Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
   
Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco    
pdf    
Biharamuna

Bero-sapa itogarria. Elastikorik gabeko bi gazte txalupa baten gainean. Izerdi-patsetan azala, labainkor. Kopetan behera eguzki-krema errekastoa, distiratsu. Urruti dago portua. Urruti bueltatzeko ordua. Aspaldi ez dietela kanaberei erreparatzen; etzanak eta ertzaren kontra, txalupako bi arraunak bezala. Batel txikiaren dantza harmoniko hipnotiko lasaiak bat egiten du gazteen mugikorreko bozgorailuetatik datorren abestiarekin: “zatoz hona zatoz …”. Egurrezko eserleku txurian, eguzkitako betaurrekoak jantzita. Oinarekin bateriaren danbor-kolpeak jarraituz, kulunka ia antzemanezinak sortuz. Karga-karga, aldez jotzen die haize-heze-beroak, are gehiago itotzen gazteak.

–Harrapatuko al diagu ezer? –dio hozkailu eramangarritik beste garagardo fresko-freskoa ateraz eta berari jaurtiz.

–Honetan beste ordu erdi, eta legatz galanta eramango diat etxera! –algaraka, ukabilak elkar jo, eta beste eskuarekin aurreko garagardo hutsa lata-pilora botaz. Kaioen murmurioa entzun dute, baita hegaldia ikusi ere, garai, kostalderantz. Ufada izoztua atzealdetik, goitik behera, labana bailitzan. Lepatzeko iletxoak tente, izerdia hoztu, hotzikara. Enbata itsaso barrutik. Hasi dira urak biziagotzen, loaldi luzetik piztia nola. Kulunkatik astinaldira. Arraunak hartu nahi dituzte, are gehiago aldentzen ari den batela porturatzeko. Arazoak. Desagertu dira bi arraunak. Kanaberak erabili dituzte inozo, itzuli nahian. Korronte bizkorrak hostoa baino ahulago daramatza barrura. Euria hasi du gogor, inoiz ez bezala. Ontzia urez betetzen. Gazia. Amurako pertza hustu, eta hasi dira ateratzen. Arinarin. Alferrik. Gero eta ur gehiago sartzen. Zulo galanta oinen azpian; txalupako bi ertzei instintiboki helduta, olatuen oldarrak eramatearren. Buffalo Bill rodeoa litzateke, itsasoarengatik ez balitz, txalupa beharrean zaldi basatia balitz, badatorkien olatu itzel horregatik ez balitz.

Irentsi ditu itsasoak. Ontzia irauli, eta desagertu da lagunetako bat. Ur-lasterrak sakonera darama bestea. Esku ikusiezinak hondora tiraka, herrestan, barrenera, gupidagabe. Urduri mugitzen ditu besoak eta hankak, itsaso-azala amestuz, ahituz saiakeran. Zurrunbiloaren atzaparrek oratu eta ez dute askatzen. Are urduriago. Are deskoordinatuago azalera ateratzeko saiakerak. Are hondorago. Airea falta zaio. Airea falta zaio, eta beteak ditu aho-masailak. Ahoa eta birikak hustu, badoaz burbuilak gora, diosal egin gabe. Burbuila izango balitz. Badaki azken segundoak dituela, hondarrekoak. Badaki hondarra ukitzeko aukera handiagoa duela gainazala baino. Lausotzen guztia. Ilunegi.

Galdu du gazteak. Begiak itxi zaizkio. Hondora doa, isil, pisutsu. Itsasontziko aingura bezala, astun, zurrun.

Halako batean, begiak kliskatu ditu. Arnasten. Arrotz egin zaio ikusmira. Ez du aurrealdea ikusten, aldeak bai, ordea. Bi hegal ditu, zakatzak lepoan, oinik ez. Tenperatura bikaina, ezin hobea; hotzik ez, ezta berorik ere, epel. Arin sentitzen da uretan, jostalari, airos. Bera bezalakoak ikusi ditu pilatuta, arrainez egindako horma zilindrikoa sortuz. Gustura dago bakarrik, itsas mundu berria ezagutzen, arroken azpian sartzen, ateratzen, algekin jolasten. Isiltasun itzela. Itzelegia, agian. Urrunean sena martxan jarri dion arriskua. Harrapari eta harrapakina. Bere atzetik hasi da zoro. Bat-batean iritsi da beste arrainengana. Talka egin, eta mordoiloan galdu. Gerturatu da harrapari handia, eta ziztuan aldendu. Burrunba entzungai, gero eta zalapartatsuago. Gainontzeko arrainen presioa nabari du inguruan. Arnasa falta zaio. Aienatu da uraren sentsazio freskagarria. Lehortzen nabari du azal labainkorra. Eguzki-izpiek bortizki iltzatzen diote gorputza, aldez alde. Ez dago enbatarik. Sarean harrapatuta ikusi du bere burua, lehenik; arrantza- ontzia, gero; marinelak, azkenik. Oihuka hasi da gaztea, izuturik. Laguntza eskatu die arrantzaleei: aska dezaten. Erantzunik ez. Saiatu da azaltzen ondoko arrainari bera ez dela arraina, gizakia dela bera, gaztea gainera. Erantzunik ez. Pilatutako beste arrainekin saiatu da: ezin dutela amore eman; ados jarriz gero, sarea zulatu eta itzul daitezkeela uretara. Erantzunik ez. Laxatu da sarea. Erorketa askean guztiak, itsasontziaren erraietara.

Arnasestuka, zorabiatuta, esnatu da gaztea talka egin baino lehen. Blai. Arraina zenean baino hezeago. Argia sartzen da pertsianaren erretenetatik. Egarri-uholde batek asaldatu du. Ohea txalupa baino gehiago ari zaio mugitzen. Kostata, altxatu, eta ireki du atea. Korridorearen erdian kulero batzuk; sukaldeko atearen ondoan galtzontzilloak. Sukaldeko egurrezko mahaian lika-lika sei txupito-edalontzi. Azken arrastoak dituen ginebra-botila irekirik. Sakabanaturiko makina bat sagardo-edalontzi, urturik izotzak. Izozkailua ireki du: zorrotxotik ateratako legatz usaintsua parez pare. Keinu higuingarriz hartu du ur-botila fresko-freskoa. Ipurdia mahaiaren ertzean jarri, eta trago luzea eman dio: berpiztaile; bigarrena, bizigarri; hirugarrena, indargarri. Pauso-hotsak korridoretik sukaldera. Laguna atera zaio irribarre maltzurrez enkontrura.

–Berriz ere egin huen atzo arrantzan, ezta? –begia gaizto kliskatuz.

–Atera gintuan atzoko enbatatik –mahai gaineko alkohol- saldoari begira.

–Beste batzuek kanabera galdu genian!

Mikel Gartziarena

Donostiakoa (1992). Idazle-eskolako ikasle ohia. Irakasle-ikasketak eginikoa; orain, Euskal Herriko Unibertsitatean, lau urteko ikerketa-lanean murgildua.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli