Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
TALAIATIK
7k14    
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    

Ai ene! Hau bai toki zoragarria. Beti izan ditut talaiak gustuko, baina parean dudan ikuspegia benetan da ederra. Itsasoa parez pare, itsasargia nire oinetan, belarra ihintzaz blai... eta bakea. Benetako bakea.

Nola iritsi naiz ni egoera honetara? Hemen nago, eserita, bakar-bakarrik. Nork lagunduko dit? Nork entzungo? Tira, kaio polit hori, zu hemen zaude behintzat. Geldi-geldi zaude. Nire istorioa ezagutzeko gogoz zaudela dirudi, eta, erabakitzen lagundu nahi didazula esango nuke... eskerrik asko!

Nondik hasiko naiz, bada? Umetakoak ditut lehen oroitzapenak, oroitzapen urrunak. Ume zintzoa nintzen eta lan besterik ez nuen egiten: eskolako lanak, baserriko lanak... jolasten nintzenean ere anai-arrebak zaindu behar izaten nituen. Lanean beti.

14 urterekin hasi nintzen neskame, etxeberriatarren etxean. Denetarik egin behar izaten nuen. Ez dizut esango lana gogorra zenik, ez. Lehendik ere ohituta nengoen lanera eta bertakoa ez zen makurragoa. Inuzenteak ginen neskatxak garai hartan eta, haien artean, guztien erregina nintzen ni, neska zintzo, otzan eta ezjakina. 18 urte betetzear nintzela ezkontzeko hitza eman nuen.

Joxe... hori mutil zoragarria. Gizon ederra eta jatorra zen Joxe eta ni, ergel halakoa, Joxeri begira beti. Huraxe zen nire egiteko nagusia: zein otordu prestatuko dizut, Joxe? Eroso al zaude, Joxe? Ezer behar al duzu, Joxe? Eta horrela une oro, eguna joan eta eguna etorri.

Daniel, Maite, Jexux, Izaskun, Joakin, Maria, Jon eta Amaia iristen hasi ziren gero. Bai, zortzi aldiz erditu nintzen. Nekatuta nengoen ni, baina Joxek ez zidan atsedenik ematen. Garai hartan jakin nuen karga zer zen. Nire bizitza errotik aldatu zen. Ez neukan Joxeren nahia asetzerik, zortzi ume nituen eta Joxe baino gertuago sentitzen nituen. Nireak nituen, nire luzapena.

Umeak tarteko, etxeko lanak ere hirukoiztu edo laukoiztu egin ziren. Oilarrak jo aurretik eginak nituen nik lan ugari. Gauean ere, dena txukundu arteko bakerik ez nuen izaten. Halakoxea zen nire bizitza, gogaikarria oso. Guztien nahiak bete behar izaten nituen, inork nireei begiratzen ez ziela jakinda, noski.

Urteek nire barrena kiskali arren, hantxe jarraitzen nuen, ezinbestekoa nintzen etxean.

Urteekin umeak etxetik joaten hasi ziren. Arrazoi nagusia Joxe izan zen. Joxek zortziak maite zituela uste dut, baina inoiz ez zien maitasunik erakutsi. Inoiz ez zien lagundu, inoiz ez zien hitz gozorik esan. Beti aritu izan da orroka, gure alferkeria nabarmenduz.

Hala, etxean gero eta gutxiago ginela, lan karga arindu zela pentsatuko duzu. Akaso, hala izango da, baina egia badiotsut, ez nuen nik alde handirik antzeman. Egun osoa lanean ematen nuen, etxeko lanetan ez bazen, bertakoen beharrak, nahiak edo gutiziak asetzen.

Eta Joxe... nik ez dakit Joxek inoiz maite izan ninduen. Argi daukat aspaldi ez nauela maite, baina lehen? Maite al ninduen? Ez dut halakoetan gehiago pentsatuko. Bestela, ikusten duzu nola jartzen naizen, malkoak begietan ditudala. Zenbat aldiz esan ote dit ez dudala ezertarako balio? Joxek ez nau maite, ez ditu nire malkoak merezi.

Azken urteetan sarri amestu izan dut Joxe hilko den egunarekin. Bake-bakean nago orain, eta, Joxe hilko balitz ere, bakean biziko nintzateke. Baina Jainkoak ez du bere albora eraman nahi. Ez ote dut bizitza honetan nahikoa penitentziarik izan?

Gorroto dut nire bizitza. Joxek mundutik isolatu nau, bakarrik utzi nau. Inguruko guztiak urruntzea lortu du eta, beragandik ez ezik, nigandik ere urrundu dira guztiak: seme-alabak, anai-arrebak, bizilagunak... guztiak ihesean joan dira pixkanaka. Ni, guztiaren gainetik senarrari leialtasuna zor niola-eta, nola joan diren ikusten, mutu.

Eta orain... zer egingo dut orain? Gorroto dut Joxe. Bakar-bakarrik utzi nau. Nik zaindu behar al dut orain? Ez, ez du merezi. Ez, ez diot halakorik zor.

Badira bi ordu maletak eta biok etxetik alde egin dugula. Zertan arituko da orain? gosalduko ote zuen? Ez, ez dut uste. Itzultzen naizenean esango didana irudikatzen arituko da. Baina ez naiz itzuliko. Zauri gehiegi ditut eta garrantzitsuena egin dut: etxetik alde egin dut.

Zer egingo dut orain, kaiotxo? Bi aukera ditut, bi besterik ez. Toki lasai eta baketsu honetan betiko agur esan ala bizitzari bigarren aukera eman. Beldurtzen nau agurrak. Erraza da agur esan gabe joatea, betiko atseden hartzea. Baina bizitzak ez al dit bigarren aukera zor? Lasai lo egin, esnatu, pasieran ibili eta pentsatzeko aukera zor dit.

Luze pentsatu dut bigarren aukera horrekin, garbitu bitartean, otorduak prestatu bitartean, animaliak zaindu bitartean... aldapa jaitsi eta zahar-etxera joan naiteke. Nik ez dut behar handirik eta egingo didate tokitxo bat. Maletan behar dudan guztia daukat: zazpi soineko, zazpi kulero, zazpi bularretako, zazpi galtzerdi pare, hiru jertse, bi beroki eta diru mordoxka bat, azken urteetan xarra-xarra aurreztutako diru mordoxka.

Bigarren aukeraren alde egiten badut, galdutakoak berreskuratu ahal izango ditut. Hori da nire ametsa, albotik joan direnak eta nire bizitza bera berreskuratzea.

Ene... ez, ez zaitez erantzunik eman gabe joan, kaio polit. Nora zoaz? Akaso, horixe da zure erantzuna, hitzik gabeko erantzuna. Arrazoi duzu, bai. Aurrera edo atzera, iritsi da mugitzeko unea, hegan egiteko unea. Eta argi dago, urteetako bizitza bizigabeak bigarren aukera zor dit, hori behintzat, ziur.

NOR DA
Miryan Irastorza San Vicente.
Legazpiar gasteiztartua, 1982ean jaioa. Filologia eta Ikus-entzunezko
Komunikazioan lizentziaduna. Irakaslea, Bigarren Hezkuntzan
lana ematen diotenean. Idazle eskolako 1. mailako ikaslea.

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli