Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 HAMAIKA KONTU ETA KONTU BAT GEHIAGO 
EGUNEROKOAren zirriborroa

09-10-25

Ai ama! (H)au da (h)au (h)arria! (H)asi behar eta ez asmatzen nola!

Ahalegina. Terek eguneroko eredu desberdinak eskaini dizkigu: batzuk literarioak, besteak ez literarioak. Ahaleginduko naiz, bada.

Agian, puzzle itxura hartuko du egunerokoa baino “auskalo zer den” honek.

Alfabetoa izango dut ardatz eguneroko errutinatik aldentzeko, nire burua gai desberdinei lotzen behartzeko. (H)asiera emango diot, bada, eskaturiko lanari.

Ateri. Domeka goiza.

Aupa! Despertadoreak jo du. Aupa, Beñat! Irurtzungo frontoira. Hotza. Pilota partidua galdu. Beste desilusio bat. Euria. Etxera. Epeltasuna.

09-10-26

B ai, Lola; gaur zurekin akordatu naiz. Atzo, Aitor ez zela bere andrea bezalakoa esan zenidan, Aitor bestelakoa zela. Gaur zurekin gogoratu naiz, Lola, Aitorrek nire autoaren atzeko aldean bere kotxe gorria pega-pega eginik autobideko kilometro luzeetan sekulakoak botatzen zizkidan bitartean demasiako keinuak egiten zituen bitartean. Aurrera begira nengoen ez bainituen begiak ispiluan iltzatu nahi, ez bainion kasurik egin nahi, baina, hala ere, hitz bat argi eta garbi irakurri ahal izan dut haren ezpainetan: zorra.

09-10-27

Carajo! Sukarrak ohean nauka gaur. Lo nago. Lo sakonak, ordea, ez dit eragozten belarri inguruan dabilkidan euli zikina entzutea. Lazkagarria! Atzera ere hemen! Jose Luis Sampedro guztien irudia etorri zait. Gizajoak!

09-11-14

Debaldekoa izan balitz jende gehiago animatuko ote zen? Ez, ez dut uste.

Euskal Herriko Bertsolarien Elkarteak antolaturiko txapelketa pil-pilean dagoen une honetan, bertso saio xumea izan da gaur Altsasun. BEC lepo dagoen bitartean, honez gero sarrera guztiak agorturik omen daude eta, Iortian 33 lagun egon gara, 33 zehatz-mehatz, Peñagarikanok “kontatu zaituztet…” esan digu eta.

Kultur etxeko beste aretoa gainezka zegoen abesbatza bilkurako ahotsei entzuten, baina egia esan dezagun: ikuskizun horrek ez dio gure emanaldiari bezerorik kendu, beraz…

Xilbeira falta zelako saioa ordu erdi beranduago hasi da Xilbeirarik gabe. Bertsolariek nahiko txiste eta entzuleok nahi barre egin dugu horren kontu.

Jon Martin oso ondo aritu da. Ez nuen ezagutzen eta gustatu zait. Eserlekuan goxo baino freskoago jarrita nengoela, gure Legazpiko amona etorri zait burura. Hari ez zitzaizkion bertsolariak gustatzen bere garaian apustu handiak egiten omen zituztelako eta baten batek baserria ere galdu omen zuelako. Zer pentsatuko luke gaur egungo bertsolariez eta bertsolaritza hartzen ari den indarraz? Zer gauzatzen ari den aldaketaz?

09-11-17

Egunerokoaz ari garela, nik ez neukala ohiturarik adierazi nizuen hasierako idazlantxo batean. Orain, berriz, diziplina-ariketatzat hartu dut eta egunero ez bada ere, maiz koaderno aurrean jarri eta lerro batzuk paperatzen saiatzen hasia naiz.

Eredu desberdinak ikustatzeagatik ere ez naiz inspiratzen. Azkena, Iruñeko adiskide batek utziriko Lev Tolstoiren “Diarios (1847-1894)” izan da. Tarte batean bere egunek ez dutela kolorerik aipatzen du. Gustatu zait ideia eta K tokatzen denerako gordeko dut.

Saramagok ere, beste idazle askok bezala, “Cuadernos de Lanzarote. Diario I, Diario II, Diario III” delakoetan iritziak, emozioak eta ideiak plazaratu zituen. Gustatzen zait Saramago. “Ensaio sobre a Cegueira” ikaragarri gustatu zitzaidan orrialderik orrialde gehiago larritu, ito, estutu arren. Istorioan oinarrituriko filma ekoiztu omen dute; ez dut uste ikusiko dudanik, liburuak dioena ongi islatzen badu ikaragarri gogorra izango da eta. Ez, ez dut uste ikusiko dudanik.

“Cuadernos de Lanzarote” ere irakurri beharreko zerrendan gehitu dut.

09-11-17

F oie Freskoa erosi dut gaur afaltzeko. Zartagina bero dagoela, buelta eta buelta. Umm, plazerra.

Isiltasuna eta haizeak astinduriko arbolen adarren arteko hotsa; gustuko artista baten irudia eta naturak eskaintzen dizkigun bazterrak; maite duzun eta maite zaituenaren irribarrea; mimoz prestaturiko bazkaria eta ardo beltz ona; lagunarteko tertulia eta berotasuna; gertuko eta urrutiko bidaiak; sexua; mendi buelta bat eta kontzertu on bat eta liburu on bat. Plazerrak.

09-11-19

G aur Goizean Garbiketan ari nintzen mezu berri baten hotsa aditu duenean. Goiz xamarra zen, lanera joan baino lehen etxea txukuntzea gustatzen baitzait; beno, egia esateko, txukuntzea baino txukun ikustea da gustatzen zaidana nahiz horretarako lehentxeago mugitu behar.

 

Garai horietan…malo! Xabirena zen sms-a: lagun baten aita hil dela esaten zuen. Bat-batean, aurre-abisurik gabe. Bart ez omen zen ondo sentitzen, hala ere, eguna ondo xamar pasatu zuela. Gaur goizean hilik aurkitu dute. Ohean. Hotz.

 

Herenegun plazerrez aritu nintzen orrialde hauetan bertan. Gaur heriotzaz.

09-11-21

H i! Zer habil? Zer ari haiz egiten hire bizitzarekin? Zer egin duk azkeneko 23 urteetan? 53 urte bete dituk gaur; 30 urteekin ere ezin esan haur mukizua hintzenik, ezta? Eta nola egin huen hura? Denok, hik ezik, ikusten genian harrapaturik hinduen gezur kate hura. Behin baino gehiagotan galdetzen zioat neure buruari nola gertatu zen guztia baina badakit ez diodala ezer esango, hasierako inkomunikazio hark ez zian eta zirrikitu txikienik ere uzten. Ez diat zorionik opatuko, ez duk merezi.

09-11-23

I ñigo Aritza Ikastolan gurasoei zuzenduriko Hezkuntza Sexualaren inguruko Ikastarotxo bat izan dugu. Hezitzaileak, bertako haur/gaztetxoen artean eginiko inkestaren arabera, gaur egun gure seme-alabak ere matxistak direla adierazi digu.

Hau pena! Nola errepikatzen diren klitxe zaharrak, portaerak…?! Askok ez dute, bada, era horretako errealitate eta transmisiorik jasotzen etxean! Nondik jasotzen dira orduan ideia oker horiek? Bistan da asko dagoela/dugula egiteko!

09-11-25

J adanik 27 urte pasa dira. Gaur 79 urte beteko zenituen gaitz gogor hark eraman izan ez bazintu. Lore bat utzi dizut, ama. Beti arte.

09-11-26

K olorerik al du gure bizitzak? Gure egunek, ba al dute kolorerik?

09-11-27

Laboaren “Xoriek” aditzen ari naiz. Zein ederra den! Mikel Laboa ezagutzeko aukera izan nuen. Pena sentitu nuen irratiak hil zela jakinarazi zuenean. Artista handia zen. Zurriolako eszenatokiak ikusi zuen bere zuzeneko azkeneko kontzertua. Egun hartan beste kantari handia izarra bazen ere, jende askok Mikel ikusi nahi izan zuen azkeneko aukera izango zela jakin izan bazuen bezala. Ezker-eskuineko pantaila erraldoiak agurraren lekukoak izan ziren.

09-11-29

LL ueve. Xobe. Il plue. Euria ari du. Gaur ez dut ezer idatziko. Ez dakit zer idatzi.

09-12-01

M-z hasten dira nire mugikorraren agendan letra bakarrean dauden izen gehienak: Maite, Mamen, Mariaje, Maribel, MariLeze, Marisabel, Maritxu, Martin, Mertxe, Mikel, Minela, Miren… Batzuk errepikatu egiten dira, gainera: Maite, Mikel... M letra eta nire agendan agertzea dute ezaugarri amankomun bakarra guztiak oso pertsona desberdinak baitira.

09-12-02

N-z hasten dira gure deklinabideko kasu gehienak. Baina Nork irakatsi Nori Nola egin dezakegun aurrera era eraginkorragoz ? Bihar Euskararen eguna. Bihar Nafarroaren eguna.

09-12-04

O stirala da gaur. Hemen, Nafarroan, zubi luze baten erdian gaude baina bihar ez daukat festarik, bihar normaltasun osoz izango dira eskolak Bergarako UNEDen, Euskal Autonomi Erkidegoan.

09-12-07

P ezetak. Gaur ere, nahi gabe, nire burua pezetetan kontatzen aurkitu dut. Historia zati bat. Gure gurasoek durotan kontatzen zuten, eta xentimoetan. Gu ere xentimoetan pentsatzen hasiak gara gero eta garestiago den euroaren kariaz.

09-12-10

Q Kalitatearen ikurra. Zer da, ordea, benetako kalitatea? Beharrezko txosten eta egitasmoak bete, paperez bete, edo langileengan pentsatzen hasi eta langileria kalitatezko baldintzetan edukitzea?

09-12-11

R aketa, roskillak, Ramon eta Ramona, rodilloa, rekluta, robota. Rekluta eta robota istorio berean? Ez, ez. Raketa ere ez, ez da Ramon eta Ramonaren unibertsokoa. Regadera, reglamentoa, ridikulua. Ruanda? Apika, Ramonaren ahizpa zaharrena misiolari ibili baitzen, ez dakidana da Ruandaraino bidaliko zituzten. Rodesiara? Ez, Perura joango zen.

Renterian izango zuten jaiotetxea eta Pariseko Rue printzipal bateko etxe batean neskame egongo zen Ramona bera.

09-12-13

“S herafine” , 1912ko 42 urteko neskame frantziarra da. Margotzea du pasioa. Errespetu handiz tratatzen duen Naturak ematen dizkio margolanetan erabiltzen dituen koloreak. Kritiko alemaniar batek kasualitatez deskubrituko du eta margotzen segitzeko animatuko du. Gerrak dena hankaz gora jarriko du, ordea: kritikoak alde egin beharra, lan falta, gosea, hotza. Hala ere, Sherafinek margotzen jarraituko du eta bizitzak berrelkartzen dituenean alemaniarrak artistaren obra ezagutaraziko du. Eromenak ez dio margolariari bere arrakastaz gozatzen utziko.

Gustura ikusi dut filma.

Zenbatetan elkartu izan diren talentua eta eromena, ezta? Talentuak erotu arazi ala eromenak talentua sortu?

Erosiko niokeen koadro handi haietako bat Sherafineri!

09-12-14

Txantxangorria ikusi dut gaur eta erremediorik gabe zuregana eraman nau, aita. Honez gero badira zazpi urte agurtu gabe joan zinela, zazpi. Psikoterapeutak esan zidan ni kanpoan nintzela aprobetxatuz eskapo egin zenuela neuk ez bainizun alde egiten uzten.

Txantxangorriak ez gintuen gaur arte aurkituko ez zuelako jakingo non bizi ginen, ez gara eta gure etxean bizi, aita. Zuri bisita egin ondorengo jolasetan, ezustean, gurera hurbilduko zen papargorria, orain ama eta zugandik gertu-gertu bizi garelako. Etxe atzekaldeko poste baten gainean pausatu da, xuabe, isil. Niri begira zegoela zirudien, konturen bat esan nahian bezala. Hitz egin al du zurekin? Hemen gaudela kontatu al dizu? Ondoren, mirua, dakien dotoreziaz, bila etorri zaioenean bere hegal txikiak zabalduz, aireratu da, xuabe, isil. Hurren arte, txantxangorri, orain badakizu hemen gaudela.

09-12-16

U rduritasunak jota nagoela sentitzen hasia naiz neuk markaturiko egunerokoaren ibilbidea bukatzen ari delako eta hauxe aurkeztu beharra dudalako. “Usteak erdiak ustel” esaten da, baina kasu honetan uste dut…

Ez dakit, ez naiz batere ziur sentitzen.

09-12-17

V enezuelara joan ziren 50. hamarkadan Luis eta Katali.

Venezuelara joan ziren zerbait hobearen bila , hobea diot biek bazutelako lana Euskal Herrian. Luis Renfeko elektrikaria zen. Tolosan zuen postutik Gipuzkoako trenbideko posteetara igoz argi-indar aberiak konpontzen zituen. Maiz kontatzen zuen behin baino gehiagotan ikusiak zituela huts egite batengatik lurrera zerraldo eroritako lankideak. Ez zegoen tontakeriatan ibiltzerik.

Bi pasio zituen Luisek garai hartan: akordeoia eta Katali. Denborak aldatuko zuen lehena bere antzik ez zuen seme rubio-rubio harengatik, ez ordea bigarrena, Katali bizitzaren pasioa izan baitzen hura hil eta hogei urte beranduago arte, Luis bera hil zen arte.

Akordeoi hark Urdiain bere jaioterriko arratsalde bat baino gehiago alaitu zuen. Arratsalde ilunabarretan, etxeko atarian jarrita aldamenekoak eta lagunak elkartzen ziren irratia ailegatu gabea zen artean.

Sakanako herrietan ere animatzaile ibili zen festarik festa, parrandarako gogoa zutenak atseden handirik gabe ibil zitezen.

Urte haietan ez zegoen Sakanan musika-eskolarik. Ordurako Taberna, organo jole famatu hura alde egina zegoen Altsasutik. Luis, mutiko kozkorra zela, Altsasuko tren-geltokian txirrindula utzi eta Zumarragara, solfeo ikastera, eramango zuen trena hartzen zuen; kontentu mutila.

Diru pixka bat bildu zuenean, behin lanean hasita, Donostiako Egia auzoko Larrinaga-Gerrini musika-dendan akordeoi ederra erosi ahal izan zuen; kontentuago gizona.

Bakailao-ontzi batean kontratatu nahi izan zuten haien bidaia luzeegiak anima zitzan. Ez zuen,ordea, onartu. Ez zuen Katalirengandik urrundu nahi.

Katali zen beste pasioa. Pasioa.

Donostian zerbitzatzen jarri zenetik asteburuan bakarrik elkar ikus zezaketen, arratsaldez, bi orduz. Paseo Berria izan zen bikotearen paseo haien lekuko isila.

Casa Nicolasa, garaiko Donostiako jatetxe ospetsuan egiten zuen lan Katalik. Sukaldean, “officcean” lanean aritu arren “señorita de compañía” behar zuen atso dirudun bat ezagutu zuen eta harekin joan zen Venezuelara.

Haren atzetik Luis joan zen.

09-12-20

Y o, euskaraz: “Ni”. Euskarazko irakasle garenok badakigu zer gerra ematen digun zorioneko ergatiboak, ezta? Horren harira gure ikasle baten anekdota kontatuko dizuet, baina aurretik azalduko dut Iruñean edo Lizarran (Xabik ederki ulertuko du azaldu nahi dudana) euskara eskolak ematea ez dela erreza, ez behintzat lortzen diren etekinen aldetik. Ikasle gizajoa horretan ahalegintzen ari zen eta, halaxe, gaztelaniaz ari zen batean ez zuen ba, bota: “yok…!”

09-12-22

Zalaparta handiko eguna izaten da gaurkoa sari gizena egokituz gero, baina nik ez dudanez loteriarik erosten (lankide eta lagunartekoa izan ezik) nahiago izaten dut oporrek eman ohi diguten saria. Eta Olentzero, edo Mari Domingi, edo gure Basoko Marik ekarri ohi dizkiguten une magikoak.

Aurten ere haur txikien liluraturiko begiradak niregan pausaturik sentitu ahal izan ditut. Mari Domingi eta Olentzeroren basotik ekarritako azeritxo, zozoa eta txepetxaren kontuek harrapaturik, isil-isilik, aho-zabalik, geldi-geldi. Irakasleak haur ausartena altxatu arazi eta tori, Mari Domingi. Txupeteak, saskitxoa esku dardartiaz luzatzen dion bitartean.

Hori da hori sari potoloa! Magia ez dela existitzen? Nork dio hori?

Izaskun Etxeberria

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago