Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 4 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Inactive
 

Regnum Navarrae, 2012 A.D.

7k18    
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    

Ekain hasierako arratsalde sargori hartan batere haizerik ez zebilen. Arratsaldeko ordu bata eta erdiak ziren, eta eguzkiak bete-betean jotzen zuen. Horren bero handia egiten zuen, ezen herriko harresietako muskerrak ere ezinean baitzebiltzan. Parez pare irekitako leihoetatik eulien burrunba astuna entzuten zen eta, urrunago, autopistako autoen joan-etorriak. Inguruko soroak, ekaina hasi berria izanagatik, hori-hori zeuden, distiratsu. Edonor itotzeko moduko udaberria ari zen izaten 2012ko hura Nafarroa hegoaldean; okerrena, dena den, etortzeke ei zegoen. Hala, ikasleak txirrinaren hotsaren zain zeuden, bizikletak hartu eta ziztu bizian aintzirara joateko. Aintziran primeran egoten baitziren horrelakoetan, udako oporretarako planak eginez, lagunartean, goxo-goxo, lasai-lasai. Baina oraindik ordu erdi falta zen historia-eskola amaitzeko.

Amaia, andereñoa, oso zorrotza zen bete beharrekoei zegokienez. «Beharko, hiriburukoa izanda!», zioten ikasleek, sarri. Horregatik, nahiz eta ikasturte amaierako azterketan agertuko ziren azken edukiak aurreko astean irakatsi, sinetsita zegoen zer edo zer ahaztua zuela. Ez baitzen posible ikasturtea amaitzeko aste biren faltan guzti-guztia landu izana. «Oso talde langilea egokitu zait, ados, baina hala ere...», zioen bere artean. Etxean, ordea, kontu handiz berrikusita zuen eskoletan azaldutako guztia, eta ondorioa argia zen: curriculumak zehaztutako guztia azterturik zuten dagoeneko.

Beraz, egin beharrekoak eginda eta den-dena ondo bideratuta, ikasleei agindutako idazlanak ari ziren irakurtzen. Lehen ordu erdian Mirenek eta Enekok idatzitakoaz eztabaidatu ostean, Aitor zegoen ikaskideen aurrean zutik, ahots ozenez irakurtzen. Aitor 13 urteko mutiko azkarra zen, eta gustuko zuen istorioak asmatzea, pertsonaia magikoz eta gertaera fantastikoz beterik. Itzelezko erraztasuna zuen, eta idazten zuen guztia izaten zen interesgarria. Berosapak guztiei eragiten zien, ostera, eta Amaia izerditan zebilen, Aitorrek zioen horretan arretarik jarri ezinik. Haurdunaldiaren seigarren hilabetean zen, eta beldur zen neurrigabeko beroak ez ote zion haurrari eragingo. Amaia ere, ikasleen antzera, ordua noiz iritsiko zain zebilen, irrikaz, geroko bainuan pentsatzen...

Halako batean, Aitorrek ahotsa aldatu eta errealitatera itzularazi zuen Amaia:

–... lekike nafarreraz. Horregatik, dagoeneko XVII. mendean, lingua navarrorumik ez litzateke entzungo Muskariako kaleetan, eta aduana Pirinioetan ezarrita legoke, muga bera legez. Gainera, ... —ari zen Aitor, urduri samar.

—Bai zera! Eta zer izango da hurrena? —moztu zion Alaznek. Normalean ez zuen horrela hitz egiteko ohiturarik, eta Amaia asaldaturik agertu zen—. Pirinioez iparraldeko lurraldeak Frantziaren menpe leudeke, ezta? Hori baino txorakeria handiagorik! —eta mahaian zirriborroak egiten jarraitu zuen.

—Alazne, mesedez, laga Aitorri idazlana irakurtzen. Gero irakurriko duzu zuk zeurea. Eta, arren, utz iezaiozu mahaian margotzeari —esan zuen andereñok—. Jarraitu, Aitor, mesedez.

—Gainera, Nafarroa ez litzateke geuk ezagutzen dugun Nafarroa. Esan nahi dut, nahiz eta XIII. mendetik XV.era Gaztelak ebatsitako mendebaldea berreskuratu, mendebaldeak eta ekialdeak administrazio bana osatuko lukete, Gaztelako erresumaren baitan. Hau da, egungo Gaztela jaun eta jabe litzateke Iberiar penintsulan, ia erresuma bakar eta, nolanahi ere, guztietan boteretsuena —atsedenalditxoa egin zuen Aitorrek, gainerakoentzat oharkabea, arnasa hartu eta aurrera jarraitzeko; gero eta konfiantza handiagoa zuen bere buruarengan—. Horrez gain, Pirinioez iparraldeko lurraldeak guztiz galduta leudeke aspaldi, hots, Frantziaren menpe, Nafarroak berriz eskuratuta baina ostera galduta; eta, noski, erdaldunduak erabat, nafar nortasuna eta kultura folklore hutsa, ezdeusa, oso egoera traketsean eta beti diru-laguntza urrien esperoan.

—Hi bai hi txorimaloa! —eten zuen Alaznek atzera—. Horrelakorik esatea ere!

—Ixo, Alazne, faborez! —Amaiaren egonarria gero eta txikiagoa zen—. Aitorrek amaitzean hitz egingo duzu, nahi izanez gero. Orain egon isilik, bai?

—Nafarrera hiztunak biztanle guztien laurdena ere ez lirateke, eta gu bizi garen Erribera honetan gutxiengoa erabat, Gaztelako hizkuntzak harturik bailuke lekua; gainera, lege-babesik ez lukete, hizkuntza ofiziala ere ez litzatekeelako. Are gehiago gaineratuko dut: nafarrera, Erriberan, desagertzear legoke — Aitorrek ahots ezberdina jarri zuen, tragikoagoa, amaitu zuela adierazteko.

—Mila esker, Aitor —esan zuen Amaiak orduan—. Orain bai, Alazne. Esatekorik?

—Zer esango dut ba? —erantzun zuen Alaznek, Amaiari amaitzen utzi gabe—. Aitorrek irudimen itzela duela, eta eskola honetan ez dagokigula zientzia fikziorik lantzerik.

—Zientzia fikzioa? —erantzun zuen Amaiak, asaldatu antzean.

—Bai, andereño, zientzia fikzioa, edo fantasiazko munduak asmatzea —argitu zuen Alaznek, ematen baitzuen andereñok ez zuela ulertu.

—Ulertzen dut zer esan nahi duzun, Alazne —esan zuen Amaiak, azkenean, gogoeta arinaren ostean—: zaila da orain, XXI. mendean, Aitorrek esan duen hori imajinatzea. Baina auskalo. Hori ere gerta zitekeen, ez duzu uste?

—Ados, andereño —Alazneren txanda—, baina hori imajinatzeko, zera... burutik sano ez dagoen seinale!

—Nik... —ausartu zen Aitor, herabe, isiltasuna profitatuz— zera irudikatu nahi nuen... Nafarroa, egun, nolakoa litzatekeen... 1512an, Gaztelaren erasoari eutsi ordez, mendean hartu izan bagintuzte. Horiexek ziren etxerako lanak, ezta?!


1984ko abenduan Deustun (Bizkaia) jaioa eta 2002tik Deustutik desagertua:
Gasteizen Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi eta hizkuntzak, batez ere hizkuntza txikiak,
gustuko izatea aitzakia aproposa denez, munduan hainbat tokitan bizi izan
naiz or- dutik. Itzulpengintzaren eta hizkuntza-irakaskuntzarenartean dantzan,
aurten Idazle Eskolako lehen maila amaitu berri dut.
Itzulpenen bidez besteek sortutakoa adieraz- teaz gain,
nik neuk esateko dudana ere adierazteko
.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli