Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 Highway to Barakaldo
   
Ilustrazioa:Kristina Fernandez    
pdf    

Gaiztoa izan zinen herenegun. Infernura kondenatu zintuzten atzo. Barakaldora iristen ari zara gaur. Behar baino gehiago luzatu zen larunbateko parranda eta biharamuneko mendi txangoa bertan behera uztea erabaki zenuen, aldebakarrez. Aho bakarreko tribunal militar zorrotzak aho batez kondenatu zintuen, bazkalorduan gosaltzen zenuen bitartean. Eta orain Barakaldo ikus dezakezu Californiatik, lagun batek utzitako California zaharretik.

Iritsi zara infernuko ateetara. Inguruan, begira ari zaizkizu munduko mila txokotan fotokopiatutako tabernak, kartoizko jatetxeak, supermegamixmax zinema... Linboa omen dira guzti horiek; infernutzat zenituen zuk; paradisua iruditzen zaizkizu gaur, benetako infernua ezagutzera zoazen honetan. Sartuaz bat, lehenengo deabrukeria. Egurrezko taket txiki eta tentagarri bat eskaini dizute. Aukera kalkulatu duzu; segundo mingarri batzuk eta dena amaituta legoke. Baina deabruak krudelak izan daitezke maiz; tontoak, inoiz ez. Taket izan nahi duen arkatz hori kamutsegia eta motzegia da zeure bularraldean barneratu, toraxa zeharkatu eta bihotzean iltzatzeko.

Ez dago erremediorik. Bezti zaitez duintasun eta etsipenez, Hadesera jaitsiko zara gaur. Ba omen dago handik bizirik itzuli denik, zergatik ez zu? Lehenengo inpresioa, harrigarria. Beroarekin lotzen zenuen infernua, baina oso hotza da ikusten duzun guztia, zinez nordikoa. Hans, Klüp, Bolger, Minskø... Txinatarretik ere badauka zerbait. Izan ere, ur tantaren tortura txinatarra da infernua. Tanta batek ez dirudi mingarria, baina tantaz tanta eromenerantz labaintzen zara, eta azkenerako burua lehenbailehen galdu nahiko zenuke; plik..., plik..., plik..., plik..., Lundgren..., Berg..., Edberg..., Johansson..., tantaka jasan behar, Txerrenek, duela ordu erdi arte bihotz-bihotzez maite zenuen horrek, besotik helduta arrastaka eramaten baitzaitu. Sådan..., Larsson..., Ericsen..., Vïnks..., bakoitzari bost minutuko arreta eskaintzera behartzen baitzaitu. Ez dago ihesbiderik. Lasterbiderik balego, sikiera, gaitz erdi, baina ezin zara korridoretik atera, via crucis osoa igaroko duzu derrigorrez. Molmar..., Crüss..., Dilger..., Øhtan..., plik..., plik..., plik...

Orduan nabarmen ikusi duzu arrazoi zuela Neguk, egia dela borreroak badituela milaka aurpegi. Eta deabruak, aldiz, milioika dituela deskubritu duzu zuk; Txerren, Satan, Beelzebub, Luzifer..., izan daiteke emakume edo gizon, zahar zein gazte, dotore nahiz zatar... Edozein pegatina jantzi dezake, gainera; antikapitalista, kontsumista, feminista, gixon-t’erdia, abertzalea, pepero-a, lokala, internazionalista... Deabrua nonahi ezkutatzen da, bakoitzak bere biktima arrastaka daramala. Ikaraz, inguruan dituzun kondenatu-horden aurpegietan islatuta zeurea ezagutu duzu: larrua, zurbil; begiak, hutsik; begirada, desesperazioz betea; ahoa, itxita; erruki eskean oihu isilean... Mundua dago han; fisikaren eta logikaren arau guztiak apurtzen ditu lau pareta horien artean sar daitekeen deabru eta kondenatu pilak.

Bazkalorduan, kartzela dirudi infernuak. Ordu erdi ilaran; bost minutu kolore, usain eta forma deszifragaitzeko zerak aukeratzeko; hogei minutu mahai bat hustu dadin zain; eta bost minutu bota nahiko zenuen hori irensteko. Eta merkea omen da.

Bazkalondoan, berriro; plik..., plik..., plik..., plik..., Grass..., Lackend..., Günar..., Pønk... Tortura arintzearren, beste zerbaiti buruz pentsatzen saiatu zara. Deabruak ederki saltzen du bere burua, hausnartu duzu. Mezua mozorrotzen du, maskarak janzten ditu, erakargarri agertzen da, existitzen ez dela sinetsarazten saiatzen da; Errepublika, Independentzia, Etxea... Bere mezu eder eta potoloak nonahi daude; telebistan, aldizkarietan, irratian, kalean, alfonbretan... Iragan Eguberrietako azken sagar pozoitua gogoratu duzu; umeei opari gutxiago eta denbora gehiago eskaini behar zaiela zioen deabruak. Baina han ez duzu umerik apenas ikusi. Gurasoak, berriz, barra-barra, kondenatu zein borrero. Non eta norekin ote daude ba umeak? Zertara bultzatzen gaitu demonioak, kontsumoa plazer bihurtzera ez bada?

Bat-batean, oxigenoa usaindu duzu. Eguzki-izpi batek begiak ernatu dizkizu. Argia dago tunelaren bukaeran. Bukatu da. Ez zara hil. Heroia zara, eroen artean heroia, ero ohia. Lortu duzu. Ez da horren gogorra izan; zuk hala eskatuta, berriro egingo nuke, saiatu zara zure balentria apaintzen, harro. Ederki! Esan dizut bat! Orain, “konplementoak”, bota dizute hotz, tupustean. Bigarren itzulia eman behar bide zaio hiltegiko korridore luzeari. Hans, Klüp, Bolger, Minskø... handiez California bete ondoren, berehala ahitzen omen diren horiez betetakoan, Oken, Matthen, Olson, Grunsaer... txikien txanda da. Zerua buru gainera datorkion galiarra zara orain, baina kantinplorako edabe magikoa agortu zaizu dagoeneko. Trikimailu zikina izan da hori; lur azpiko azpijokoa.

Ohartu orduko, infernuko atarian zaude berriro. Agian zure goizeko kalkulua okerra zen. Agian bigarren aldiz eskaintzen ari zaizkizun taket txiki hori aski zorrotz eta luzea izango da. Agian aski da.

Josu Goienetxe Urrutia.

Baztandarra, Elizondokoa hain zuzen ere. Irakaslea, eta egun Barañaingo institutuan dabil Euskal Hizkuntza eta Literaturako klaseak ematen.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli