Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
nabarra_auzokoa.png
pdf
 Larunbat Fever

Musikaren erritmoa jarraitzen zabiltza, burua atzera-aurreraka astinduz. Eskuan duzun kubata zigizaga dabil alde batera eta bestera edalontzitik noiz irtengo. Aldiro, eskuz aldatzen duzu hotzaren hotzez eskuak gogortu ez dakizkizun. Izan ere, ohi duten legez, edari gutxiago kabitu dadin izotz franko bota diote zure edalontziari.

Jende asko dabil, gehiegi, ia ez duzu mugitzeko lekurik ere. Biztu eta itzaltzen diharduten argiek euren mugimenduak robotenak bailiran ikusarazten dizkizu. Dakizkizun abestiak gogoz abesten zabiltza, kokotsa altxa eta begiak itxita. Ez duzu nabari zure ahotsa zein den txarra, musikaren bolumenak ia oso-osoan estaltzen baitu. Ez dakizkizunak, ingelesez direnak batez ere, hortzartean abesten dituzu, inor zure ezjakintasunaz ohar ez dadin.

Batek daki zenbatgarren tragoa den eskuan duzuna. Zenuen lotsa apurra ere galdu duzu dagoeneko eta astiro-astiro hankak mugitzeari ere ekin diozu, baten bateri eroritako tragoak lurrera itsasten badizkizu ere. Ez du berorik egiten, baina jendetzaren artean izerditan hasi zara.

Tupustean, musikak erabat hartuta zauzkala, zure atzealdetik agertu diren esku bik estali dizkizute begiak. Nor izan daitekeen pentsatzen hasi zara. Eskuinera jiratu duzu gorputza eta ezkerrera gero, baina berak zure mugimenduak jarraitu ditu eta ez duzu ezer ikusterik izan. Deblauki, bularrak sentitu dituzu bizkar aldean eta neska dela konturatu zara. Diskotekako foku bortitzen argia atzamar bitarteetatik sartzen zaizu, goizetan ondo itxi gabeko pertsianatik eguzkiarena legez.

Halako batean nor den galdetu dizu. Burura etorri zaizkizun izenak esaten hasi zara, eta bere ezezkoek zerrenda etengabe luzatzera behartu zaituzte: Ane, Amaia, Miren, Ziortza... Igartzen ez duzula ikusita, etsita-edo, begiak aske utzi dizkizu. Jakin-minez, bizkor eman duzu buelta eta txundituta geratu zara. Zuk ezer esaterako musu bi eman dizkizu eta berak hartu du hizpidea. Aspaldian elkar ikusi gabe zaudetela eta, nola zabiltzan galdetu dizu. Zuk betiko galderari betiko erantzuna emanez ondo zabiltzala ihardetsi diozu, zu baino okerrago ere ibiliko dela jendea.

Musika ozenegi dago eta ia ez da ezer entzuten. Neska hurbildu egin zaizu horrela hobeto ulertuko diozulakoan. Belarri-belarrira ari zaizu hizketan. Badirudi ahotik darion keak esaten duen hitz bakoitzari forma ematen diola. Kolpetxo bi eman dizkio eskuartean duen zigarroari zigarrokina jaus dadin. Zuk nahi gabe baina ia instintiboki lehenxeago bizkarraldean sentitu dituzun bularretara begiratu diozu zeharka.

Ikasketez hasi zarete hizketan. Parisen egon dela esan dizu Erasmus egiten. Izugarria dela gurasoen txapa barik bizitzea, probatu egin behar zenukeela. Zuk betiko moduan jarraitzen duzula esan diozu, gutxi agertzen zarela klasetik eta bizitza gozatu nahi duzula; Karpe Diem.

  nabarra_auzokoa1.png
   
  Komuneko ateari oinarekin bultza
egin eta nortasun agiria ez ezik,
nortasuna bera ere bertan utzita
irten egin zara

Ordu erdi daramazue berriketan eta lagunetako batzuk begira-begira dauzkazu jadanik. Imintzioka ari dira neska ederra dela eta espabilatzeko esanez. Zu gero eta larriago zaude ordea. Hainbeste denbora daramazu berarekin hizketan eta oraindik ez dakizu nor den ere. Nola esan ordea holakorik maitekiro hurbildu zaizunari? Klaseko neska guztiak errepasatzen hasi zara, futboleko taldekideen arrebak, zurekin oheratu direnak, baina alferrik, ez duzu nor den oroitzen.

Berak hizketan jarraitzen du, gero eta solteago; zu berriz gero eta larriago zaude. Estrategia hoberik bururatu ez eta komunera zoazela esan diozu, gexu baten itzuliko zarela. Komuneko ate handia ixtean ito egin da musika. Bizkarra atearen kontra jarri eta hasperen egin duzu.

Aurrez aurre dituzun txizontzien gainean dauden edalontzietako kalimotxo eta kubata hondarrek kolorea galduta daukate urtutako izotzak direla eta. Zuk ere etorkizun bera eman diozu zeureari eta esku batekin bakeroetako poltsiko bati tira egin diozu beste eskua hobeto sar dadin. Plastikotxoa zabaldu eta harriaren gainean utzi duzun karnetean irauli duzu.

Sudurretik sartzeko zati handiegiak direla iritzita, nortasun agiriaren kantoiarekin zanpatuz apurka-apurka birrintzen hasi zara. Jendea sartu-irtenean dabil baina inor ez da harritzen zu ikusita. Diruzorrotik gastatu ez duzun diru-paper bakarra hartu, kiribildu eta bi muturretako bat sudurrera hurbildu duzu. Egindako tutuaren beste punta birrindutako hauts zuriaren gainean jarri, eta arnasa indartsu hartuta, prestatu duzun marra zuria desagertarazi duzu. Burua altxatu eta aurrez aurre duzun ispiluan sudurzuloen kanpoaldean hondarrik geratu zaizun begiratu duzu.

Komuneko ateari oinarekin bultza egin eta nortasun agiria ez ezik, nortasuna bera ere bertan utzita irten egin zara. Hara eta hona begiratu duzu, baina ez duzu inon ikusi. Zure adiskideek dantzan jarraitzen dute. Euretako batengana hurbildu zara eta lehenxeago zurekin hizketan egon den neska non dagoen galdetu diozu. Harriturik begiratu eta ez zarela inongo neskarekin hitz egiten egon esan dizu. Barrara joan zara eta sudurrean sartu berri duzun azken hamar eurokoarekin beste kubata bat eskatu duzu.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli