Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco    
pdf    
 Zerbait egingo zuen

Fidantzarik gabeko espetxeratzea agindu du epaileak Aetz…». Aetzek ez ditu entzun abokatuaren azken hitzak, burua jaitsi du, telefonoa eskutik erortzen utzita. Abokatuak hitz egiteari utzi dio. Betilun, goibel, zutitu egin da Aetz. Agur esan gabe, bizkarra eman eta gelaxkako atea ireki du.

Poliziak arakatu egin du ziegan sartu baino lehen:

– Ze, notizia txarrak, ezta? Gauzak egin aurretik pentsatu behar dira!

–Nik ez dut ezer egin.– Aetzek burumakur.

–Noski! Errugabea zara, ezta? Hori esaten duzue denok! Etxean geratu izan bazina telebista ikusten, ez zenuen hemen bukatuko, zerbait egingo zenuen!

***

–Saka iezaiozu azeleragailuari, kopon! Partidua ikusi nahi dudala, kaguendio! Tonto honengatik galtzen badut!– Guardia Zibilak presa du, epaitegitik espetxerainoko bidaiak gaueko plana izorratu dio.

–Eh, zu! Ongi zoaz hor atzean?– gidariak ez zuen kopilotuaren ohartarazpenik behar– Ez dakit zergatik zauden hemen, zerbait egingo zenuen! Goza ezazu bidaiarekin! Ongi eutsi bihurguneetan, kabroi horrek!

Aetzek ez die jaramonik egin Guardia Zibilaren hitzei. Nahikoa lan dauka eserita oreka mantentzen; hankak zabalik, eskumuturrak atzeko aldean lotuak. Zilipurdika dabil eusteko tokirik ez duen furgonetan.

Espetxera iritsi dira. Presoa jaitsi orduko, bi kontrol gune eta dozena erdi atari pasatu ditu. Bidaiaren zorabioak ez dio batere lagundu bizitzen ari den shock egoera kontrolatzen, eta “Harrera” idatzia duen atariaren aurrean botaka egin du.

***

Botaka egiteko adina ez, baina sekulako nazka eman dio txaketan “Zerbitzuburua” idatzia daraman funtzionarioak. Ez da gorputza gogaikarri egiten duena, biltzen duen uniformeak baizik. Lotzen hasiz gero, jakak botoiak harrika botako lituzke; praka urdinek hanka meharrak estaltzen dituzte; txuri zahartuaren koloreko atorra eta bi zapata beltzek osatzen dute txorimalo jantzia.

Gela erdian dago funtzionarioa; eskolako mahai baten atzean, aulkian eserita, ezkerreko hanka eskuineko belaunaren gainean pausatua, eskuetan duen karpetan zer edo zer irakurtzen ari den plantak eginez. Gelak ez du azken urteetan margorik usaindu. Hezetasun seinaleak ugariak dira. Zoldak berogailuaren hodi lodiak bereganatuak ditu. Leihoak itxita dauden arren, haizeak kristalak dantzarazten ditu, soinu seko desatsegina sorraraziz.

Aetz eskailerak presaka igotzeagatik arnasestuka sartu denean, karpeta mahai gainera bota du zerbitzuburuak. Uniformeak ematen dion nagusikeriarekin begirada iltzatu dio presoari:

–Bueno, bueno, zergatik zaude hemen, Aetz?– zerbitzuburuak alferrik itxaron du erantzuna– Zu ere errugabea zara, ezta? Noski, noski. Kuriosoa da, espetxea zeruko aingeruz beterik daukagu, alajaina! Zerbait egingo zenuen!

–Nik ez dut ezer egin, Guardia Zibi…

–Bost axola niri! – esaldia eskuak elkarri lotuz eta besoak mahai gainean pausatuz erantzun dio funtzionarioak. Ipurdia zerbait altxatuz aurreratu egin du gorputza. Burua presoarenera hurbilduz, agintea nork duen gogorarazi nahi diola dirudi–. Badirudi denboraldi luze samarra emango duzula gure artean, kalkulatu duzu zenbat? Ez dakit zergatik sartzen zareten horrelako jaleoetan! Andregaiarekin larrua joz zoriontsu bizi besterik ez, eta politikan sartu behar!– Aulkiaren bizkarraldearen kontra jarri da, orain bai, orain hitz egiteko baimena duela adieraziz presoari–. Ez duzu hitz egiteko gogorik? Jakin ezazu, nahi izanez gero, bost urtetan kalean egon zintezkeela, edo lehenago! Laguntzeko prest nago, zuk ni laguntzen banauzu, noski! Etorriko naiz aurrerago, ea hitz egiteko gogo handiagorekin aurkitzen zaitudan! Kakak burdin gogorrena ere herdoildu egiten du, eta ongi entzun, Aetz, ongi entzun– oraingoan presoaren burua ia ukitzeraino hurbildu du berea– kaka urrea irudituko zaizu hilabete batzuk hemen eman ondoren! Bigunduko zara!

–Sinesten dizut, bai– Aetzek nekez lortu du begiradari eustea– badirudi zure lagunek preso bat akabatu zutela Soton aurreko astean.

–Ez diezadazula potrorik ukitu! –ez zuen espero funtzionarioak Aetzen erreakzioa– Ez sinetsi esaten dizuten guztia! Dena den, hala gertatu izan balitz ere, zerbaitengatik izango zen, zerbait egingo zuen gizajo hark ere!

***

Agindu bezala, zerbitzuburua itzuli egin da. Gaurkoan, Aetz dago eserita, besoak gurutzatuta, lasai. Kristalen dardarak, zoldaren nazkak eta margo altxatuaren dekadentziak ez diote arnasa soseguz hartzea eragozten. Gaurkoan, zerbitzuburua da urduri dagoena.

–Putakumeak!– bota dio zakar, bortitz, Aetzi. Duela bost hilabeteko protagonista berak, aulki berak, mahai bera, gela bera. Gela bera bai, ez berdina, ordea. Jada inork ez dio nagusikeriaz begiratzen inori. Kirioek gorputz mudantza egin dute. Paternalismo arrastorik ez–. Nire kidea akabatu duzue! Koldarrak! Hiltzaileak!

Presoak, herio egunero agurtzeak, patioan segadunarekin orratzaren kontrako norabidean bueltaka ibiltzeak, ekonomatoan elkarrekin kafea hartzeak, jantokian mahaia konpartitzeak ematen duen patxadaz, begietara begiratuz, erantzun egin dio:

–Zerbait egingo zuen.

 Joxe Aldasoro

Helduen euskara irakasle ohia, furgonetero ohia, tabernari ohia, preso ohia, militante ohia, iraultzaile ohia. Gaur egun irakasle Aguraingo Lope de Larrea ikastolan.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli