Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
orduko_zinemak.gif  
pdf  
 
ORDUKO ZINEMAK
Gure ohiko jantziak praka motzak zirenean, ez bat, ez bi, hiru zinema genituen herrian. Bata, herriaren goialdean zegoen eta “Odeon” zuen izena. Harroena, zalantzarik gabe, bere neonezko argikeinukariak piztuta gaueko saioetan. Bestea, erdialdean errekaren ondoan aingirez eta barboez inguraturik. Honek izen bat baino gehiago izan zituen. Oso aspaldian, “Parroquial” esaten zioten eta Serafino parrokoak izaten zuen zinemaren ardura. Berak ikusten zituen herritarrek baino lehenago pelikulak eta behin baino gehiagotan moztu egiten zuen filma herritarren morala kalteturik suerta ez zedin. Gerotxoago, beste izen bat hartu zuen: “Cine Elgoibarres”. Ez zen “Odeon”- a bezain txukuna, baina bakeroen película onak ematen zituzten eta horrek ukitu berezia ematen zion tiro-hotsen eta komantxeen oihuen artean Ipar Amerikako lautada zoragarrietan eurekin batera trostan joateko. Eta hirugarrena, zutik dirauen bakarra, “Capitol” da eta behealdean dago: aurreko biak porlanak eta herritarren diruak lurperatu dituzte-eta. Ume denboran harako joera handirik ez bagenuen ere, orain derrigortuta gaude bertara joatera, baldin eta pelikularen bat ikusiko badugu.

Ez dakit nahita egingo zituzten, baina orduko zinemak ezin hobeto zeuden kokatuta. Ez zegoen inolako aitzakiarik zinemara ez joateko: guztiak norbera bizi izan ohi zen etxetik oso gertu egoten ziren. Eta gainera, pelikula hasi aurretik propio ekarritako kiosko ibiltarietan aukera handia izaten genuen litxarreriak erosteko. Ez dakit nire irudipenak ez ote ziren izango, baina kaleko eszenatokiak ametsez eta irriz margotzen zuen gure arteko giroa. Hantxe egoten ziren gure zain sugusak, pipak, erregalizak... Hain ziren goxoak! Gure begirada inozoa gozokietan pausatu eta... Horrelako bi eta... horrelako bat. Paper zatia eta arkatza hartu eta... Pezeta bat eta berrogei zentimo esaten zigun gurpil-aulki batean ezagutu genuen Ibarrak. Poltsiko sakonetan eskutxoa
murgildu eta arrantzan aritutakoak bezala txanpon txikiak atera eta... Hartu! esaten genion.

Niri orduko zinemen tamainak atentzioa ematen zidan. Hain ziren handiak, ezen inurri baten itxura hartzen baikenuen orduko egurrezko besaulki deserosoetan. Sarri askotan aurreko aulkiaren ertzari helduta jarraitzen genuen zuribeltzean behin baino gehiagotan ikusitako pelikula. Eta luzera! Hori zen luzera eta ez oraingo zinemena! Mutur batetik bestera gorengo futbol zelaien bestekoak ez baziren ere, hortxe-hortxe ibiliko ziren. Niri, behintzat, hori iruditzen zitzaidan aurreko lerroetara lagunen bila neskatxoen aurretik igarotzen nintzenean, eta nire belarrien atzean irriñoen kilika eta Fakundo pipen kraska entzuten nituenean. Hala eta guztiz ere, errugabetasun honen barruan ezin laga ditzaket alde batera zenbait egunetan eginiko bihurrikeriak. Amamak emaniko aste-saria motz gelditzen baldin bazen, zinema inguruko zoruan sakabanatutako sarrera pusketak batzen ematen genuen denbora eskolako etxeko lanak egiten emandakoa baino handiagoa zen. Gero, egunari zegokion kolore beretsuko zatiak pegatzen ahalegintzen ginen –horretarako kola eta ilusioa baino ez genuen behar– sarrera itxuroso geldi zedin. Profesionalen lana burututakoan elkar ezagutuko ez bagenuen moduan, inoiz banaka, maiz binaka ziurtasun eta seriotasun handia erakutsiz, eskutxoaren atzamarretan begi bistan gelditzen zen zatia dar-dar zegoela aurrera –inoiz atzera ere– egiten genuen. Sarrera kolaz pegatzearen aukera hortxe egon arren, bestelako trikimailuak ere bagenituen pelikula doan ikusteko. Batzuetan atezaina ondoko tabernara joaten zen kafea hartzera eta atea zabalik uzten zuen. Guk tartetxo hori aprobetxatzen genuen sartzeko eta komunetan ezkutuan egoteko. Hantxe izan ohi ginen baldosaren kontra zuri-zuri eginda arnasari eutsi ezinik, kamuflaturik, jendearen lehenengo harrabotsa entzun arte. Kondena luzeko presoak baino poz handiagoa hartzen genuen geure burua aske ikustean, gure guda txikia irabaztean. Dena den, dena ez zen iji, dena ez zen aja gure barrabaskerietan. Oraindik gogoan dut bete-betean harrapatu gintueneko eguna: «Zer, txizagura gara, ala? Ospa hemendik, bestela... » Esan beharrekoa modu zakarrean esaten bazigun ere hurrengo egunean kalean topo egiten baldin bagenuen Olegariorekin, horrelaxe baitzuen izena atezainak, luzatutako irribarre maltzurrak egindako okerra barkatzen zigula oso ondo adierazten zuen.

Tamaina horretakoak eta handiagoak ziren orduko gaiztakeriak. Halarik ere, gehienetan, ikusi beharreko pelikula gutxienekoa zen: guri berdin zigun Gari Kooperrek zein Sofia Lorenek. Kontua etxetik alde egitea eta ilunaren babesean egotea, horrek handi egiten gintuen eta. Orain ordukoa gogoratzeak txiki egiten gaituen arren.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli