Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Zurian zuri

7k1178Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Belarretan zabaldutako maindireak jarri zizkidan amak. Zortzi urte besterik ez nituen, umemokoa. Lo nengoela aitak ilunpetan jaikiarazi ninduen. Eusebio, esna hadi! Begiak ezin ireki, harritu egin nintzen aitaren ahotsa entzutean; ama zen ohe ondora hurbiltzen zena. Gaueko lanetarako behar nindutela esan zidan. Azkar batean aulki gainean utzi berri nituen galtzak jantzi, eta sukaldera abiatu nintzen. Osaba kexaka entzun nuen, eta ezer galdetu aurretik ezkaratzera bidali ninduten. Sutarako egurra izaten zen lekuan, zakuak bata bestearen gainean.

Fardela bizkarrean jarri aurretik agindua eman zidan aitak: Eusebio, isilik ibili behar duk. Anaiaren itzala ez ezak galdu! Eta hala abiatu ginen, mendian gora, begi aurrean nituen bota lokazdunen atzetik. Ilun bazen ere, txikitandik ikasiak nituen inguruko bideak. Itsasoa ezkerrean utzita iparralderantz gindoazen. Baina pagadiraino gutxitan iritsia nintzen. Arbola zaharraren ondoan gelditu eta osabak aurrea hartu zuen. Minutu gutxira itzuli zenean ahoz aho haren hitzak marmar batean iritsi zitzaizkidan: Zuria!

Harrizko etxolatik pasatu ginenean ikusi nuen lehen aldiz leihoan zapia. Ez zen azkena izan. Ohartzerako gaueko lan-lerroan finkoa bihurtu nintzen. Luzaroan, azkena.

Eskola garaia bukatuta, ardiak zaintzera bidali ninduten gero. Ordurako ongi ezagutzen nuen ingurua: harri artean zegoen aiztoa, tximiniaren goian utzitako pospolo kaxa, artaldeak garbi uzten zuen txokoa. Kalekumeek ez zuten ulertzen halako mutikoa, artean haurra, mendira bakarrik bidaltzea. Beharra zer den.

Artzain joandako lehen aldian berrogeita bederatzi buru zenbatu nituela ongi gogoratzen dut. Lau astetan ordu luzez alde guztietatik begiratuta ikasi nuen ardi bakoitza bereizten. Larrera ateratzekoan banaka izendatzen nituen. Iluntzean atzera etxolan sartzen zirenean, berriz, artalde osoa biltzea erregutzen nion zeruari. Gazta, esnea, sagarrak eta intxaurrak. Horiek ziren eguneroko mokadu nagusiak. Hiru egunetik behin pagadiko arbola zaharreraino igotzen zizkidaten jakiak. Oraindik usain nezake ogi egin berriaren berotasuna, etxekoa. Bi mutilak lau neska artean hazitakoak ginen. Anaia txikiena aingeru hil zela esaten zuen amonak.

Janariarekin batera aldiro bestelako enkargua ekartzen zidaten; zumitzezko saskian soka mutur bat. Begirik bildu gabeko gauak. Korapilo kopuruaren arabera jakiten nuen zein ordutan abiatuko ziren. Orduan txapelokerrak zelatatu eta bidea garbi zenean zapi zuria leihoan zintzilikatu behar izaten nuen. Amak ez zuen etsi, ordea. Buru azkarra izanik, ofizio bat behar nuela ikasi esaten zion aitari behin eta berriz. Azkenean amore eman zuen.

Ganadu, mendi eta arbola artean egin nituen txikitako urteak; egur artean, gaztarokoak. Ofizioa ikasi bezain laster, herriko aroztegian hartu ninduten. Edozertarako mutila bihurtu nintzen. Bai, jauna. Mutilak eramango dizu. Hi, segi ezak azkar! Zenbat enkargu eramango ote nituen. Zalantza dut inoiz Eusebio izena nuela jakin ote zuten. Baina begirada zorrotza nuen, eta laster nagusiaren alboan egindako orduak lan txikiak egiteko baliatu nituen. Gaztainondoa, lizarra, pagoa eta elorri zuria erabiltzen genituen, batik bat. Basoan aizkorak hasitako lana aroztegian zerrak, gubiak eta arraspak amaitzen zuten. Azkeneko lixatze lanak ere nireak izaten ziren maiz.

Gaztaroko urte haietan lagun onak egin nituen; okindegiko semea, Antton, eta erabat zoratu ninduen arreba, Kontxesi. Ile luze distiratsua eta begi beltz bizkorrak zituen neskato alaia zen. Hortz txikiak erakutsiaz irribarre egiten zuen bakoitzean sabelean tximeletak eragiten zizkidan. Aroztegiko lanak bukatu orduko maiteminez okindegira joaten nintzen. Irin arteko begiradak. Ez nintzen bakarra. Eta, zoritxarrez, Kontxesik ez zidan interes berezirik agertu. Aldapan gora etxeranzko bidea buru makur egitea beste erremediorik ez.

Sorpresa polita izan zen, baina, gogor plantak egiten nenbilela pentsatu zuela jakitea. Hiru astez okindegira joan ez nintzela ikusita, laugarrenean Antton aroztegian azaldu zen. Arrebarekin penatuta, harengana hurbiltzeko eskatu zidan. Bi ordu lehenago baserritik abisua jasoa nuen; gaueko lanak. Azkar batean zerbait pentsatu behar nuen. Esku artean nuen mailua arotz-mahai gainean utzi eta serio jarrita hala esan nion: Antton, orain ezin nauk okindegira joan. Gaur baserrira goiz igo beharra diat. Baina Kontxesiri ilundu aurretik pagadira joateko esaiok. Han izango nauk bere zain.

Ez nuen etortzerik espero.

Aitak aurretik bidaliko ninduela banekien, ordurako hori izaten baitzen nire lana. Zeharkaldia aurrera eta atzera bitan egin ohi nuen, ipurtargiak lagun. Eta iluntzerako etxolan zain geratzen nintzen, zapia prest.

Baina ontza uluka hastearekin batera hantxe azaldu zen Kontxesi bidean gora. Arnasestuka zetorren, masailak gorrituta. Eta irribarre lotsatia eskaini zidan lehenik. Ni, berriz, inoiz baino zoriontsuago eta adoretsuago, arbola zaharraren kontra luze jarrita.

Gau hartan ez zen harrizko etxolan zapi zuririk agertu.

 

 

Idazleari buruz...

Arrate Arozena Mujika (Errenteria-Orereta, 1969) Sormenak eraldatzeko eta gozarazteko duen gaitasunak erakartzen nau. Batez ere kantuan aritu banaiz ere, bide berriak topatzen nabil, azkenaldian bereziki idazten.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago