Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
la vie  
pdf  
 
LA VIE EN ROUGE 
Sudur gorria jantzi nuenekoa bezalakoxea da enamoratzea. Lehenengo aldiz sentitu nuen zirrara hura maitemintzea dela uste dut; maitemindu nintzela uste dut. Mindu bai, mindu! Neure begiek gorritasun bat ikusi zuten, gorritasun hark barnea inarrosi zidan eta lehenago hutsik nuen puxika bete egin zen.
 
Baina hori ez da enamoratzea; maitemina ote? Arazo larria? Arraro sentitzen naiz ene barneko sentimenduak ateratzeko saiakeran eta nekaturik nago, baina pozik. Nekagarria zait huste hori, gero berriro ere betetzeko. Hutsetik batbatean zerbait sortzea zoragarria da zentzu guztietan, eta inguruko guztiarekin enpatia lortzea atsegina; egiten dudan guztiaren kontziente izan eta enararen begiradarekin zeruaren eta lurraren arteko muga leuna bereizten ikasiz. Hemen eta orain. Hemen eta orain sentitzen dudana besteei adierazi nahi diet eta lortuko dut!
 
Lehenengo aldiz sudur gorria jantzi nuenekoa oroitzen naiz: goizean goiz jaiki eta lehendabizi eguzkipean oinutsik belarretan ibili nintzen, ihintza sentituz eta gainerakoekin lehenengo harremanetan… eta lurreko agertokira! Esperientzia kilikagarria ene barneko neskatila ateratzea, amesteko garaia eta haizearen zirimolan ene ahots propioa atera nuen begiak itxirik eta besteekin orkestra sinfoniko harmoniatsu bat osatuz… sentsazio harrigarria! Haizearen zirimolan zirimiria, eta zirimiri artean lirain ene ahizpa enarak hegan dotore. Aldi berean enpatiaz eta distantziaz begiratzen nion munduari, inguruari, jendeari… eta dena bizirik zegoen, inguruko objektuek ere bizitza zutela oharturik eta horiek guztiak errespetatuz sinpletasunez eta umiltasunez oinak lurrean ongi finkaturik, irudimenarekin bizi, irudimenarekin jolastu… Orain, sudurgorri bat naiz eta uneak biltzen ditut.
 
Nire lehenengo aldian negar ere egin nuen lur honetako eszenatoki gainean biluztu nintzelako, baina begiak ongi zabalik inguruko gauzen eta pertsonen sinpletasunaz jabetzean, inozente eta naif, zeruko izarren distirak aurrez aurre nituela ohartu nintzen, eta distira horien loreak biltzen hasi nintzen: begirada bat, keinu hau… eta lerratu egin nintzen, erabat aske, nahi nuena aditzera emateko eta nahi nuena izateko.
 
Nire lehenengo aldian aurrean nuen guztia distantziaz jaso nuen, eta beharrezko denbora guztia hartu nuen ingurua ikusteko, begiratzeko eta barneratzeko. Orain sudurgorri bat naiz eta ene helburua bizitzea da. Barre eginaraztea bizitzearen ondorio bat da, ondorioetako bat, negar egitea edo beste edozein sentimendu ateratzea bezala… hori da sudurgorriaren edo klownaren funtzio poetikoa, gauza guztien arrazoi ezkutua edo ez hain ezkutua bilatzea, alegia. Bai! Bai, baina… klownaren zalantzak lurrean ziren eta enararen beldurrak airean.
 
Nire lehenengo aldian tentsio puntu batekin, baina eroso sentitzen nintzen begirada konplizeak aurkitu nituelako, eta hasiera-hasieratik jolasa zen nagusi gure artean. Nik neure sinpletasunean tolesgabe neure alderdi ezezaguna erakutsi nuen, eta harritu nintzen zein begirada kokina ateratzen nuen besteen aurrean. Begirada kokina… neure alderdi pikaroa edo maltzurra. Orain ezagutzen dut neure alderdi hori, baina arraro sentitzen naiz… neure barnean sentimenduak nahasirik ditut eta galdurik sentitzen naiz: gaiztoa ere izan naitekeela pentsatzeak beldurtzen nau! Orain oihartzun kolore batez ikusten dut ingurua, oihartzun batez sartzen dira neure barnean kanpoko hitzak eta bihotza kolpatzen didate; ez da zatitzen, ez eta puskatzen ere, baina ubelduraz betetzen zait. Oihartzun isil bat erortzen zait zintzurretik behera eta mina sentitzen dut erraietan: neurea bakarrik den mina ez du beste inork sentitzen, eta hala behar du. Ene lehenengo alditik euri pixka bat egin du, euriak tantaka-tantaka busti egin nau eta orain blai eginik nago… gaur eta hemen bizitzearen erronka daukat aurrean eta lehenengo aldiz sudur gorria jantzi nuenetik aldatu naizela ohartu naiz, eta egun guztiak ezberdin balira bezala jaikitzen naiz egunero ohetik: gertatuko dena gertatuko da, eta gertatzea nahi dudana ere gertatuko da, eta bitartean aurrera begira, beti aurrera gaur eta hemen bizitzeko grina, biharamuna amestuz. Aurrera noa, ez dakit nora, baina beti aurrera! Baina gaur eta hemen nago. Lur honetan. Zapaltzen dudan lurraz jabetzen ari naiz eta min ematen dit, baina min horren kontzientziak biziarazten nau. Hitzik gabe. Hitzik garrantzitsuenak bihotzaren sakonean idazten baitira!
 
Nire lehenbiziko aldian nahi gabe maiteMINDU nintzen eta orain maite dut bihotzak esaten didana entzuten egotea eta ibiltzea. Orain, sudur gorria noizean behin jantziko dut: marrubi basati bat izan nahi nuke marrubizko musuak ematen dakien marrubi basati hori; maitasunezko musuek mugarik izan ez dezaten malkoen iturriak irekirik segitzen dutenean ere... malko gaziek irribarre bat erna dezaten.

Ainara Maia 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli