Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Hatsa elkarteak olerki bilduma berria aurkeztu du 
   

Mikel Babiano Idazle Eskolako ikaslea hitzaurrra irakurtzen

   

Olerki bilduma berria aurkeztu zuen Hatsa elkarteak apirilaren 6an Senpereko Larraldea etxean. 16. bilduma da aurtengoa, eta 103 olerkarik parte hartu dute, Idazle Eskolako zenbait ikaslek eta ikasle ohik tarteko.

Idazle Eskolan diharduen Mikel Babianok irakurri zuen aurtengo hitzaurrea, eta Senperera bertaratutako olerkarien poesiak entzuteko eta „Hatsaren Olerki Bustiak“ bideo poetikoa ikusteko aukera izan zen hurrena. Poesia ekitaldiaren ostean lunch bat ere antolatu zuen Auxtin Zamora koordinatzaileak, eta beste urte batzuetako olerki bildumak zozketatu zituen. Giro eta eguraldi ezin hobea lagun, poesiaz gozatu zuten, beste behin, bertaratu olerkari guztiek.

Hona hemen 2014ko bildumaren hitzaurrea, Mikel Babianok paratua:

Loratu da, beste behin, asaba zaharren baratza.

Liliz josi dira lorategiko bazterrak, esnatu birigarroak, kantuan hasi erreka gardenak.

Ate gorri zurezko zaharraren atzean.

Grisa da errepidea.

Noizean behin, autoen motor-hotsak, solas goiztiarrak, paseoan dabilen txakurren baten zaunkak. Herriaren bihotzean gaudela gogorarazi nahi digu haizeak.

Hurbil gaitezen atera. Ez dago itxita, zabal-zabalik baizik. Ongi etorri! Diosku sarrerako triku txikiak.

Espektakulu ederra, zinez. Mirets itzazue loreak, kolore eta mota guztietakoak!

Harri txintxarrezko bidexkaren amaieran, haritz, pinu, palmera, sekuoia, baobab izan litekeen zuhaitz izugarriaren ondoan, neska gazte bat eguzkia hartzen ari da. Limonada bat du eskuineko eskuan, liburu bat ezkerrekoan: „Hatsaren Poesia“ irakurtzen ari da.

Ez al da zoragarria? –neskak eguzkitako betaurrekoak kendu ditu eta euskaraz mintzo zaigu–. Luzea izan da negua. Hotzez hil zen nire amona. Arriskutsuak dira tigreak. Ez al zaizu, ordea, gure etxea –eskuarekin keinu bat egiten du– ederra iruditzen? Zuk landatu duzu lili bakoitza, zuri zor dizute bertako txori, erreka eta arbolek izana. Ez nintzateke, zu gabe. Hitzez jantzi nauzu (ejem, neskaren bikini estuari erreparatu diot), eta horregatik maite zaitut, nahi zaitut, behar zaitut. Erranak eder, eginak lander? Itsasoratu zaitez, beste behin, sinets ezazu zure ahalmenean eta deskubri itzazu uharte berriak, jantzi berriak, poesia berriak. Zer da poesia? Poesia ni naiz! –Irriño pikaroz neskatxak–. Poesia zu zara, poesia da bihotzaren hizkuntza, lili hau, eta hori, koadro bat, edo jaki goxo bat, zuhaitz baten gerizpean zain egotea, edo eguzkia hartzea, esan ez zenuen hitz hura, bihar izango duzun ametsa, olatuen kanta, edo baleena… Poesia da eta ez da, da eta izan daiteke. Zer da poesia? Hartu liburu hau –eskuartean duen liburua luzatzen dizu–, eta zerorrek esan!

Mikel Babiano López de Sabando

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli