezina gaindituta, gaitz erdi; ke ilunak desagertuak; jaikitzeko bidea libre; sufrimendua izaren artean lo izoztutako izerdiarekin batera; egunerokotasunari ekiteko prest.

Zazpiak eta hamar. Komunera abiatu da; ispiluaren aurrean jarrita, saiatu da zerbait arroa antzematen bere bisaian; aitzakiaren bat bilatzen berriz oheratzeko; bere egonezinaren arrasto nabarmen bat edo, bere sufrimenduaren aztarna ñimiñorik sikiera , beste aldeko munduari atea ez zabaltzeko, bizitza etenda uzteko; alferrik ordea, bere betiko irudiarekin topo egin du.

Zazpi eta laurdenak. Dutxara sartu da, ur beroak dakarren goxotasunean pentsatuz;  makurtuta, urak bere gorputza  astindu du , ia erretzeraino. Sorgortua dago. Ez du indarrik ezertarako.Zaila zaio argitasunez pentsatzea, baina eguneroko liturgia amaigabeari ekin behar dio izuaren atzaparretatik ihes egiteko.

Ezin du gehiago.Askotan dena pikutara bidali nahi du,baina gero, indar gehiegirik  gabe horretarako, atzera egiten du, aitzaki merkeaz baliatuz bere kontzientziaren  ahots lotsagabeak isilarazteko.

Etxeko atea itxi eta kalera  abiatu da.

Zazpi eta erdiak. Autoaren bila doa; ohartu egin da zein sentibera, zein  makal dagoen ; edozein gertakariren  aurrean portzelana bezain hauskor sentituz.

Ez da gaurko kontua, badaramatza hilabete  batzuk zama horren  pisua gainean duela. Hasieran ez zion garrantzi  handiegirik  eman nahi ; xehetasun hutsalak baino  ez ziren, eraso txikiak, ia ikusiezinak, kate bereko ekintzak hala ere, ez kasualitatez sorturikoak; helburu berbera zutenak, alegia, bera suntsitzea edo behintzat setiatuta sentiaraztea.

Orduan, uste zuen gauza izango zela garaile ateratzeko baina, honezkero, badaki zenbat sufritzen adi den egoera horretan eta zein aldapatsua egiten zaion dena; helbururik gabeko sufrikario bakartia; itxaropen gabeko amaiera.

Nolabait, orain  egoera hori bere unibertso osoa bereganatzen ari da, era bortxatzaile , absolutuz; gupidarik gabe  bere muinetaraino sartzen eta bere mundua  esperantzarik gabeko ezkortasunez kutsatzen.

Zergatik  gertatzen zaio hori guztia? Zein da bere errua jazarpen hori jasotzeko?

Ez du erantzunik aurkitzen bere buruari mila buelta eman arren; bakarrik zera daki, egindakoek mina emateko helburua dutela  jabetu denetik, gertakariak jasanezinak bihurtu zaizkiola. Beti erne egotera behartzen dute, erabateko aditasunera, beti badaezpadakoan , atsedenik gabe, erasoa noiz eta nondik etorriko zain. Alerta gorrian, uneoro.

Oraindik ere zeharo ulertezina egiten zaio gertatzen  ari dena, batez ere era  arrazionalean ulertu nahi duenean. Horrelakoetan, estutasunak harrapatu egiten du, berriro ere; gehienbat ez dutelako ulertzen zergatik gertatzen zaion berari . Merezi al du? Ez la da koherentea, langile arduratsua? Zergatik  bilakatzen da pertsona bat arriskutsu beste batentzako? Noiz? Zeintzuk dira arrazoiak horrela jokatzeko?

Burua argi duenean, jazarpena, duintasunaren aurkako erasoa dela pentsatzen du. Jarrera koldarra da oso, zitala, besteari nortasuna lapurtu edo kendu nahi diona, ezerezean bilakatu arte.

Zortziak laurden gutxi. Hausnarketa horietan murgilduta doa errepidean, pentsamenduak bira azkarrean, sentipenak hegan; labirintoan dagoela sumatzen du, amildegitik gertu, gertuegi akaso; ez du ikusten  ihesbidea non dagoen , ezta dagoenik  ere; guztiz harrapatuta  sentitzen  da; oso nahaspilatuta ikusten du egoera; zerbait konpondu nahian edo, hariak  gero eta gehiago korapilatu egiten direla.

Baina gauza guztien gainetik bakardadearen nekea sentitzen du. Bere baitan, anabasa  eta izuaren puzzle bukaezina.

Etsipenaren aurkako borroka luzeegia suertatzen ari da, askotan zentzugabea; erreferentziarik gabekoa; hain da barrenkoia, subjektiboa , ezen zaila izaten da beste norbaitekin sentipenak , frustrazioak partekatzea. Borroka antzua. Ezintasunaren aurkako guda galdua. Sufrimendu kontzientearen garaipen jasanezina.

Zortziak. Autotik atera da. Aurrean lantokiko atea: ohian basatira sartzeko unea.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli