Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
7k911    
 Ilustrazioa: Kristina Fernandez    
 pdf    
Osabaren karpeta urdina

Osabaren izaera ezagututa, beti izan nuen susmoa bere hileta elizkizunetara ez zela jende askorik azalduko. Eta horrela izan zen, nahiz eta gertatu zen hura ez nuen inola ere espero.

Nahiko gazte utzi zion lan egiteari; egun batean etxera joan zen, ohera sartu, eta ez zen gehiago lanera itzuli. Oso gutxi altxatzen zen ohetik, txiza egiteko ere ohe azpian zeukan pixontzia erabiltzen zuen. Asko jota, astean behin joango zen eliz atarira eskelak begiratzera.

Bakarrik bizi zen, emakume batek egiten zizkion etxeko lanak eta bazkaria prestatzen zion. Iluntzean, ia egunero, ni joaten nintzen afaria eramatera. Gure amak beti prestatzen zion afaltzeko zerbait. Aitaren anaia bakarra izanik, geuk zaindu beharra genuela sentitzen zuen amak. Gure aita oso gazte hil zen lan istripuan makinak harrapatuta; beraz, gu ginen bere familia bakarra.

Osaba hain goibel aurkitzen nuen, ezen askotan ni neu ere depresioak jota ateratzen nintzen bere etxetik. Sarritan esaten zidan hesteak jaten ari zitzaion arra zuela barruan eta ni, sinisturik, lur jota geratzen nintzen bera han bakarrik utzita.

Ez zuen ia lagunik. Denborarekin, gainera, etxetik ateratzen ez zenez, galduak zituen geratzen zitzaizkion apurrak.

Afaria eman ostean bere ohe ertzean esertzen nintzen berriketa pixka bat egiteko asmoz. Zer kontatu ez nekienez, egunero begiratzen nituen eskelak, eta txanda nori tokatu zitzaion kontatzen nion. Nago gustura entzuten zuen gauza bakarra zela. Oso atsekabetuta zegoenean, ostera, ez zuen ezer jakin nahi izaten. Begiak itxi eta «eman eskua» esanez, horrela egoten ginen aspertzen nintzen arte. Umore onez zegoenean, aldiz, ohartu nintzen herrian gertatzen zenaren berri jakitea gustatzen zitzaiola, afaltzen zuen bitartean. Entzutea besterik ez, ez zuen inoiz iritzirik ematen. Bera pozik bazegoen, ni ere pozik; beraz, herrian bistaz ezagutzen nituen pertsonen txutxu- mutxuak kontatzen hasi nintzaion. Iruditzen bazitzaidan gustuko zuela istorioa, anekdota ugari asmatzeaz gain, esajeratu egiten nituen. Berak irribarre egiten zuen orduan.

Behin herriko mutil bat sobredosi batekin nola hil zen kontatu nion, non azaldu zen, zenbat urte zituen, norekin ibiltzen zen eta abar eta abar. Kalean entzundako guztiak eta gehiago. Hildako gaztea nire osabaren peora bi aurrerago bizi zenez, pentsatu nuen, beharbada, berak ere bistaz ezagutuko zuela, morroi hura oso ezaguna baitzen herrian. Hala ere, nire osaba ez zen konturatzen nor zen, ahaleginak egin arren, alferrik. Bat-batean begiak zabal-zabal egin eta zirrara handiz galdetu zidan ea zergatik ez nintzen eliz atarira jaisten eskela lapurtzera. Horrela, argazkia begiratuz, jakingo zuela mutila ezagutzen zuen edo ez. Ni hasieran guztiz harriturik geratu banintzen ere, ze arraio, kalea gurutzatu besterik ez nuen egin behar, osaba parrokia handiaren ondoan bizi baitzen. Beraz, gehiago pentsatu gabe, jaitsi eta eskela lapurtu nuen. Oso erraza egin zitzaidan, egun euritsua zenez ez zebilen inor kalean, eskela paretan kolaz itsatsita zegoen baina, harria oso porotsua izanik eta umel zegoenez, segituan soltatu zen osoosorik. Etxean, lehorgailuarekin pixka bat sikatu ondoren eman nion osabari.

Handik aurrera gustua hartu genion gauez eskelak lapurtzeari, bereziki gazteak baziren. Osabarentzat 60 urtetik beherako guztiak ziren gazteak. Atso eta agureez ez zuen ezer jakin nahi. Argazkiei so pasatzen zuen denbora luzea, ia ezagutu edo inoren antzik hartzen ote zion argazkiari. Nik, bitartean, hildakoari buruzko istorioren bat kontatzen nion. Eskela bat kentzen ari nintzen egun batean osaba leihoan ikusi nuen irribarretsu, niri begira. Behintzat, ohetik jaikiarazi nuela-eta, pozik nengoen ni. Ez zen gutxi lortutakoa, aspaldidanik ez zuen negar egiten eta banekien nire iluntzeko bisiten zain pasatzen zuela eguna. Karpeta urdin bat erosi nuen eta han sartzen genituen eskela guztiak egunean zehar begira zitzan.

Horrela luzaro aritu ginen, eskelak lapurtu eta ipuinak asmatzen, osabari hesteetako minbizia iragarri zioten arte. Berehala hilko zela jakinarazi ziguten, sei hilabete asko jota. Nik ez nion inoiz ezer esan, baina afaria eramatera bere etxera joan nintzen iluntze batean, bere begi itxietatik malkoak erortzen zitzaizkiola ikusi nuenean ohartu nintzen aspalditik bazekiela berak ere zer zetorkion. Jateari utzi zion, hezurretan geratu, eskeleto baten pare geratu arte. Gero, konortea galdu ostean hil zen bere etxean. Nik orduak eman nituen bere eskuei helduta; zorionez, ez zuen minik izan.

Ez dakit oso ondo zergatik, baina bere hilkutxa nik aukeratu nuen, eta aurpegi arraroz begiratu bazidan ere, arrosa zuriak jartzeko eskatu nion funerariakoari. Hileta elizkizunak hurrengo egunean egin ziren.

Elizara ez zen inor azaldu. Ni neu ere, ohiko nuen bezala, izkina batean, elizan sartu gabe, kanpoko plaza hutsean gelditu nintzen. Apaiza eta funerariakoa bakarrik zeuden eliz atarian. Momentu batez gure begiradak gurutzatu ziren. Ez zekiten karpeta urdinean gordeta neuzkala bezperan lapurtutako osabaren eskela guztiak. Segiziorik gabe, eta elizan sartu gabe, abiatu zen hilerrira autoa.

Irene Zarraua

Zaletasunez ikaslea eta ogibidez irakaslea; dislexia eta futbolfobia ikutuak ditut, beste zenbait sindromeren artean, tartean eibartarra izatea; ama inperfektua, ibiltaria, fedegabea, poteozalea, feminista, autista, independentista eta hiruzpalau “ista” jator gehiago, besteak beste.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli