Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Marilyn Monroeren zaldi basatiak 

7K1073Ilustrazioa: Cristina Fernandez

Zaldiak trostan dabiltza, airos. Libre egiten dute korri zelaian aurrera eta atzera. Hemengo zaldiak lirainak dira, hanka luzeak; euskal pottoken izter mamitsuen arrastorik ez. Profesoreak maldan gora-behera eraman zaituzte bere kotxe xaharrean. Motorra amatatu eta kotxetik atera zarete, animaliak kontenplatu asmoz:
–Rantxo honetantxe grabatu zuen Marilyn Monroek bere azkenetako filma. Arthur Millerrek idatzitako gidoia, alajaina. Ordurako dibortzioaren paperak sinatzekotan omen ziren.
–Arthur Miller idazlearekin ezkonduta egon al zen, ba? –galdetu duzu zuk, zur eta lur.
–Bai. Irakurle porrokatua zen Marilyn, laurehun ale baino gehiagoko liburutegi oparoa omen zuen etxean.
 
Kotxean sartu zarete atzera berriz, Nevadako basamortuan barna jarraitu duzue bidea egiten. Ilea urdin-urdin duen profesoreak Monroeren bizitza txirikordatzen jarraitu du. Harrera familietan hezia omen, eskuz esku urratutako panpinaren antzera. Artean neskatoa zelarik, haren hezur-haragiek abusuak ere jasan omen zituzten, behinola. Umea zen artean. Gero, hamasei urte gazterekin ezkondu omen zen. Zuriz janztea harrera etxe berri bat ekiditeko bide bakarra baitzen. Ez zeneukan arrastorik, urre koloreko iledun emakume- gorputzak halako infernurik jasan zuenik.
 
Atzeko eserlekutik erdi-urrun entzuten dituzu pop kulturaren jainkosari buruzko kondairak. Pelikuletako kontuak iruditzen zaizkizu, kalean gurutzatzen dituzun hanburgesa-jaleak bezalaxe. Zeure begiekin ikusi duzu supermerkatuko jogurten poteak erraldoiak direla hemen, demasak. Eta kasinoen ateetako asfalto gaineko alfonbrak ekidin dituzu ezinbestean; bata bestearen alboan etzanda dauden homelessez osatutako tapizak. Halaber, horiek denak hiriko kontuak dira; eta gaur, zorionez, apokalipsitik ihes egitea lortu duzu.
 
Hona etorri zinenetik natura ferekatzeko irrikatan zeunden. Herrialde honetan sentiberatasunik existitzen bada, mendikateetan edota lakuetan egongo baita, ez beste inon. Neonezko argi lotsabakoak aspaldi utzi dituzue atzean, eta asfaltozko miliak aurrera eta asfaltozko miliak aurrera, ezerezaren ezak soilik betetzen du paisaia hemen. Hain ulergaitza zaizu basamortua! Hain sumatzen duzu biluzik, ezen hutsaren huts horrek eder bilakatzen duen. Sublimea! Erliebe idorrak emekiro begiratu arren, ez zara haren harrizko zimurrik irakurtzeko gai.
 
Halako batean, zaratak entzuten hasi zarete, zuengana hurbiltzen, gero eta gertuago. Zaldi basati taldeak alderik alde inguratu zaituzte. Seko gelditu duzue autoa. Arrapaladan leihatilak goraino igo, eta eserlekuen erdialdera bildu zarete, kikilduta. Inortxok ez du txintik esaten, soilik zure kirioak sentitu dituzu; dantza-dantzari zeure eztarrian korapiloa lotzen dutelarik.
 
Ezingo zenuke asmatu zenbat zaldi basati duzuen inguruan; zazpi, hamaika edo berrogei. Batzuek muturra itsatsi dute kristalaren kontra; euren hortz-haginak bista-bistan ia patetikoa iruditu zaizu egoera. Bat-batean arrainontzi baten barruan atrapatuta gelditu zarete. Bizitzaren eta arriskuaren linboan zintzilikatuta, ez dakizue zer gertatuko zaizuen berehalakoan. Zaldiren batek apatxa tinkatu du erroberaren azpitik. Balantza egin du automobilak; begiak itxi dituzu estu-estu. Arren, bukatu dadila.
 
……..
 
Azken zaldiak apatxarekin jo du kristala, klonk. Eta gero, taldekideri jarraitu die arrapaladan. Trostari ekin diote zaldiek, piztia askeak! Zuek oraindik erdialdeko eserlekuetan bilduta jarraitzen duzue, ezin mugituta. Zaldien irrintziak entzuten dituzue, gero eta baxuago, gero eta baxuago, zeharo urrunekoak bihurtu arte. Gidari lanetan ari den profesoreak giltzari eragin eta azeleragailua zanpatu du sakon. Automobilaren motorra kruk eta kruk eztulka hasi da, eta zuek berriz, mutu. Miliak eta miliak egin dituzue aurreraka, basamortuaren erdian bidea zabaltzen. Halako batean, neonezko afixa bat ikusi duzue, errepide bazterreko taberna ziztrin bat iragarriz. Barrura sartu zarete, garagardo hotzak estualdia ahazten lagunduko dizuelakoan.
–Eskapada! –ausartu da bateren bat, guztiok bizi izan duzuena hitzez esaten.
 
Piztiek ez dute kodigo penalik, eta hala ere, ez zaituztete akabatu. Dena da uste duguna baino sinpleagoa. Zeuok hiritik ihesi etorri ohi zarete basamorturantz, pentsatuaz inoren lurra zapaltzen ari zinetena. Inozoak! Duela belaunaldi luzeak ahaztu zitzaizuen Black Rock desertua zaldi basatien etxea dena. Garagardoari beste zurrutada bat eman diozue. Eta eztarria umelduta, bihar lankideei kontatzeko anekdota bihurtu zaizue zaldiekin bizitako enkontrua. Automobila biratu eta atzera berriz hirirantz zoazte, asteburuaren amaierarekin bukatzear baituzue behin-behineko askatasuna. Bihar laneguna da.
 
Igande iluntzero lez, munduko pena guztiak bildu zaizkizu gorputzera. Leihatilatik basamortua ikusten duzu, zabal. Baina gaurko estualdiak haren paisaia idilikoa desitxuratu du; hemendik aurrera nora joango zara asteburuetan, ezerezaren ezean irrintzi egitera? Gaur ulertu duzu desertua piztien etxea dena. Halaber, Marilyn behartu zutenak ez ziren zaldi basatiak. Eta etxe barrukoak izanagatik, basapiztiak lez zuten eritu ume ilehoria.
 
Sofan etzanda Marilynek izkiriatutako poema batzuk zabaldu dituzu parez pare. Arnasa! Zuri ere, agian, iritsi zaizu trostan egiteko ordua. Ezin zara arrainontzian bizi luzaro. Beldurra ematen du trostari ekiteak, baina behin hasita, egin ahala ikasten omen da aske izaten.

Nerea Eizagirre Telleria

Zumaian, 1992an jaioa, Literatur Ikasketetan graduatua
(Universitat de Barcelona, 2014),
Euskal Ikasketen arloan doktorego tesia idazten
ari da egun (University of Nevada, Reno).
Bergarako Idazle Eskolako ikaslea izan da.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago