Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
grizzly.gif
 
GRIZZLY MAN  
Grizzly man 100 minutu irauten dituen dokumentala da. Bertan, Timothy Treadwell eta Grizzly deitzen diren hartzen arteko harremana kontatzen da. Hasieratik bukaerara momentu hunkigarriz betetako dokumental honetan, Timothyk berak grabatutako irudiak dira nagusi. Timothyk bere bizitzako 13 udara, Katmai National Park and Preserve izeneko zonaldean igaro zituen Alaskan, Grizzly hartz basati hauen artean. Bere kanpin denda eta bizirauteko tresneriaz lagunduta, Grizzly hartzari eskeini zizkion urte hauek Timothyk.

Werner Herzog zinemagilea da gizon honen bizitzan barrena eramaten gaituen lanaren zuzendaria. Bi elementu gehitu dizkio Herzog-ek Timothyk utzitako bideo testigantzei: ondoren filmatu dituen elkarrizketak eta maitasun handiz eraiki duen narrazioa. Herzogen hitzek, poesia egiten dute Timothyrekin, jada  edertasun handiko irudiok ederki lagunduta daude bere ahotsaz. Momentu bakoitzean justukoa dio, isiltasunari behar adinako espazioa utziz. Sarritan uzten du Herzogek Timothy kamerari begira, bere bakarrizketan. Inguruari so, bakardadean ikusten dugu Tim. Bada momentu bat, sastraka batzuen erditik igarotzen den bidexka bat ikusten dugula, orduak diruditen minutuetan. Haizeak hostoak mugitzen ditu eta kamera geldi, une horietan uler dezake ikusleak Timothyk sentitzen zuen bakea.

Irudi garbiak eta plano bakarrekoak dira Timothyk grabatutakoak. Ikusi ez arren, imajinatzen duzu Tim grabatu beharreko planoa aztertzen, gero bertan bere burua kokatzeko. Gehienetan, bera agertzen da lehen planoan, atzean hartzak, azeriak edo naturak eskaintzen dituen bestelako landaretza. Behin eta berriz errepikatzen du kameraren aurrean hartzok maite dituela, nahiz eta bere hitzen atzean zerbait gordetzen duela igarri. Dokumentalean aurrerago, Herzogen hitzek lagunduta, deskubritzen duzu Timothyk sortzen duen mesfidantza puntu horren zergatia. Gizon honen psikologian sakontzen du Herzogek bere ezintasun eta bizitzarekiko ilusio-galtzeak azaleratuz. Une horretan, zalantzan jartzen duzu Timothyk hartzarekiko erakusten duen maitasuna benetakoa den edo ez. Duda berdina erakusten dute dokumentalean agertzen diren elkarrizketatutako zenbait pertsonek ere. Gizakiaren eta naturaren arteko muga gainditu eta animaliei onura baino kalte gehiago egiten ziela argudiatzen dute hauek. Egia da bere hartu-emanetan, gizakiak bailira hitz egiten diela hartzoi, beraiekin arrazonatzen ahalegintzen da. Ukitu ere egiten ditu zenbait momentutan. Badirudi Timothyri denborarekin, ahantzi egiten zaiola animali basatiak dituela bizilagun. Agian Timothyk, errespetatu beharko lituzke hartzaren bizimodua eta komunikatzeko duen era.  Hemen ikusten dugu Timothyrengan agertzen den kontraesan handi bat: gizakiarengandik urruntzeko joan da hartzaren lurraldera baina gizakiaren beharra oso nabarmena da bere jarreran. Nahiz eta hartzek ez erantzun, egunonik ez eman, zer moduz dagoen ez galdetu, Timothyk berean jarraitzen du. Bera da ikuslearentzat 100 minututan, lurralde horretako berriemailea, analista, ikusle orojakilea.

Amaiera latza dauka dokumentalak, Timothy zein bere momentuko neskalagunaren bizitzak izan zuena alegia. Urrun gelditzen dira Tarzan, tximino artean hezitako mutikoa edo Mowgli oihaneko haurra bezalako heroien bizitzak. Animali basatiekin hezi eta bizi ziren pertsonaia hauen mundua irreala zen, han animaliek giza portaera zuten. Alaskako hartzok konprenitzen ez dutena.  Hartzon artean pasatu zuen azken urtean, animalia horietako batek Timothy eta neskalagun Amie kanpatuta zeuden tokira joan eta eraso egin zien. Timothy-k berak aurretik kontatzen duen bezala, hartz hauen indarra izugarria da, ezin izan zion bere laguntzat zituen hartzaren erasoari aurre egin. Grizzly hartz batek Timothy eta Amie akabatu eta jan egiten ditu. Erasoaren ostean, gorputz atalak aurkitu zituzten kanpinaren inguruan baita tirokatu ostean ireki zuten hartzaren barrunbetan ere. Inongo momentutan ez dira ikusten irudiok. Hala ere, gertaera honen ostean, biolentzia gabeko irudien gordintasuna nabari duzu une oro, naturaren krudeltasuna, existituko bada. Memorian kateatuta gelditzen zaizun ipuin horietakoa da Grizzly man. Bizpahiru egunetan burutik kendu ezin den pentsamendua. Betirako gogoan izango duzun irakasgaia zorionez.  
 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli