Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Kurt Cobain
Atzo Kurt Cobainekin egin nuen topo. Bertsioak jotzen dituen musika talde bat ikustera joan nintzen Gatuzain aretora. Hurbildu zitzaidanean, ez nuen ezagutu. Ilea motz, astebeteko bizarrarekin, aurpegi zurbila zuen, baina begiradari, aldiz, lasaia iritzi nion. «Kaixo lagun, surik bai?» galdetu zidan ingelesez. Eskainitako zigarroa onartu eta, kontzertua hasi bitartean, hizketan hasi ginen.
59  
pdf  

Biok ere ez genuen taldea ezagutzen, baina 70eko eta 80ko hamarkadetako Estatu Batuetako rockeko abestiak jotzekoak zirela adierazi nion. «Ederki,–gaineratu zuen– gaur gauean gustura entzungo nituzke Led Zeppelin edo Pixies-en klasikoak». Horiei eta beste batzuei buruz jarraitu zuen, abiadura bizian, bakarrizketan liluratuta, hemengo baxu-jotzailea, hango ahots paregabea, besteko disko zirraragarria…

Bizpahiru minutuz isilik egon nintzen, erraza ez dena nire kasuan, guztiari buruz hitz egin eta iritzia ematea gustatzen baitzait. Agertu zuen pasio bitxiak erakarri ninduen. Bitxia, askatasunari ziegatik moduan aritu zelako. Gozo, baina eremu gazian balego bezala. Bai bataren bai bestearen, azken ertzeraino heldu ondoren, bien amildegiak begiztatu izanagatik ere, inoren, baina gehienen, tarteko lur zati idorrean, arrotz dabilenaren gisan. Zerbait erantsi behar eta, nekien gutxian babestuz, 90eko hamarkadak nigan eragin handiagoa izan zuela egin nion zirt. «Pearl Jam, baina batez ere, Nirvana! Badakit mugimendu hura rockaren eboluzio bat gehiago izango zela, baina nire gaztaroko oroimenak dira eta…». Hortxe izan nuen lehen susmo lainotua, bere begiei eragindako sorpresa mikatza. Aretoko zoko ilun hartatik ez zuen, ordea, burutazio hutsetik harago joan behar.

Gazteagotan, talde horien kontzertuetan bizitako abenturatxoak, puztu samar, kontatzen bukatu, eta kasik esaldiari punturik jarri gabe, «Kurt Cobainen traza hartzen diat» bota nion, bere hazpegiak hobeto ikusteko pausotxo bat aitzina emanez. Komentario honek, ziur asko hainbatetan entzundakoak, min egin zion. Baina ez asperdurazko mina, gauza bera aditzeaz ohituta dagoenaren maskarak islatzen duena, aurrez ere bere oskola zulatua duenarena baizik.

Haren ondorengo urduritasunak eta azaleko irribarre behartuak ez ninduten istantean balizko egiara zuzendu. Aitzitik, besapetik behera izerdia nabaritu, eta esan behar ez zena esatearen damuaz bustita sentitu nintzen. Hanka sartu izanaren ziurtasunak eta kirioak dantzan sentitzeak zegokion lekura itzuli zuten aurrera emandako urratsa. Beste hainbatetan legez, tiki ikusi nuen neure burua, zergatik jakin ez arren.

Funtsik gabeko barkamena eskatzear nengoela, trantze hartatik ihes egiteko zulo beltzaren bila, bera aurreratu zen. «Triste egotearen erosotasuna botatzen dut faltan». Agertokia argiztatu eta taldekideak azaldu ziren. «Betidanik nahi izan nuen rock izar bihurtu, jendeak nire abestiak entzun zitzan, gure musika ahalik eta toki gehienetara hel zedin». Ez nuen kanta ezagutzen, baina entzuleria disfrutatzen ari zen lehen akorde haiekin. «Eta lortu egin nuen. Iritsi nintzen. Eta zinez gozatu nuen. Hasieran zoragarria izan zen arrakasta lortzea. Musika ona egiten genuen eta jendeak atsegin zuen. Baita komunikabideek ere! Egia esan, hauek abesti onak zabaldu eta ezagutaraziko balituzte, gustu oneko musikazale gehiago egongo litzateke. Baina badakizu zerk agintzen duen». Jada ez zen han bertsiorik; benetakoa zen, originala, han entzuten zena… zuzenekoan soilik bizi daitekeena.

«Baina loria bezain gauza okerrik ez dut ezagutu. Behin gurpil zoroan murgilduta, esan edo egiten nuen edozerk, izugarrizko garrantzia zuen zenbaitentzat. Bat-batean, komunikabideak une oro gainean sentitzen nituen, baita zale fanatiko andana ere. Guztiak galdezka, eskean, puta bat bainintzan. Saiatu nintzen ahalik eta ondoen jasaten, berezkoa dugun desorekan zutik mantentzen, adabakiak lagun garrasi egiten… baina ziur asko ezaguna duzu amaiera. Bizitzeko aukera bakarra hiltzea zen… edo hori sinetsaraztea». Musika isildu eta agertokia hutsik geratu zen.

Bisak falta baziren ere, alde egin genuen, ez zituela eta maite. Nahiago omen zuen terrazara igo eta zerura begira egon. «Urteak eman nituen itsasoan, merkataritza ontzietan batetik bestera, anonimotasunean. Hango gauak ez zuen flash edo fokurik, ilargia eta izarrak nituen lagun soil, eta denbora batez, libre sentitu nintzen, neure kaiolatxoa topatu nuelakoan. Nahi baino estuagoa gertatu zen ordea, iraganak atzeman baininduen azkenean».

Eraikinaren gainaldean paseatuz, larrialdietarako eskailera zegoen izkinaraino iritsi ginen. «Gehiagotan ere tokatu izan zait, ni ez naizela bera esan beharra. Baina morroi hark ezagutu ninduenean, ikaratu egin nintzen. Garai hartan ez nenbilen behar bezain erne, eta bat-batean, izututa nengoen, aspaldiko mamuez inguratua. Irteerarik gabe aurkitu nintzenean, bizi-senak agindu zidan. Akabatu egin nuen. Izan ere, errazagoa baita beste norbait hiltzea zeure burua baino». Eta akabatu egin nuen.

Iban Balerdi

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli