Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Miopia
7k1
Marrazkia: Kristina Fernandez
pdf

Despistatu hutsa da Mirentxu. Betaurrekoak galdu ditu berriz ere. Hor dabil, madarikazioka, etxean aurrera eta atzera haien bila eta oinak arrastaka mugituz, ezusteko krask! batek 1.000 eurotik gora txiki-txiki egitea saihestearren. Lasaiago behar luke. Finean, honez gero ohituta behar du, benetan baita despistatua eta jakin bai baitaki ditxosozko betaurrekoekin topo egingo duela halako batean. Baina denbora pasa ahala gero eta ozenago ari da madarikazioka.

Gaur ikaragarri amorratzen ari baita, ikaragarri luze baitarama betaurrekoen bila. Gutxienez, hamar minutu. Ondo graduatutako hamar minutuk di-da batean egiten dute ihes, baina miopia duenak badaki betaurrekorik gabeko minutuak txakurren adina bezalakoak direla. Zazpinaka kontatu behar direla, alegia. Eta minutuak argi-minutu bihurtzen dira argitasun handirik gabeko une horiek jasan behar izaten dituenaren begietan.

Kolpea, bat-batean, etxeko sarrerako ateaz bestalde. Mirentxuri ez zitzaion beste munduko ezer irudituko hots hori, ziurrenik, gainean graduazio egokia izan balu. Baina betaurrekoen faltak itsututa, sekulako danbatekoa entzun duela begitandu zaio. Beldurrak airean, behatxulotik begiratu-edo egin du. Silueta ilun bat dabil eskaileren arteko korridorean. Pareko auzokoaren atondoan dabil orain, baina jiratu da... Mirentxurenera gerturatzen ari da.

Kirioak dantzan ditu oraintxe Mirentxuk, bereak egin duela ziur. Izan ere, dutxatu berritan lepoaren alde banatan bota dituen kolonia tanta biek inoiz baino usain sarkorragoa dutelakoan dago betaurrekoen faltak itsututa, eta atearen bestaldean dagoen madarikatu horrek igarriko diola. Eta atea danbateko batez botata garbituko duela Mirentxu, egur mardularen azpian harrapatuta.

Halako batean, argiune bat izan du Mirentxuk. Argi-minutu bat. Bere buruaz lotsatu da, konturatu baita asmatu berri duen horrek ez duela ez hankarik, ez bururik. Hi haiz hi txotxola, pentsatu du. Ateari danba eta ziplo geratu, zera.

A zer txotxolokeria. Haien modus operandi-a ez baita halakoa.

Izan ere, argi-minutu horretan gogoratu du haiek ez direla etxeetan horrela sartzen, eta ez dutela jendea horrela hiltzen. Garbi azaldu zuten hori lehengoan telebistan, Kosovoko albaniarren banda hari buruzko erreportajean. Argi eta garbi. Modus operandi-ari jarraiki, atez bestaldeko silueta horrek abisua pasako zien lagunei, walkie-talkiez. Hamar bat minutu barru etorriko dira, eta lasai egon daiteke hortaz, ordura arte siluetak ez baitu bere etxeko atea botako. Hala, Mirentxuk denbora izango du atetik aldentzeko, sikiera. Lagunak datozenean bai, orduan denen artean atea bota, etxean sartu, Mirentxuri buruan tiro egin eta hortxe geratuko da zerraldo, dena lapurtzen dioten bitartean.

Horixe modus operandi-a. Ondo gogoratzen du berak telebistan esandakoa. Tira, hori uste du behintzat... Izan ere, betaurrekoen faltak itsututa oroimena ere lausotu zaio pixka bat Mirentxuri. Ahaztu egin zaio banda horretako kideen nazionalitatea zein den ere ez dakitela, etxe hartan bizi zen familia oporretan zela jakitun egin zutela lapurreta, puntako teknologia zutela atea isilka irekitzeko... Ah, eta lapurtu zuten hura hiru solairuko luxuzko txaleta zela, eta ez 60 metro koadroko pisu apala. Baina bost axola Mirentxuri detaile horiek, hiltzear dagoenean. Bost axola Mirentxuri hori guztia, betaurrekoak galdu dituenean!

Kalkuluak egiteari ekin dio. Minutu bat-edo pasa berri du telebistan ikusitako erreportajeari bueltaka, beraz, bederatzi minutu-edo geratzen zaizkio bizitzaz gozatzeko. Eta hil aurretik azken kafe katilukada hartu behar duela otu zaio. Pentsatu du bost minutu pasatxo beharko dituela kafea prestatzeko. Ia lau minutu geratuko zaizkio, beraz. Eta beste minutu bat kendu du hortik, badaezpada, modus operandi-en matematikak ez baitira zehatzak. Ia hiru minutu azken kafeaz gozatzeko. Ez dago gaizki.

Bost minutu pasatxoren buruan, katilura isuri du kafea, eta katilutik kanpo ere bai pixka bat, oraindik miope jarraitzen baitu. Bota du azukrea ere. Baina betaurreko faltak itsututa oraindik mikatza dagoela iruditu zaionez, eta betaurreko faltak itsututa dagoeneko azukrea izan baduela ahaztu zaionez, gehiago bota dio. Eta munduko kaferik gozoena munduko kaferik goxoena iruditu zaio, betaurreko faltak itsututa hiltzeko duen usteak itsututa.

Eta hala, une zoriontsu horretantxe bertantxe, argiunea izan du Mirentxuk. Benetako argiunea. Bat- batean, azken ordu laurdenean-edo ez bezala, zama arina sumatu du buru gainean. Hara non, betaurrekoak!

Argia janztearekin batera erantzi ditu ilunak Mirentxuk. Miopia duenak badaki zer den hori. Behatxulora gerturatu da. Ez dago ziur zerekin egingo duen topo, baina orain ez dago itsututa, eta badaki ez dela Kosovoko albaniar lapur/hiltzaile bat izango. Hara non, pareko auzokoa, fregona eskuan, korridorea garbitzen! Fregona, aizu. Eta Mirentxu Kalashnikov bat zelakoan.

Lastima lehenago ohartu ez izana. Auzokoa kafea hartzera gonbidatuko zuen. Izan ere, munduko kaferik gox(z)oena atera zaio, orain dela minutu eskas bukatu duen hori. Ez zaio berehalakoan aterako berriz halakorik. Betaurrekoak atzera galtzen ez dituen arte ez, behintzat.

Donostian jaioa, 1984an. Kazetaritzan lizentziatua.
Idazle Eskolako lehen maila bukatu du.

 

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli