Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
7K27  
Irudia: Kristina Fernandez  
pdf  
Zein alua den bizimodua!

Jota geratu nauk! Ez nian berehalakoan espero! Zer den kasualitatea, ezta? Ez nauk sekula sartzen aparkaleku horretan eta beitu! Normalki, zera, bidaian doazen autoak eta geratzen dituk. Atsedentxoa hartu, gasolina bota, txiza egin eta aurrera. Baina atzo Manuk deitu zidaan ea jasoko nuen lanera eramateko, bere txatarra garajean zeukala eta. Ba horixe, ordu laurden lehenago iritsi eta denbora egiteko egunkaria leitzen hasi nauk. Baina zer eta danba! Kolpe bat eman ziok aldameneko autokoak nireari atea irekitzerakoan. Dioss, amorrua ere bai. Baina tira, eguna hasi berri eta ez nauk irten. Hantxe geratzea onena, kieto parado, baina egunkaria utzi eta arreta, zera, aldameneko tipoan jarri diat. Ezkerreko ispilutik begira jarri nauk, voyeur moduan edo.

Gizaseme bat irten duk, lozaku bat zeukak eskuetan, tolestu eta maletategian sartu dik. Gero, harrapatu zuku botila bat, txiza baino epelagoa, seguru, bizpahiru tragoxka egin, utzi berriro eta ez zakiat zer hartu duen. Maletategia itxi eta bi pauso urrutiratu denean ikusi diat, hortzak garbitzeko eskobila eta pasta zitian esku batean eta toalla laranja bat bestean; autoa itxi eta hor abiatu duk gasolindegirantz, komunera, seguru. Nik gorputza gero eta etzanago, azkenerako ia erabat etzanda, ez zakiat ondo zergatik, edo bai, baina berez-berez atera zaidak. Pentsatu diat ez zuela ondo hartuko ni hantxe egotea bere mugimenduak zelatatzen. Komunera joan denean, banian handik alde egitea, autoa martxan jarri eta beste txoko bat topatzea itxaroten egoteko, baina ez, hantxe geratu nauk, ikusi egin nahi nian nola jarraitzen zuen pelikulak, interesantea zegoan.

Bost minutu edo pasatuko zitian. Bueltatu denean oso bestelako itxura zeukaan; aurpegia garbituta eta ile mataza orraztuta. Utzi maletategian gauzak, eta galtza bakeroak, alkandora urdina eta zapatak hartu ditik. Auto barruan jantzi duk, arina zagok gizona! Azkeneko botoia lotu duenean, irten atzeko atetik eta gidariaren aulkian eseri duk. Atera bazter batetik kolonia botila, eta hiru frisegin ditik, bat lepo aldean eta beste bi eskumuturretan. Autoa martxan jarri eta han abiatu duk bost minutu geroago nik hartu behar nuen norabidean.

Eta ni bitartean hantxe, tonto-tonto, ikusi berri nuena hausnartzen edo. Jakin banekian duela sei hilabete Iñigo banatu egin zela, jakin banekian arazoak izan zituela emaztearekin, hura lanik gabe geratu zela eta bi seme-alabak adin txikikoak direnez, emaztea geratu zela etxean. Entzun ere entzuna nian Iñigok ordaintzen duela hipoteka eta baita beste 600 euro pasatu ere hilero emazteari seme-alabengatik. Bizkor pentsatuta... azkenean 400 euro inguru baino ez patrikan hilabetea pasatzeko. Guri esan ziguan anaia baten etxean zegoela bizitzen. Nola aitortu inori autoa duzula bizileku! Eta guk ere ez zioagu gehiago galdetu. Zer den koldarra gizona! Zer moduz dagoen galdetzea ere gehiegitxo delakoan gero eta gutxiago hitz egiten diagu. Marka duk gero! Ez zaiguk gustatzen entzutea besteen miseriak, nahiago diagu goikoari begiratu eta hura larrutzea. Bestela hasten gaituk irudikatzen geure burua aparkaleku batean eta itzali egiten zaiguk bizipoza.

Manu jaso, eta eraman diat Donostiara, gero ailegatu nauk lanera. Hantxe topatu diat Iñigo beti bezala, garaiz, ordenagailu aurrean, txukun jantzita eta usain ederra zeriola. Bere ondoko mahaian eseri, eta «egun on, Iñigo!». Berak, orduan, «iepa, Aitor! Zer moduz asteburua?». Irribarrea ere naturala atera zaiok. Eta gero... nor bere lanera. Bai, ni mutu eta nire buruarekin haserre; zein alua den bizimodua!

NOR DA
Itziar Gomez Sarasola
Errenterian jaioa. Bikoiztailea eta gidoilaria,
egun eskolako irakaslea da.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli