Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

7k1014Ilustrazio: Cristina Fernandez  Zure logelako leihotik idazten dizut. Utzi zenuen bezala, itzultzean aurkituko duzun bezala. Tira, orain trasteleku itxura hartu du eta zurekin mintzatzeko baino ez dugu erabiltzen. Zure eserlekutik, zure armairutik. Egia esan, iskin egiten diogu korridoretik pasatzen garen orotan, atea irekiz gero saminaren gorakadak bahituko gaituelakoan. Jakin badakit –eta gorroto dut– zure itzuleraren esperora ohitu naizela; egunero, neure buruaz beste egitera ohitu naiz, zure zain. Etengabe, gupidagabe. Hamaikatxo egunsenti biluzi eta ilunabar gorri andana ikusi dut leiho zahar honen atzetik, ondo dakizu hori. Eta, bai, aitor dut: neure burua konbentzitu asmoz, ehunka amets gordin izan ditut, akaso itsaso oro zeharkatu eta zeuregana ailegatuko nintzelakoan, edo nork jakin.

Orain, ostera, larrugorritan dagoen gau isil honetan barrena mintzo natzaizu. Karrika zuloetako harbide blaituetan ez da pausoen harrabotsik aditzen. Ez dizut gezurrik esango: zure gelak txikiagoa ematen du, orain hemen ez zaudenez; denak ematen du txikiagoa, orain hemen ez zaudenez. Zure liburuak falta zaizkigu, zure gauzak, zure musika, zure zarata, zure haserrea. Eta zu: zu falta zaitugu. Leihoaz bestalde, betiko pertsonaren baten betiko ahots urratu zein murmurio iheskorra adi daitezke: geure betiko txokoak, betiko atmosfera aldaezinean. Ezkutaleku oro ezagun dut, kantoi bakoitzean neure azalaren, izanaren eta senaren zatitxo koskor bana dago-eta; harlauza bakoitzeko, abentura bat, erorketa bat eta altxaera bat. Beti zure eskutik. Eta hemen nauzu, berriro ere, neure gudulubaki partikularrean irmo gotorturik, bentana-bazter honetan; itxaropen faltsu eta ustezko esperantzazko mezu subliminalez setiaturik. Finean, zerbaitetan bakarrak ez garela jakiteak baretu edo lasaitu egiten gaituelakoan nago, mundua argitzen zaigulakoan, alegia; niretzat, baina, bakarra zara eta izango zara beti. Bakartasun horretan bakarrena; bakartasun horretan neureena.

Ama, zure erretratu aurretik pasatzen den aldiro, ez da gauza hari so egiteko. Zapatuero, zure platerik gustukoena egiten jarraitzen du eta, bai, oraindik ere, zauden lekuan zaudela, ondo jaten ote duzun arduratuta dago. Bera da suaren zaindaria; beti izan duzu. Egunen ahanztura astunak ezin ditu estali izara eta buruki arteko negar-anpulu behartuok. Itxaropenaz, maitasunaz, amodioaz, elkarkidetasunaz, konplizitateaz eta beste berba potolo –potoloegi– anitzez mintzo garen arren, berak jada galdu zaitu, maitea, bai betiko galdu ere. Aitak, ordea, zure argazkiak erakusten dizkio mundu guztiari, erortzear dagoen erraldoiaren harrotasunez. Han,

urrunean, zer nolako arrakasta erdiesten zabiltzan kontatzen du. Jada zure talentua baloratzen dutela aldarrikatzen du lau haizeetara; zugatik izango balitz, inoiz ez zenuela alde egingo inork baino hobeto dakien arren. Jakin badaki, ondo jakin ere, zuen artekoa ez dela inoiz ipuin arrosa izan. Jakitun da, halaber, saretik ihes egiteko beharra izan duzula betidanik, zure bizimina ez zela zure hezur-okeletan kabitzen; hain zinen benetakoa, hil edo bizikoa, nahitaezkoa… eta hain zinen bitala.

Izan ere, joan aurretik sua piztu zenuen: gu denok berotzeko sua, oroimenarena, errautsik gabekoa, etxekoa. Eta ezkaratza zuri deika duzu oraindik, zure izena zena xuxurlatu nahian bezalaxe. Zauden lekuan zaudela zu, su, gar, ke edo hartzen duzun edozein izenekin, oraindik hemen zaitugu. Etxearen muin, ardatz eta iturburu zara guretzat, eta ispilu horri so eginez maite(ko) zaitugu. Zin egin genuen sugarra ez zela inoiz etengo; promesa horren hasperen zolian bizi gara oraino ere. Indar gutxien duenean, erregaia eman eta biziberritu egiten dugu beti. Ez dadila inoiz etxeko sua eten; horixe da-eta, izatekotan, gure etxea etxe egiten duena, etxeko denok bildu eta zurekin elkartzen gaituena, izengabeko hori. Su, gar, sugar, txingar; deitura oro zuretzat. Ederto dakizu nire barruko sua ez dela inoiz itzaliko, zure etxea izango naizela itzultzen zaren istantera arte.

Ez itzazu inoiz, arren, patrikan daramatzazun gure erretratuak gal: izan bitez zeure esku-argi zein zubi. Ur arrotz horietatik gure sutondora pauso bi baino ez daude. Begiratu gora, urrunera. Hortxe gaude, bai, zure zain, leihora kateatuak. Gure bekatu, damu eta penitentzia zara, ondo daki leihoak. Akorduan ditut kai-zuloetan zure esperoan zut gelditzen nintzen aroak. «Emadazu ostatu, utz nazazu barruratzen; esan ez naizela okertu bidegurutzean, ez didazula hutsunerik igarri bihotzaren lekuan», pentsatzen nuen, olatuei so, mundua zein toki bitxia den asmatu bitartean.

Eta gaur, egia esan, dena dut faltan: zuk niri kokoteko bat emateko leihora itsatsi behar ez izatea, korridorearen puntatik zu ernegatzea, presaz zabiltzanean komuna okupatzea, edo beste edozer, nik zer dakit… Hori bai, suak bizirik dirau oraindik, ez dugu –zaitugu– egundo amatatuko.

Zure logelako leihotik idazten dizut. Utzi zenuen bezala, itzultzean aurkituko duzun bezala. Ze, itzuliko zara, ezta?

Alex Uriarte Atxikallende

1995ko urriaren 20 euritsu batean mundura etorria, Gernika-Lumon.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli