Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Ekaitza eta barealdia
7k4  
Marrazkia: Kristina Fernandez  
pdf  

Udako egun eguzkitsu bat da. Herrixkako lakuan bainatzen ari den mutiko bat naiz. Bakarrik nago. Ez daukat lagunik inguruan. Lakuaren erdian, ur epelean etzanda, zeru oskarbira begira nago. Zerbaiten zain nagoela dirudi, baina ez dakit, ordea, zer izan daitekeen. Egun berri baten zain, agian. Neure buruaren zain, behar bada. Beso eta zangoak poliki astinduaz biraka hasi naiz. Gustuko dut igeri egitea. Ikasi aurretik lagunekin korrika aritzen nintzen, tximeleten atzetik, sekula harrapatzen ez genituen arren. Baina aitak irakatsi zidanetik, igeri egitea nahiago dut. Agian hil aurretik irakatsi zidan azkeneko gauza delako gustatuko zait hainbeste. Lagunek ere ikasi zuten, baina urertzetik urrutiratzeari errespetu handiegia diote. Ala nire beldur dira. Batek daki.

Batzuetan murgildu egiten naiz, azpian zer topatuko, baina lokatza, hondarra eta harri koskorren bat besterik ez dago bertan. Hor azpian ez da ezer ikusten, eta udako lehen egunetan ura oso hotz egoten da, baina ez dut beldurrik izaten. Behin iduneko bat aurkitu nuela amestu nuen. Iluntasunaren artetik argi printza bat ikusi nuen eta eskua bere inguruan estutzean konturatu nintzen aurkitutako altxorraz. Baina ametsa besterik ez zen izan. Hala ere, noizbait topatuko dudan itxaropenik ez dut galdu. Eta ez dut galduko.

Paisaia aldatzen hasi da nire begien aurrean. Urtaroak arrapaladan pasa dira, urteak bata bestearen atzetik. Hodeiak laisterka. Euria zaparradan. Elurra mara-mara. Gau iluna isilean. Konturatzerako negu gorria iritsi da. Inoizko latzena izango dela dirudi. Hodeien artetik txinpartak ikus daitezke, talka bortitzen erakusgarri. Ekaitza hastear da. Haizea ziztuka, uluka, ari da.

Orain erdi urtutako glaziar baten erdian dagoen gaztea naiz. Edonora begiratuta ere, ostertzean ez da mugarik ageri. Izugarria da. Izotza kraskatzen entzuten dut, puskatan uretara amildu eta olatuak sortzen.

Bizirik dago, eta ez du gupidarik izango nirekin. Beldur naiz, baina horrela bakarrik izan naiteke ausart.

Umetan bezala, murgildu egin naiz. Ura ez dago izoztuta iada, baina askoz ere tenperatura baxuagoa dauka. Izpiritu anker batzuk somatzen ditut bertan. Antzinako munstroak, iluntasunaren ahaideak. Baina nik ere orban bera daukat barnean. Munduratu nintzenetik nirekin daramat. Hau ere aitarengandik jasoa. Erraiak kiskaltzen dizkidan betiereko sugarra. Eurak baino boteretsuagoa naiz. Badakite. Ez dira gerturatuko. Hala espero dut. Eta uretan murgiltzen darrait. Umetan ez bezala, ezin dut hondoraino ailegatu. Pixkanaka, adorea ihesi doakit. Bila nabilena iduneko bat baino ederragoa da, eta bizia bera baino preziatuagoa niretzat, gu denontzat. Itxaropena. Hasiera berri bati ekiteko aukera. Azken ahaleginarekin hondoraino iristea lortu dut. Kanpoan ekaitza, baina barruan bare dago. Munstroak ez dira inondik ageri. Ez dakit nola, baina neure burua ikus dezaket, uretan, suspentsioan. Zain. Halako batean, bizi osoan sentitu dudan hotzik sarkorrena nabaritu dut ezker besaurrean. Zerbaitek heldu nau besotik. Ez daukat beldurrik. Begiratu beharra daukat. Azkenean topatu ote dut?

Neskato bat da.
Zortzi bat urte izango ditu. Oso polita da. Gris koloreko begi haundiak dauzka, eta bere ile luze eta beltza uhinekin jolasean, barreiatuta dauka. Ekaitzaren koloreko soineko eder bat darama jantzita. Oinutsik dago. Hasieran goibel dagoela iruditu zait, baina irribarrea du ezpainetan. Ezagutu nau. Nik ere bai bera. Orduantxe bakarrik lasaitu naiz. Berak bakarrik lasai nazake. Nire barneko sua amatatu.

Eztanda bat. Milaka irudi zurrunbiloan.
Urertzean belaunikatuta nago, neskatoa magalean hartuta. Negarrez ari naiz. Gogor besarkatu nau. Bere bihotza indarrez taupaka somatzen dut, nire bularraren kontra. Pixka bat banandu eta begietara begiratu dit, inoiz inork egin ez bezala, behatzekin malkoak xukatuz. Bere begiradak gau ilunaren ondorengo egunsentiak baino gehiago hunkitu nau.

-Zergatik egiten duzu negar?
-Beti esan izan didate piztiaren begiak dauzkadala.
Ez al zara nire beldur?
-Ez. Baliteke zure barneko piztia beldurgarria izatea, baina inork ez du bere edertasuna aurkitu nahi izan.
Berriz besarkatu nau.
-Eta nik banekien nire bila etortzekoa zinela.
Urtzi Leonet Santa Cruz
Astigarragan jaioa orain dela 29 urte. Geografia lizentziaduna, eta arotzgintza eta altzarigintza teknikaria. Lanbidez euskara eta dantza irakaslea. Idazle Eskolan lehenengo kurtsoa egin du.


 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli