Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 hello1.gif  

    

HELLO, IDAZLE ESKOLAKOAK! 
Barkatu! Kaixo! esan nahi nuen. Ez dakit zertan nengoen pentsatzen. Azken urte hauetan gure herriaren egoera txarrak eraginda (hildakoak nonahi, umeek jatekorik ez, emakumeen aurkako gehiegikeriak...) oso urduri nago, eta euskaraz idazten dudan bakoitzean , konturatu gabe, munduko jabeen (kar-kar-kar) hitzak tartekatzen ditut: fish , chieken… Adituen ustetan, oso ohikoa omen da hizkuntza bat ikasten ari zarenean holako akatsak egitea. Baina, tira!

Zer pentsatzen zenuten: euskalduna nintzela? Bai zera! Ni oso urrutikoa naiz. Ez zarete jabetu gutunaren zigiluaz, ala? Gurean hitzak sugeak bezalakoak dira: pozik daudenean gora egiten dute, eta goibel daudenean etzanda egoten dira, tapaki batez estalita, haserre antzera. Gurean gehienok dariz egiten dugu, eta dezentek pastunez. Bitxia, ezta, kulturen arteko aldea!

Nik irailaren 11koa gertatu aurretik ez nuen euskaldunen hizkuntzaren berri, ezta zuena ere. Buruan gauza asko nuen eta, hizkuntza bat zeuenaren moduko ikasteko, denbora behar da. Bestela, galdetu euskaltegietara joaten direnei; horiek bai jatorrak! Nik ordura arte txori asko nuen buruan, edota, hobeto esanda, hegazkin asko, baina behin egoera txukundutakoan, erabaki nuen beste lagun batzuekin batera, eta apaizen antzera,  monasterio moduko batera joatea erabaki nuen. Orain halaxe nago, eta ez Tora Boran Iparraldeko Aliantzakoek dioten moduan, baizik eta Amezketako barnetegi batean ECA azterketa prestatzen.

Esandakoa ez zabaldu, mesedez! Bestela, talibanen eta amezketarren arteko lotura bolo-bolo zabalduko dute eta...

Oraindik Euskal Herriko baserritar petoekin berba egiteko moduan ez nago, baina... oraingo martxari eusten badiot, eta okerrik gertatu ezean (egoera dagoen bezala ikusita, auskalo!), sagardotegi sasoian bertara joateko moduan egongo naizelakoan dago nire irakaslea. Dena den, nire azentuak, oraindik, oso nabarmen uzten nau. Ez dakizue zer-nolako barreak egiten dituen herriko tabernako Jose Marik kafesnea eta bonba eskatzean: «Sabela lehertzeko asmua diagu, ala?». Eta nik, orduan, pare gelditzeko beste barre bat itzultzen diot. Gurean bonbak beti izan dira bizitzaren osagai bat. Hala ere, Jose Mariren bonbak ez du inor hiltzen, baketsuak dira.

Ohera joan aurretik, Kasianoren diskoak eta Zaramaren “Ze urrun dagoen Afganistan”, barkatu! Kamerun entzuten aritzen naiz belarri pixka bat egiteko; baina ez dakit, bada! Sikiera, hegazkinek jaurtikitako bonben burrunbaren doinua alde batera uzteko balio izango balu!

Zer ari zarete pentsatzen? Zoratuta nagoela? Bai, ezta! Munduaren erdiak hori esan ohi du, baina beste erdiak ez. Beraz, ero baina bero.

Lehengo egunean izan nuen nik zuen berri; ordenagailuaren pantailari begira nengoela. Hantxe zegoen txukun-txukun, ele handiz idatzita: Idazle Eskola. Gero, azpian ikastaroaren helburua, ikasgaiak, irakasleen izenak... Bai-ez izan nintzen matrikula egiteko, baina ikusi eta gero zer-nolako lanak (5.000 karakterekoa) egiten dituzuen, hobeto pentsatu, eta... kiba egitea erabaki nuen. Zelako pergutada! MUGALARI gehigarrian idatzi! Nik ez dakit zuek, baina ni egongo nintzen...

Geuk ere, noiz edo noiz, irakasleak aginduta, idazlanak egiten ditugu oparitutako boligrafoa herdoilak har ez dezan, baina ez horren luzeak. Nik orduantxe aprobetxatzen dut Kabulera hegan joateko, eta zeruan enarak ziztuka, kalean saltzaileak oihuka, meskitetan muezinak deidardaka... irudikatzeko.

Eta Korana besapean meskitan sartu-irten bat egin dut, eta otoitzak ozen irakurtzeari ekin ohi diot.

Euskal aditzak (ninderraion, diezazueket...) zailak dira, baina... Korana ere, ez pentsa! Ah, hori bai!,  behin hasiz gero… ez gelditzen. Zuei ere gauza bera gertatuko zaizue, ezta? Eta orduantxe Afganistango historiaz ezer gutxi dakien irakasleari gauza asko kontatzen dizkiot. Zuek ere baduzue irakasle bat bizarra zuria duena, ezta? Jerardo ez da? Batzuetan Kandahar inguruko mendi lepoetako laino itxiak gogorarazten dit bere bizarrak. Horrek Afganistango historiaz ez dakit jakingo duen, baina Euskal Herrikoaz!

Mundu osoa ibilia da gurean. Mundu osoa etorri da Afganistanera gure herrialdeaz jabetzen saiatzera, baina afganiarrok ostikoka bidali izan ditugu. Munduko herririk abegitsuena gara. Guretzat gonbidatu bat lagun bat da. Baina norbait gure etxera; edo gure herrira, heldu eta etsai baten moduan portatzen bada, orduan etxea defenditzen dugu. Nola du izena “Nire aitaren etxea” idatzitako olerkariak? Tere? Ez, ezta? Terek,  defenditu baino, irudiz jazten du etxea, eta hori zailagoa da, nire modukoentzat. Gabriel Aresti da, guk bezala,  otsoen aurka aritzen zena Persiarrak duela 4.000 urte heldu ziren. Baita Alexandro Handia ere, eta gero grekoak, arabiarrak, turkiarrak, ingelesak, sobietarrak eta, azkenik, amerikarrak. Hauek oraindik ez dira joan, baina laster joango dira.

Zer moduz bukatzen badut? Jesus! Barkatu, Ala! Dagoeneko, 5.000 karakter idatzi ditut! Badaezpada, utzi lekutxo bat matrikula egiteko, ze... Besterik gabe,
Bin Floren.
 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli