Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
luma7_18  
Zubi irekia

Txilen, Neruda jaio zen tokitik hurbil, San Pedro herria oihana eta 'Infernuaren Ahotsa' deritzan amildegiaren artean isolatuta dago. Eta hutsune hori lotzeko ahaleginean, zubi baten hezurdura amaitugabea aurki daiteke.

Herrikoei galdetu nien baina inork ez zuen zubia erdi eraitsirik lagatzeko arrazoia ezagutzen: San Pedrora heltzeko bide motzena handik pasatzen bazen ere, gobernuak alternatiba moderno eta azkar bat aspalditik egina zuen. Halere, tabernaren aurrean, nire jakingura ikusita, harrizko bankuan eguzkitan jazarrita zegoen agure batek 'zubi irekia'-ren istorioa kontatu zidan.

1973. urtea izugarri latza izan zen Txilen: aberatsek eta eskuinak bultzatutako greba orokorrak, estatu-kolpea, Allende presidentearen erailketa, diktadura, genozidioa. Pinotxetek berehala arazketa prozesua jarri zuen martxan komunista, eta, oro har, bere esanetara belaunikatzen ez zen edozein garbitzeko. Hori honela, herio karabana herririk herri abiatu zen susmagarrien bila. Gutxi batzuk Santiagora preso bidali arren, gehienak bertan akabatzen zituzten besterik gabe. Baina San Pedron naturak ezarritako oztopoa ezin zuten saihestu: herrira sartzeko bide bakarra 'Infernuaren ahotsa' gurutzatzen zuen enbor zubia zen. Eta hiltzaileak gerturatzen ziren bakoitzean, ikusezineko esku batek zubiaren sokak mozten zituen biktimei ihes egiteko denbora emanez.

Pinotxetek, amorru bizian, harrizko zubi bat eraikitzea erabaki zuen, bide batez betiko bere boterea gogoratuko eta laudatuko zuena. Txile osoan, alabaina, ez zioten hain amildegi zabala eta sakona menderatzeko gai zen inor aurkitu. Azkenean, Patagoniako bere erretirotik Hegoamerikako zubi-egilerik famatuena, Salomon Hiram izenekoa, ekarrarazi zuten. Diktadoreak modernitatea eta justizia Txileko bazter guztietara eroateko bere gurutzada santuan laguntza eskatu zion.

Hiram jaunak ez zien Pinotxeten berbei apenas jaramonik egin, amildegiaren deskribapenarekin liluratuta baitzegoen: testamentu moduko zerbait ikusgarri bezain ahaztezina lortzeko aukera emango ziona..

San Pedrora bizitzera joan eta, hilabete askoko lana izango zuelakoan, 18 urteko alaba berarekin eraman zuen. Emaztea eta bigarren alaba erditzean zenduak zirenez, zubigintza eta alaba ziren munduarekin lotzen zuten interes bakarrak.

Inongo diru mugarik gabe, gogoz lotu zitzaion lanari. Mekanismo berezi bat garatu zuen, askok lehenago kimeratzat jo izan zutena: zutabeak ez ziren amildegiaren hondotik igoko, alboetako hormetatik baizik. Horretarako, zutabeen lana beteko zuten bi beso diseinatu zituen: ukondoek galtzadari eutsiko zioten eta eskuek, haitzari. Nolanahi ere, urtebete igaro zuen arrakasta barik, zirriborroetan marraztutako prototipoak astunegiak baitziren. Ñabardura txiki bat falta zitzaion kontzeptua borobiltzeko eta puntu horretan gelditu zen trabatuta.

Gauetan, herriko maisuaren konpainiaz gozatzen zuen. Mutil adoretsu eta idealista zen, hiritik alde egin zuena nekazariei kulturaren bitartez miseria gainditzen laguntzeko.

Alaba eta biak berehala maitemindu ziren eta elkarrekin joaten ziren herriko asanbladetara. Neska argia izaki, laster bereganatu
zituen laborarien aldarrikapen eta premiak.

Horregatik, egun batean Hiram jaunaren lanaren muina jakinda, boteredun eta sarraski-egileekin ez kolaboratzeko erregutu zion, denen laguntza giltzarria zela bidezko gizartea sortzeko borrokan. Aitak, bere asmo onak ikustean irribarre egin zuen: gaztetan bera ere politikan ibilia zen eraikuntzaren mundu magikoan murgildu arte. Bizitzan pertsonen artean zubiak eraiki behar zirela erantzun zion, ez bota, eta bere lanak on egingo ziola herriari.

Alabak negarrez alde egin zuen eta zubiegilea kontzentratu ezinik gelditu zen. Pentsamendu nahas-mahas horretan entzun berri zuen berba bat gailendu zen: giltzarria. Antzinako arkuak ixten zituen harria zen, erdikoa, zama guztia jasaten zuena. Hori barik arkua ez zen mantentzen. Bat-batean, oso garbi ikusi zuen: zubi berriak giltzarriak behar zituen arintasunari sendotasuna emateko; diseinua amaitua zegoen.

Bigarren urte baten bueltan, beirazkoa zirudien artelan mehe bezain gogorra amaitu eta 'Etorkizunerako atea' izendatu zuen. Hiru arkuetako harriek, katedral gotikoen teknikari jarraiki, ez zuten argamasarik behar, elkarrengan bikain ahokatzen baitziren, giltzarrien bidez pisua banaturik.

Inaugurazioaren aurreko gauean soldaduek, pazientziari ezin eutsirik, herrian ilunpean sartu eta gorri nazkagarri guztiak arrastaka bildu zituzten plazan. Hiram jaunaren etxeko atea ostikoz bota eta alaba iletik tiraka hartu zutenean, akats bat zela ihardetsi zien, Pinotxetek berak bidalia baitzen zubia eraikitzera. Soldaduak, duda-mudan, diktadorearen enkarguz joandako jeneralaren aurrera eraman zuten. Honek, irribarre faltsua ezpainetan, sentitzen zuela eta salbuespenik ez zegoela jakinarazi zion. Alaba, maisua eta herriko susmagarri guztiak zubira eroan eta handik amildu zituzten.

Biharamunean goi-karguz bete zen 'Etorkizunerako atea'. Oihan ertzean jenerala inaugurazio- zinta moztu eta bere soldaduekin erdira abiatu zen, umore ezin hobean.

"Gaur, zubi honen bitartez, gobernuak atea ixten die komunista eta aberriaren traidoreei. Hemendik aurrera, justiziak bere bidea egingo du." Eta txanpain botilak ireki zituzten euren garaipena ospatzeko, musika banda eta guzti.

  luma7_19

Hiram jaunak, bertan egotera behartua , mailu bat atera eta, erdiko begiaren gainean, bere indar guztiekin egundoko talka eman zion arku-giltzarri nagusiari. Soldaduak erreakzionatu baino lehen, beste bi kolpez giltzarria erauzi zuen. Zubiaren oreka hautsita, hartxintxarrez osatua balego bezala desegin zen airean, bi besoak bakarrik geratu ziren haitzari helduta.

Agureak amaitzeko esan zidan moduan, ate hori ez dute sekula ere zarratzea lortu.

 
 
 
 
 
 
 
 
 

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli