Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

luma6 7    

 

Urepeleko haurreko ez dute Xalbador ezagutzen

Donostialdean zenbaitek jatetxe bat dela esan lezake. Askori Xabier Lete edo Erramun Martikorenaren ahotsetan entzundako leloa gogoraraziko dio. Norbaiti Gatiburen abestiaren titulua burura dakioke.

Iruñerrian disko eta liburu denda euskaltzale bat izan liteke. Eta Euskal Herriko edozein txokotan taberna edo ostatu baten izena ere bai.

Hala ere, euskal herritar (edo hiritar) gehienentzat, bai Urepele eta bai Xalbador esanahi berezirik gabeko hitzak dira, Amezketa eta Pernando, edota Labraza eta Txasko bezalatsu. Infinitoaren zerrenda amaiezinean beste bi, norberaren izen propioen galaxian bi izar ikusezin gehiago.

Euskal hiztunen lurralde mugatuagoan ere zenbat ote lirateke gai, esaterako, herri baxenafarra mapan kokatzeko, edo bertsolari handiari buruzko beste daturik emateko? Basamortuko oasien bila ote gabiltza, ilusio optikoen mende? Izan ere Iparraldean, Urepelen, bertako haurrek ez dute Xalbador ezagutzen.

Xalbadorri txistu egin zioten Bertsolari Txapelketa Nagusian Donostian, bere euskara ulergaitza egiten zitzaielako batzuei. Urte zenbait igaro arren, eta gaur egun gisa honetako egoera errepikatzea zail xamarra gertatu badaiteke ere, oraindik biziki nekeza suertatzen omen bestaldekoekin komunikatzea. Hainbeste harrotzen gaituenak, hainbeste aldentzen ote gaitu? Ibardin, Izpegi, Urkiaga eta Ibañeta ez dira, ordea, muga hutsak, libratu beharreko oztopoak, ezinduen herri eder-idiliko-ixilera iristeko. Bideak egiten bagaitu, zer hoberik Bortziriak, Malerreka edota Baztan baino; nola ahantzi Eugi, Mezkiritz edota Aurizberri. Non da hausten katea? Non zatitzen gorputza? Non ahultzen bihotza? Alta, Urepeleko haurrek ez dakite Xalbador zein zen.

Antza denez izen bat bizipen anitzi itsatsi daiteke, eta honen harira, Baigorriko eskualde ezkutuan emandako pasadizoa genuke. Lehen arruntagoa bazen ere Elizondo aldera jotzea, abiatu da bertako arotza kosta aldera, bere lanerako erreminta baten bila. Han da egun komertzioa, han saltoki erraldoiak, han salerosketaren zibilizaziorik aurreratuena; han aseko dira behar denak eta sortuko berriak. Han itotzen dira jaioberri eta agureak, eta irauten beste guztiak. Bere lan tresna, baina, momentuan ez daukatela adierazi eta hamar eguneko epean itzultzeko esan diote, ordurako izango dutela eta, preseski Alemaniatik ekarria.

Bi egun beranduago, Frantzian jai eguna izaki, muga zeharkatzea erabaki du. Badaki espainolez, ez da galduko. Jomuga ez izanagatik, behin bertan, burdindegi batean sartu eta galdegin du, itxaropen handirik gabe, lotsa arrasto fin gardena ezkutatuz. Hara! Badute berak nahi duena! Eibarren egina omen eta europarra baino salneurri hobean.

Hala eta guztiz ere, errepidea bukatzen den herri horretako umeek bere berri ez izatea heriotzatik hiru hamarkada besterik joan ez direnean…

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli