Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
media_yoseba.gif
pdf
 MEDIA PARE BAT

 Etxera heldu berria nintzen, bazkaria prestatzeko denbora justuarekin. Txirrinak ustekabean harrapatu ninduen, senarra alabatxoaren bila joan baitzen. Eskale bat izango zelakoan, mahaia atontzen jarraitu nuen. Txirrinak berriro jo zuen motz, temati bezain lotsati. Goiko solairuko bizilaguna zen, Maria Luisa: hirurogeita hamar urte pasatxoko emakume beti dotore eta irribarretsua, oraindik altua eta errubia, gaztetako edertasuna mantentzen zuena.

«Kaixo, Margarita», agurtu ninduen eskuekin jolasean, urduri. «Barkatu gogaitzea, baina gaur goizean, arropa eskegitzean, media pare bat erori zait. Ez zenuen, kasualitatez, zure balkoian aurkituko?».

«Ezetz esango nuke, baina emadazu segundo bat». Balkoira jo, begirada azkar bat bota eta ezetzarekin itzuli nintzen. «Ziur aski kalera erori da», esan nion nire presa ezkutatu nahian.

«Ez, ez: espaloian bilatzen ibili naiz. Ez bada gehiegi molestatzea... galdetuko diozu senarrari? Agian berak...».

«Lasai; galdetuko diot. Aurkitzen badugu, igoko dizugu; ez kezkatu».

«Mila esker, zuek beti bezain atsegin. Bide batez, Lidiaren urtebetetzea laster da, ezta?».

«Abuztuaren 19an 5 urte beteko ditu», erantzun nion irribarrez. Urtero, puntualki etortzen zitzaigun poltsa bete gozoki.


«Bada, oparia prestatzen hasi beharko dut; badakizu nire adinean gauzak erraz ahazten direla», amaitu zuen irribarre jatorra eginez.

Aste bete geroxeago, ordu berean, berriz txirrina eta, ondotik, Maria Luisa. Apurtxo bat lotsatuta, ea media pare bat aurkitu nuen galdetu zidan.

«Media pare bat?», errepikatu nuen harrituta, zer esan jakin gabe senarrari galdetzea ahaztu egin baitzitzaidan.

Berak baietz, goizean erori zitzaiola, aurreko hartako beste media pare hura aipatu ere egin gabe. Aldi honetan, loreen artean ere begiratu nuen, baina aldi honetan ere, alferrik. Nire zain itxaropentsu nuen atean, oraindik urduri eta gorrituta. «Sentitzen dut,

Maria
Luisa, baina ez dut ezer topatu.
Non sartu ote dira».

Keinu tristea egin zuen ahoaz, umeek beraiei agindutakoa heltzen ez zaienean bezala. «Senarrari galdetuko diozu, mesedez? Badaezpada, badakizu. Eta barkatu molestatu izana; emaiozu muxu bat alabatxoari nire partez. Laster izango da bere urtebetetzea, ezta?».

«Hilabete falta zaio eta irrikitan dago jada», erantzun nion irribarre egiten saiatzen.

«Bada, gozokiak prestatuko ditut. Beno, guapa, ez zaitut gehiago entretenituko».

Atea itxi nuen buruan mila kezka nituela. Eta, zurrunbilo horretan, astiro-astiro hitz bat gailendu zen nigan: Alzheimer.

Arratsaldean, mertzeria baten paretik pasatzean, Maria Luisaz oroitu nintzen eta bi aldiz pentsatu gabe, media pare bat erosteko asmoarekin sartu egin nintzen.

media_yoseba1.gif

Orduan ostean,kutxa poltsan gorde eta zalantzakor atera nintzen. Egun batzuez izan nuen media pare hori tiradera batean, eskura, baina Maria Luisa itzultzen ez zela ikusita, trasteen armairuan utzi nuen.

Gau horretan, txirrinak bihotzeko zirrara eragin zidan. Egongela duda-mudan zeharkatu eta atea ireki nuen: Maria Luisak, ea media pare bat balkoian aurkitu nuen galdetu zidan hirugarrengoz. Aurpegian itxaropena antzematen zitzaion: niganako konfiantza.

Sukaldera joatean senarrak begiekin zer gertatzen zen galdetu zidan eta, lasaitzeko, keinu bat egin nion: Maria Luisa eta bion arteko sekretua izango zen. Media berriekin itzuli eta ikusi zituenean aurpegia argitu zitzaion; zoriontasun horrek zalantza guztiak baztertu zizkidan. Media parea txabusinaren poltsiko batean sartu zuen baretuta eta irribarretsu, pisu handi bat gainetik kendu izan balu bezala.

«Lidiaren urtebetetzea laster izango da, ezta?», eta odola hoztu zitzaidan. Arnasa sakon hartu eta
alegia, sinesgarri izateko, osorik kontatu behar zela jabetu nintzen. Irribarrea ez galtzen saiatuz, hilabete falta zela erantzun nion. Ez nuen andre gaixoak dirua gozokietan xahutzerik nahi.

Hurrengoan ere, handik lauzpabost egunetara, media pare berri bat eman eta Lidiaren urtebetetzerako hilabete falta zela esan nion. Ordainetan, esker oneko irribarre zabala. Abuztuaren 19a heldu eta festa txiki bat antolatu genuen alabatxoaren eskolako lagunekin. Txirrinak jotzen zuen bakoitzean beldurrez joaten nintzen atea irekitzera. Halere, ez zen arratsalde horretan agertu, hurrengo goizean baizik, betiko moduan urduri eta adeitsu.

«Lidiaren urtebetetzea aste honetan da?», galdetu zidan media pare berria eskuan.

Eta gizon ez leial baten gisara eutsi nion gezurrari, eraikia nuen naipezko gaztelua ufada xume batez lurrera ez botatzeko asmotan-edo. Berriro ondo bideratu banuen ere, mareari irabazitako hondartza segituan galtzen da: Maria Luisa, betidanik hain jatorra eta adeitsua zen alabatxoarekin, non beldur izaten hasi nintzen. Eta atarian edo eskaileretan elkar ikusten bagenuen? Beti berdin, kasualitatez, umetxoa poztearren, ez ote zion Lidiari berari galdetuko urtebetetzea noiz izango zuen?

Era berean, nahigabe hasi nintzen Lidiarekin etxera ia korrika igotzen; lehen, eskailerako mailak ingelesez kontatzen igotzen ginen, astiro eta barre algaraka. Nahigabe ere, alabarekin nindoanean, bizilagunekiko izan nintzakeen elkarrizketak laburtu edo erabat moztu nituen. Agur azkarra eta eskutik tiraka gora.

media_yoseba2.gif

Bitartean, Maria Luisaren bisitak urritu egin ziren. Gainera, azken aldietan nekatua sumatu nuen, zahartua. Begi-zulo nabariak eta aurpegia horixka. Eta eskuak: esnabarraku argaletan zainak egunez egun ageriago, azalaren azpian hezur fin eta zain horiek besterik ez baleude bezala. Alabaina, beti, betiordaintzen zidan esker oneko irribarre zabal batekin. Horrek, gezurrak merezi zuela erakusten zidan.

Anbulantzia ikusi eta berehala Maria Luisaz gogoratu nintzen; aita gaixotu ostean ere, gauza bera gertatu zitzaidan: bizi ginen inguruan, anbulantzia bakoitzak aita
barruan zihoala pentsarazten zidan. Egun batean, aitaren gorpua eroana nire aurretik pasa zen, agurtzeko denborarik gabe.

«Ama, zuk beti
esaten didazu
opariak jasotzean
zoriontsu sentitu
behar garela»

 Maria Luisa ahoz gora zegoen esku-ohean anbulantziara sartzen ari zirenean: begi tristeak, zerura begira, ahoan arnas hartzeko maskara bat eta atzamarrekin esku-azpi ukitzen, agian bizirik zegoela ziurtatzeko. Aldi honetan ez nuen kontzientzia txarrik, pertsona hori zoriontsu egiten saiatu nintzelako; hala eta guztiz ere, ezin nion negarrari eutsi: batzuetan, herioa aurrez aurre ikusten da.

Hurrengo hilabeteetan, kostatu bazitzaidan ere, nire burua bizilagunekin astiro-astiro berriro normal jokatzera behartu nuen. Kontrakoak ez zuen zentzurik; lehenago ere ez. Egunak joan, egunak etorri, Maria Luisaren semearekin topo egin nuen behin. Amaren ezpalekoa, berehala hasi ginen hizketan. «Azken momentura arte burua argi-argi izan zuen. Minbizi horregatik izan ez balitz, gure artean ibiliko zen oraindik».

«Emakume benetan izugarria zen», erantzun nion entzun berri nuena ezin ulerturik. Edo ulertu nahi ezinik.

«Bai, halaxe zen», eta pentsakor begiratu zuen lurrera. «Bazenekien makina bat gozoki pakete gordeta zituela zure alabatxorentzat? Apalategi baten gainean daude errenkadan; hasieran ume askorentzat izango zirela uste nuen, baina guztietan ‘Zorionak Lidia’ ipintzen du».

Gaur beheko solairuko auzokideak urte honetan eroritako media pare batzuk ekarri dizkit. Dirudienez, bere terrazan gelditzen ziren zintzilikatuta. Barkamena eskatu dit lehenago etorri ez izanagatik; azkenean, horregatik edo hargatik, gugana igotzeko aukera beti atzeratzen zitzaion. Lidia, media pare artean ni negarrez ikusita, hurbildu egin da muxu goxo-goxo emateko: «Ama, zuk beti esaten didazu opariak jasotzean zoriontsu sentitu behar garela».

Yoseba

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli