Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Gurpildun aulkia

7k1224Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Zahardadeak pertsonak ozpindu eta arrosario beltzean katramilaturik uzten zituela pentsatzen nuen Joakina ezagutu arte. Zaintzen dudan hirugarren andrea da, beste biak zendu eta gero. Señora Pakita, orain lau urte, eta uda bukaeran, Señora Josefa. Joakina anderea benetako andrea da; esan nahi dut, gauza dela bizitzari eusteko, beste inor mindu beharrik gabe. Semearekin ezagutzera etorri nintzen egunean, aho bete hortz utzi ninduen: liburu bat eskaini eta, bekoz beko begiratuta, irakurtzeko eskatu zidan. Pittin bat aztoraturik, leitzen hasi nintzen, bat behatuta sentitzen den segurtasun-gabeziaz.

—Ondo da, baina ken ezazu hori nire bistatik, faborez—begirada semearengan, gurpildun aulkiari keinu eginda.

— Baina... egunen batean behar baduzu, zer? Hobe etxean eskura edukitzea, zer gerta ere.

— Errukarri izan? Inoiz ez — bere kolkorako, andreak.

Hiru hilabete pasa dira jada lehen egun hartatik. Ezin hobeto moldatu naiz etxe honetan. Bazkaria erdi prestatua, eta gosarirako mahaia atondua —pilula kaxa berritzea ahaztu gabe—, bederatziak jo baino lehen. Kafetera txinpartaka aditzen duenean deitu egiten dit ohetik altxatzen laguntzeko —hezurrak minduta izaten ditu goizaren lehenengo orduetan—. Gosaltzen duenerako logela egurastu, txukundu eta garbigailua martxan dut, bezperako arropa eta maindireak barruan. Tematurik dago zaharminaren arrastoak ezabatze kontu horrekin: dutxatu, arropa garbia jantzi, egunero; eta oheko maindireak, bi egunetik behin, aldatu egin behar dira.

Inor gutxik ulertuko du ondo baino hobeto sentitzen naizela zaintzen. Senarra badut, Nikaraguan, nire herrialdean; ez dut, aldiz, erruki amiñik sentitzen senarra herrian geratu behar izanagatik. Haren ondoan izan dudan bizitza ez da izan, inolaz ere, nik espero nuena. Astero erregua egiten dit lan bat aurki diezaiodan, baina ez naiz saiatu ere egin. Ez dut etortzerik nahi. Pena bakarra hiru seme-alabak hazten ikusi ezina da; bueno, Mamitak zaintzen ditu.

Joakina anderea ez da oso hiztuna. Ikusmen urria dela eta, nik irakurri behar diot. Pareta oso bat daukagu egongelan liburuz beteta. Orriek izkina tolestua duten liburuetako pasarteak irakurtzen ditut. Azpimarrak daude zenbaitetan... lepoa egingo nuke irakurriak dituela liburu guztiak! Zergatik irakurri behar berriro? Gozatu, bai, duda izpirik gabe gozatzen duela esango nuke. Zumitzezko besaulkian, bi hatz luze masailean, eta besteak ahoaren gainean tolesturik, isilik entzuten du. Begirada jasotzen dudan batzuetan —orain egin dezaket, hasieran ez—, begiak lauso ikusten dizkiot, negar egiteko zorian, apika.

Erosketak semearen kontua dira, astean bitan egiten ditu ematen diogun zerrenda hartuta. Gurea paseatzea da. Goiz partean egiten ditugu paseoak, ordubetekoak. Eskuarki, paseatze soila; aldian behin itsuen kupoia edota hitz jolasen aldizkaritxoa erosten dugu, hori baita beste zaletasun amorratua, irakurraldiaren ondoren egunero bion artean egin beharrekoa. Bastoia eskuan eta nire besotik oratuta, behin eta berriz, diosala egiten aritzen da burua tente eta irribera; tarteka, disimuluan, erakusleiho batean gelditzen gara, atseden hartzeko.

Txarretik okerrera izaten da beti adin batetik aurrera, alabaina, eta zoritxarraren eguna iritsi zaio Joakina andereari ere. Atzo goizean gertatu zen. Paseoan. Udaletxeko plazara sartu ginenean, beti egin ohi duen modura, eraikinaren aurrean gelditu zen begi bat emateko. Nik lokarri itxurako xingola arrosa balkoian ikusi, eta alabatxoaren txarolezko zapata txuri lazodunak gogora ekarrita, zera galdetu nion:

— Zer dela eta jarri dute xingola moduko hori?

— Minbizia, minbizia bazter guztietara zabalduta dago- ela esan nahi du — erantzun zidan burua balkoira goratuta.

— Zuen herrian ez al dago minbi... besoan astindu bortitz bat sentitu nuen, bere gorputza ziplo lurrera erortzen ari zela. Bikote bati esker ez zuen lurra jo, ez nik bere atzetik. Zurbil eta izerditan blai zegoen. Zer egin ez nekiela, urduritzen hasi nintzen. Jendea pilatzen hasi zen gure inguruan. Batek txamarra tolestua jarri zion hanken azpian eta –zorabiatu egin da— esanez burua mugitzen zion alde batera eta bestera. Oso azkar gertatu zen dena. Bere onera etorri zenean, kirioak oraindik anabasan, semeari telefonoz deitu nion. Bitartean, tabernako aulki batean eseri zuten. Ez dakit nola, ez nondik, coca-cola bat jarri zidaten eskuan —edan dezala, on egingo dio-eta.

Aitor, semea, berehala azaldu zen, eta egoera ondo gobernatzen zuela jabetuta lasaitu egin nintzen. Egoteko berarekin, segituan etorriko zela esan eta alde egin zuen. Joakina anderearen jarioa, besteetan gozo eta jarraitua, etena zen ordukoan, erabat indargabeturik. Eskua leunki kolpatzen zidan behin eta berriro. Gurpildun aulkia ikusi zuenean ez zuen ezer esan, ezta semea eta bion artean eseri genuenean ere. Malko isilak entzun nituen karranka, etxera bidean.

 

Idazleari buruz...

Lucia Otero . Bergarako Idazle Eskolan aritua bi urtez.
Hitza arma gisa, erreferen- tzia gisa, testigantza gisa. Bidea biderkatu egin zait.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago