Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
 
CLINT 

Telebista piztean Clint agertu da. Kale-bazter lohi eta kirastu batean dago. Oraindik sostengatzen zaizkion hiru hortzak erakusten dizkio kamerari, irribarre zabal eta tolesgabean. Irribarre bihurria eta makurra. Groteskoa. Tekla beltz gehiegi dituen piano zaharra dirudien irribarrea. Clint ez da bere benetako izena, Piotr baizik, baina Clint izen dotorea da. Apaizak auzoko osasun etxean larunbatero ematen dituen filmetako heroiak bezala: Joe, Bill, Bud, John... Izen dotoreak guztiak. Cowboy izenak. Alta, bere gogokoena Clint da, zalantzarik gabe. Duela bi aste “The Good, The Bad, The Ugly” filma eman zuten. “Hori bai pelikula bikaina, hori”. Bertan, heroiak erriflearekin tiro egiten zuen eta urkamendian, lepotik zintzilik, hilzorian zegoen gizagaixoaren soka moztu. Oilo narrua jartzen zaio Clinti eszena hori ikusten duen bakoitzean. Berak ere pelikuletako Clint horren antza badu, edo horrela uste du behintzat. Luzea da, eta argal-argala, eta aurrekoan zapi gorria aurkitu zuen ibai ertzean. Zapia lepoan, benetako “gentleman”-a dirudi. Auzoko lagunek Clint deitzen diote, eta baita errespetuz tratatu ere. Berea bezalako izen batek errespetua sorrarazten du jendearengan. Gerrikoan sartuta daraman pistolak ere laguntzen du.

Odesatik bost kilometrora dagoen fabrikan lan egiten du Clintek. Zaindaria da. Gaueko txanda. Lanpostua lortu zuenean, nagusiak ez zion uniformerik edo linternarik eman. Pistola bai, ordea.


Gauez furgoneta gurpilak edo plastikozko edukinontziak lapurtzera doazenei egiten die tiro. Baina ez da hiltzailea, ez horixe. Arma zerurantz destatu eta abisu-tiroa egiten du beti, lapurrei zangoetara disparatu baino lehen. “Inguruko herrietako nerabeak dira gehienetan”, esan du mikrofonora hurbilduz, “baina asmo txarrez badatoz, badakite nor izanen duten hemen zain”.

Auzoko gaztetxoak liluratuta daude Clinten pistolarekin. Honek tiro praktikak egiten uzten die, ondo portatzen badira betiere. Tipo jatorra izateaz gain, haurrekin ezin hobe konpontzen da. Oso tiratzaile ona da, gainera. Odesako tiratzailerik onena, askoren ustez. Gerran aritu omen zen soldadu, aspaldi. “Horiek bai garai onak, horiek”, esan du, kazetariak horretaz galdegin dionean. Soldata majoa, soldadu profesionalarena, eta ez orain fabrikan irabazten duena. Tiro batzuk bota, zure aberria suntsitu nahi duen jendilajea akabatu eta egunero ogia zure familiarentzat.

Emaztea duela bi uztaro zendu zitzaion Clinti. Berunaren bidezko pozoitzea, esan zioten medikuek. Baina ezin kexa daiteke, batez ere auzoei so eginez gero. Berak, gutxienez, badu lanik, eta semea elikatzeko adina diru. Ezin kexa daiteke, ez. Alta, gerra garaian, soldadu baten jornalarekin, auzoko guztien inbidia sorraraziko luke: Arropa berria, hiru otordu egunean, berunik gabeko ura... Agian telebista ere erosiko luke. Orduan bai, orduan akabo tristura, adio janariarengatik borrokan egiteari, agur kola esnifatzeari oren amaigabeak azkarrago igaro daitezen. “Zergatik ez dugu gerrarik?”, galdetu du Clintek, apur bat atsekabetuta. “Armak behintzat, badaude. Kamioi batek ekartzen ditu egunero fabrikara”. Gero, irriz, marfil horizko hortzak erakutsi eta eskua bekokira eraman du, kamerari keinu militarra eginez. Segituan iragarkiak hasi dira.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli