Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

Oroitzapenak zurituz

7k21    
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    

Zabortegi erraldoi batean gaude; bertan, pilatutako zaramak mendiak sortzen ditu bazter guztietatik. Emakume zarpailtsua irteten da herdoildutako garbigailu zaharretik. Atzerritarra dela antzematen zaio hizkeran.

DUNIA.- Vaslav Nijinski, Boris Pasternak, Igor Stravinski, Anton Txekhov, Vasili Kandinski, Fiodor Dostoievski. Hemen bizi naiz. Stalin, Lenin, Gorbatxov, Jeltsin. Garbigailu honetan, eskubide osoz. Anastasia Romanov. Duela bi urte, nire jauregia. Ni tsarina ederra! Konstantin Stanislavski. Kalea baino beroagoa. Vesevolod Meyerhold. Hasieran sartzeko malabarismoak egin beharra zegoen, baina ohitzen da gorputza. Malgutzen doa urteen poderioz. Hemeretzi urterekin atera nintzen San Petersburgotik. Hemeretzi? Ez dut gogoratzen hemeretzi edo hemezortzi ziren. Ez al duzu nire herria ezagutzen? Jenioz gainezka dago. Da, da. Bai, bai. Hemen bizitzen... Trotski nire txakurrarekin. Trotski? Hor zehar ibiliko da saguren bat bilatzen. Herrialde arrotz honetan.

Nire hemezortzi urteren atoian neramana ekarri nuen soilik: begi grisak, gari koloreko ile bildua, gorputz urduritua. Ametsak. Vodka ezpainetan. Besterik ez.

Etorri nintzenerako garbilekua itxita zegoen jada. Ez ote da beti horrela egon? Hala ere, egunero etorri ohi da norbait arropa zikina ekartzera. Edo beti zu al zara? Bai? Tematia zara gero! Bueno, ez du inporta. Horrela badut norekin hitz egin. Gauza handirik esaten ez baduzu ere. Bestela bakarrik hitz egiten ematen dut eguna... Vodkarik nahi? Vodka... aitari vodka ematen zioten soldatatzat fabrikan. Dirurik ez. Platerak, egurra, ikatza, gozoak, kontserba jakiren bat... edota vodka. Vodka batez ere. Hotza kentzeko hoberena negu gorrian! Beti zen negu gorria han. Vodka. Gero bukatu zen hori ere.

Txikia nintzenean lehengusu guztiak herrialde berean bizi ginen; orain, ordea, batzuk Moldavian daude, besteak Georgian edota Estonian ere. Hau nahaspila! Bi urterekin banekien «Sobietar Estatu Sozialisten Batasuna» esaten, «elurra» edo «txakurra» baino lehenago. «Sozialista» hitzean trabatzen zitzaidan mingaina beti.

Behin, aita gaixotu zen abenduan. Ez zegoen mediku bat lortzeko aukerarik, are gutxiago data horietan. Ez dakigu zer izan zen. Hotza-edo. Joan zitzaigun, bai... bi egunetan. Familiari janaria ekartzeko ezintasunaren atsekabeaz hil zela zioen amak. Kapitalismoaren munstroaren errua. Malkoak izozten dira abenduan. Nureyev. Garbigailuan kulunkatzen naiz lokartzeko. Zentrifugazio motela. Trotski? Non sartuko ote da? Trotski! Trotski! Ez dago modurik txakur honekin. Ikusten al duzu hor zehar? Deitu, eleaniztuna da, ulertuko du. Hizkuntza gehienak ezagutzen ditu, ez bakarrik errusiera.

Oso pozik nago herrialde honetan... garbigailuarekin. Ideiak garbi-garbi izateko. Kar, kar, kar! SESB kanpora... ez, ez... mendebaldeko kapitalismoa kanpora. Gure politikariek ere ez zekiten garbi zer esan. Oposizioa? Ja! Vodkarik nahi? Ez? Zuretzat kalte... berotzen du bularra. Oposizioa. Errusiar Asanblea Nazionala, Nazional Berpizkundeko Errusiar Partidua, Errusiar Herri guztien Aliantza, Aberriaren Berpizkunderako Ofizialak, Ofizialen Batasuna, Moskuko Unibertsitateko Oposizio Indarren Kontseilua, SESBeko Herriko Diputatuen behin betiko Batzarrerako Komisio Presidentziala, Errusiako Aberriko Indarren Kontseilua, Emakumeen Duintasunerako Kontseilua. Hau nahaste-borrastea! Katramila handiegia herria pobreziatik ateratzeko.

Ez al duzu zarata hori entzun? Uste dut Trotski dela. (Segundo batez isiltzen da.) Badirudi azkenean topatu duela jana. Oso azkarra da nire kamarada. Arratoiak topatzen ditu non-nahi! Gora Trotski! Atzerrira joateko lehenengo aukera baliatu nuen. Promesak. Gorputza saltzen aritu nintzen, familia mehatxupean neukalako. Bezero batek labanaz bularra ireki zidanean utzi zidaten joaten. Hori zortea nirea! Itsusia izan behar bakean uzteko. Familiak, ordea, ez zidan berriro aurpegirik eman! Ja! Ikusi nahi al duzu nola josi zuten ospitalean? Ez? Benetan onak dira hemengo medikuak. Marrazki polita bularrean. «Z» ikusgarria. Zoriontasunaren «Z». Zoriontsu naiz orain garbigailuan.

Bazoaz? Bueno, bihar bueltatzeko asmoa baduzu, gordeko dizut vodka pixka bat. Baina ez ekarri arropa zikinik. Honek aspaldian utzi zion funtzionatzeari. Munduak ez du bueltarik ematen; matxuratuta dago garbigailua bezalaxe. Laster arte! Zhelayu vam zdorovya! (Kantatzen hasten da.) Kalinka, kalinka, kalinka moya! V sadu yagoda malinka, malinka moya!

NOR DA
 
Lizarran jaioa, 1979an. Aktore eta dramaturgia
ikasketak gauzatu ditu. Une honetan irakasle dabil
AEK-n. Idazle Eskolako ikasle ohia eta irakaslea.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli