Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Arkatz eta tinta artean ematen zuten denbora duela gutxira arte.
Mac ordenagailua, diseinu grafikokoprogramak eta marrazteko
tableta eta puntero digitalak. Teknologia berriak eta prekarietate
ekonomikoa erabakigarri izan dira sektore honek azken urteetan
bizi izan duen garapenean.
 

2012ko Irailaren 14a Gabai, Andrés errinozerontea, Euskal Taliban Jatorra, Mintxo, Herminio Bolaextra, Punki, Ipurbeltz, Angel Sefija... pertsonaia eta istorio ahaztezinak utzi dizkigu azken hiru hamarkadetan Euskal Herriko komikigintzak. Haur, gazte zein helduen gozamenerako idatzitako eta marraztutako istorioak. Askotan, alta, ahaztu egiten dugu arkatzaren eta tintontziaren beste aldean dagoen pertsona. Marrazkilariak, idazleak, komikigileak. Jende andanaren talentuak hezurmamitu ditu gure komikien orrialdeetako pertsonaia eta istorio horiek guztiak. Behin baino gehiagotan baloratu ez den talentua.

 

Hego Euskal Herrian, 1894. urtean argitaratu ziren lehen binetak, “La Semana Éuscara” eta “El Thun Thun” astekarietan, esaterako. Zenbait urte geroago, “Argia” aldizkarian ere tartea egin zioten komiki historikoari, Juan de Zabala autorearen eskutik. 36ko Gerran, komikiak indarra hartu zuen, propaganda zabaltzeko modu eraginkorra baitzen. Hala, Jose Arrue pintore eta marrazkilariak Eusko Jaurlaritzaren aldeko istorioak argitaratzen zituen bitartean, Donostian argitaratzen zen “Flechas y Pelayos” aldizkariak estatu kolpe frankista goraipatzen zuen.

 

1970eko hamarkadan, Franco hil ostean, batez ere, euskarazko komikiak biltzen zituzten aldizkariak agertzen hasi ziren: “Gomikia euskaraz”, “Ipurbeltz” edota “Kili kili” izan ziren arrakastatsuenetako batzuk. Baina euskal komikiaren benetako eztanda hurrengo urteetan heldu zen. «1980ko hamarkadan, fanzine ugari sortu zen gaztetxeen eta enparauen arrimora. Gerora, aldizkari independente horiek modan jarri ziren, eta orotariko publikazioak topa genitzakeen: amateurrak, aberaskumeek eginak, ‘modernotxoak’, punkiak... », azaldu digu Pernan Goñi marrazkilariak. Ezaguna da Goñi GAUR8ko irakurleen artean, «Mamufrikiak» zinta argitaratzen baitu astero orrialde hauetan. Duela 25 urte, alta, marraztea gustuko zuen nerabe bat besterik ez zen, baina arreta handiz so egiten zion inguruan hedatzen ari zen bineten mundu zirraragarriari: «Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen “Habeko Mik” proiektua eta diru asko eman zuen komikiak argitaratzearen truke. Gasteizen, adibidez, komiki piloa egin zen garai hartan. Crash Comics komiki-dendaren inguruan sortu ziren “Octopus” edo “TMEO” bera. Sekulako albumak argitaratu ziren urte horietan, eta autore bikainak ezagutu genituen: Fructuoso, Harriet, Mauro Entrialgo... Boom txiki bat izan zen hori», ekarri du gogora oñatiarrak.

 

Entrialgo arabarrak ere zuzen-zuzenean bizi izan zuen garai emankor hori. Crash Comics dendan eta underground estiloko fanzinetan hasieran, eta “TMEO” aldizkari arrakastatsuan gero. «Garai hartaz gauza asko ditut gogoan –esan digu Entrialgok–: tamalez errepikatu ezin diren oroitzapen onak, baina baita gauza txarrak ere, eta zorionekoak gu, horiek ere ez baitira errepikatuko. Gauza onak zein txarrak berdin-berdin gogoratzeak nostalgia baztertzen laguntzen dit».

 

1990eko hamarkadan, euskal komikigintzak krisialdi txiki bati egin behar izan zion aurre. Eusko Jaurlaritzaren HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak “Habeko Mik” argitaratzeari utzi zion, eta hortik zetorren dirua ere agortu egin zen. Gaztelaniazko helduentzako komikiari dagokionez, “TMEO” aldizkariak euskal artista gazteen topaleku izaten jarraitu zuen, baina euskarazko komikigintzan, egoera ez zen oso itxaropentsua. “Ipurbeltz” eta “Kili kili” haur eta gazteentzako aldizkariek irakurle anitz zituzten, baina helduentzako komikiak ez zuen erreferente sendorik. Agian horregatik, Iruñean argitaratutako “Napartheid” fanzinea oasi bat izan zen bertoko komikigile eta marrazkilarientzat. Aldizkari horren zuri-beltzeko orrialdeetan eman zituzten lehen pausoak Zaldi Eroa edo Asisko Urmeneta irudigile ospetsuek, esaterako.

 

Gaur egun, beste loraldi bat bizi du euskal komikigintzak, baina testuingurua zeharo ezberdina da duela bi edo hiru hamarkadakoarekin alderatuta: «Gaztetxe asko desagertu dira, internetek zeharo aldatu ditu pertsonen arteko harremanak, egoera soziopolitikoa ere oso ezberdina da... Oro har, oso garai ona da zaleentzako, aukera zabala eta kalitatezkoa dagoelako eskuragarri; baina txarra egileentzako, diru gutxi irabazten delako», laburbildu du Pernan Goñik.

 

Iraultza teknologikoa

 

Azken urteetan, teknologiak emandako jauzi kualitatiboa izan da komikigintzaren eboluzioaren faktore nagusienetako bat, eta Euskal Herriko autoreak ere bete-betean harrapatu ditu iraultzak. Patxi Uharte Zaldi Eroa komikigile nafarrarentzat, internet «izugarrizko tresna» da, ezinbestekoa kasik, marrazketa prozesuan: «Gazte nintzenean, Joaquín Resano marrazkilariak dokumentazioaren garrantziaz hitz egiten zidan. Berak argazki interesgarri guztiak karpeta batean gordetzen zituen, noizbait erabili ahal izateko. Hala, aldizkari batean tigre baten argazkia ikusten bazuen, guraizeekin moztu eta animalien karpetan sartzen zuen. Pentsa zer nolako aldea dagoen gaur egungo egoerarekin. Google-n «tigre» hitza idatzi eta milioika irudi aterako zaizkizu segundo batean».

 

Teknologia berriak hedatzen hasi zirenean, alta, profesional askok ez zituzten begi onez ikusten. Konpetentzia neurrigabe zabalduko zela uste zuten. «Programa informatikoek eskaintzen dituzten aukerei esker, edozer txotxolok egin dezake kartel bat Photoshoparekin», ironiaz mintzatu da Zaldi Eroa. Laster ikusi zuten, alta, desabantailak baino dezente ugariagoak zirela teknologiak eskaintzen zituen onurak. «Oro har, marrazkilarientzat positiboa izan delakoan nago», esan du Pernan Goñik. «‘Mamufrikiak’ saila, adibidez, eskuz marrazten dut, baina programa informatiko baten bitartez koloreztatzen dut. Tresna gisa, guretzako laguntza handia izan dira teknologia berriak. Duela bi hamarkada, adibidez, kolorea emateko teknikak Errenazimentu garaikoak ziruditen: tenperak, akuarelak...

 

Maisu izan behar zenuen baliabide horiek ongi erabiltzeko, eta egindako lan guztia hanka-sartze bakar batengatik ez izorratzeko. Orduan ez zegoen ‘Ctrl+z’ egiterik».

Krisiaren atzaparrak

Teknologia berriek ez zuten konpondu, alta, komikigintzaren eta marrazkigintzaren arazo nagusienetako bat: ezegonkortasun ekonomikoa. Betidanik, komikiak edo ilustrazioak egitea lan baldintza kaskarrekin parekatu izan da. Kolaborazio kontratu prekarioak, militantziagatik (hots, musu truk) egindako enkarguak, soldata eskasak... Oso marrazkilari gutxik lortzen dute komikietatik bizitzea, eta horregatik, ohikoa da hamaika proiektutan murgilduta dauden irudigileak topatzea: diseinu lanak, publizitate kanpainetarako irudiak, ilustrazio lanak...

 

«Krisia nabaritzen da, baina beste edozer esparrutan bezala –azaldu digu Mauro Entrialgok–. Marrazkilariok badugu, alta, abantaila bat: sektore honetan lan egitea erabakitzen dugun mementotik beretik, ezegonkortasuna ezagutzen dugu eta gainerako profesionalek baino eskarmentu handiagoa dugu zama hori eramateko. Horrez gain, gure lana izugarri dibertsifikatu dezakegu, behar izanez gero».

 

KOMIKI AZOKAK: GERO ETA PRESENTZIA HANDIAGOA DUEN ERREALITATEA

 

Euskal Herrian komikiekiko zaletasuna dagoela ezin ukatu, eta horren adierazle dira urtero-urtero gure geografian zehar antolatzen diren komiki azokak, jaialdiak, mahai inguruak eta erakusketak.

 

Guztien artean, fama handiena duena Getxokoa da. 2002an sortu zen milaka zale biltzen dituen kultur ekimen hau, eta beraz, aurtengoa XI. edizioa izanen da. Azaroaren 23an, 24an eta 25ean zabalduko ditu ateak, Areetako Geltokia plazako karpan. Erakusketa eremua, tailerrak, ekitaldi-aretoa eta argitaletxe, saltoki, erakunde, fanzine zein komikiaren munduarekin lotutako edozer sektoretarako merkataritza-esparrua bilduko ditu guneak. Aurten, gainera, estreinakoz, manga generoari eskainitako azoka ere antolatu dute. Hurrengo asteburuan izango da, abenduaren 1ean eta 2an, gune berean.

 

Getxokoak bezainbesteko fama eta ibilbidea ez duen arren, indarra hartzen ari den beste hitzorduetako bat Nafarroako Komiki Azoka da. Iragan irailaren 1ean abiatu zen hirugarren edizioa Iruñeko Ziudadelan, eta hilaren 29an amaituko da, «komikiaren festa» batekin. Aurreko bi edizioek jendetza erakartzea lortu zuten, eta badirudi hirugarren aldi honetan marka guztiak hautsiko dituztela, orain arte antolatutako hitzaldi eta erakusketek arrakasta handia erdietsi baitute. Will Eisner, Juan Gimenez eta Mauro Entrialgori eskainitako erakusketekin batera, musika emanaldiak, solasaldiak eta haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzte datozen asteetarako.

 

Hala ere, bada azoka honi kritika egiten dionik ere. Besteak beste, euskarazko komikigintzari arretarik ez eskaintzea eta eduki gehientsuenak gaztelania hutsean ematea leporatu izan diete ekimenaren antolatzaileei zenbait komiki zalek eta sektoreko profesionalek.

 

PERNAN GOÑI, KOMIKIGILEA: «MARRAZTEAN, POZTASUNA ETA LASAITASUNA TOPATZEN DITUT»

 

Betidanik gustatu izan zait marraztea, eta 15 bat urterekin, afizioa ofizio bihurtzea erabaki nuen. Bizkaian bizi naizen arren, oñatiarra naiz sortzez, eta bertan, fanzine bat argitaratzen hasi ginen. Horrez gainera, herrian zerbait behar zenean, pegatina bat edo poster bat, niri eskatzen zidaten. Musu truk, betiere. Gero, Bilbora mugitu nintzen, eta bertan, sasi-lanpostu zenbaitetan aritu nintzen, agentzietan-eta. Orduantxe hasi nintzen ere “Aizu!” aldizkarian marrazten. Baina profesionalizazioarena oso kontu konplikatua da. Gaur egun, adibidez, komikigintzaz gainera, bestelako lanak egin behar ditut dirua irabazteko: animazioak, ikus-entzuneko ekoizpenetarako storyboardak, graphic recording delakoak...

 
Komikigintza oso lanbide ezegonkorra dela esaten dute...
Bai, baina ezegonkortasun horrek ez die marrazkilariei soilik eragiten. Zoritxarrez, gaur egungo egoera ekonomiko tamalgarrian, gero eta jende gehiagok pairatzen du; kazetariek, besteak beste.
 
 
Posible al da Euskal Herrian marrazkigintzatik bizitzea?
Nik lortu dut, beraz, baietz esan beharko dut; baina horretarako, nire jarduna izugarri dibertsifikatu behar izan dut: egun berean, komiki baten zati bat, animazio bat eta storyboard bat egitea egokitu zait noizbait. Zapping egiteko gaitasuna izan behar duzu. Eta horrez gainera, aipatu beharra dago nire bizimodua luxurik gabekoa dela: alokairuan bizi naiz; pisua partekatzen dut; ez daukat autorik; ez naiz oporretara joaten, astebete gurasoen etxera ez bada; ez daukat seme-alabarik; eta gastu gutxi ditut: liburuak liburutegitik hartzen ditut, eta kaletik korrika egitea da nire gimnasioa.
 
 
Latza dirudi horrek, baina alde onik izanen du ere, ezta?
Bai, jakina. Marraztean, poztasuna eta lasaitasuna topatzen ditut. Ez dakit nola azaldu. Sentimendu horrek asebetetzen nau.
 
Aldi berean hamaika proiektutan aritzearen ondorio bat beste horrenbeste «nagusi» izatea da. Nola moldatzen zara egiten dizkizuten eskakizun eta exijentziekin?
Psikologia oso bat garatu dut urteetan zehar, bezeroak «toreatzeko» [barre egin du]. Adibidez, proiektu edo proposamen bakarra aurkeztu beharrean, hiru aurkezten ditut, eta horietako bat nahiko traketsa da beti. Modu horretan, nik gustukoago ditudanen artean aukeratu behar izaten du bezeroak. Horrekin batera, nire proposamen landuenari akats nabarmen bat eransten diot: kolore itsusi bat, akats ortografiko bat, kontzeptu oker bat... Hala, eztabaida osoa xehetasun bakar horretara mugatuz, ez dizute proiektu osoa atzera botako. Halako trikimailuak erabiltzen ditut.
 

ZALDIEROA, KOMIKIGILEA: «LANBIDE HONETAN INOIZ EZ DAKIZU ZER GERTATUKO DEN BIHAR»

 
Duela zenbat urte hasi zinen komikigintzan lanean?
Zortzi urte dira jada, “Berria” egunkarian lanean hasi nintzenetik. Aurretik, bestelako lantxoak eta kolaborazioak egin izan nituen, “Euskaldunon Egunkaria” edo “TMEO” bezalako hedabideetan, baina “Berria” egunkaritik hots egin zidatenean hasi zen, berez, nire ibilbide profesionala.
 
 
Gerora, beste hainbat proiektutan ere ibilia zara...
Ezinbestekoa da hori. Lana osatu beharra dago, soldatak oso txikiak direlako. Hedabide batean ordaintzen dutenarekin zaila da bizitzea, eta horregatik, hamaika kolaborazio egiten ditut “Aizu!” eta “Karrikiri” aldizkarietan, hilean behin, edota “Diario de Noticias” egunkariaren “Ortzadar” gehigarrian, besteak beste.
 
Krisiaren eragina sumatu al duzu?
Oraindik ez, baina lanbide honetan, inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen bihar. Nik “Euskaldunon Egunkaria”-ren itxieraren esperientzia bizi izan nuen, eta horrek erakusten du edozein unetan egoera pikutara joan daitekeela. Dena den, ez dut horretan pentsatu nahi, larritzeak ez baitu ezertarako balio.
 
 
Fanzine eta komiki satirikoen tradizio handia dago Euskal Herrian...
Bai. Aitortu beharra dut, hala ere, ez naizela komikizale amorratua, eta ez dudala argitalpenen mundua hurbil-hurbiletik jarraitzen. Baina ukaezina da Euskal Herrian mugimendu polita bizi izan zela duela zenbait urte. Nire lehenengo pausoak “TMEO”-n egin nituen, eta nik bezala, baita beste marrazkilari askok ere. Giroa bazegoen, eta badago oraindik, garaiak aldatu diren arren. “TMEO”-k 25 urte bete berri ditu. Pentsa zenbateraino alda daitezkeen gauzak denbora horretan!
 
 
Aldatu diren gauzen artean teknologia dago. Mesedegarri izan al da?
Erabat. Kristoren iraultza izan da guretzat. Hasieran, kaltegarria izan zen, edozer txotxolok, ordenagailu batekin, kartel bat egiteko aukera eskura izan zuelako. Aspaldi, fotokonposizioak, azetatoek, tipografiek, linotipiek eta halako gauzek gutxi batzuen mundu ezkutua osatzen zuten, baina egun batetik bestera, edonoren esku jarri zituzten. Kezka sorrarazi zuen horrek, baina epe luzera, autonomia izugarria lortu zuen artistak, ordenagailuei eta interneti esker, eta oso mesedegarria izan da. Etxetik zuzenean inprentara bidal dezakezu lana, eta emaitzak izugarri onak dira.
 

EXPRAI, DISEINATZAILE ETA MARRAZKILARIA: «JO ETA SU EGIN BEHAR DUZU LAN MUNDU HONETAN TARTETXO BAT ZABALTZEKO»

 
Noiz hasi zinen marrazten?
Puño izeneko marrazkilariak esaten duen moduan, haur eskola batera joan eta «zenbatek marrazten duzue?» galdetzen baduzu, ia denek goratuko dute eskua. Galdera hori bera Lehen Hezkuntzako gela batean eginez gero, lauzpabostek emanen dute baiezkoa; eta institutuan edo unibertsitatean galdetzen baduzu, asko jota, bakar batek altxatuko du eskua. Horregatik, galdera alderantziz egin beharko genuke: Noiz utzi zenion zuk marrazteari?
 
Gakoa profesionaltasunean dago, orduan. Noiz eman zenuen zuk afizioa ofizio bihurtzeko jauzia?
Hasiera batean, lagunentzako marrazten nuen, barre egiteko-eta. Institutua amaituta, ordea, erabaki bat hartu beharra nuen. Enpresa-ikasketetan sartuarazi nahi ninduten gurasoek, baina nik marraztea maite nuen. Arte Ederrak egitea erabaki nuen, hori baitzen nire zaletasunarekin zerikusi handiena zuen ikasketa mota. Bartzelonara joan nintzen, eta han nengoela, komiki eskola baten iragarkia ikusi nuen. Urtebete baino gehiago egon nintzen bertan, baina ikasketa plana kaotikoa eta fundamentu gutxikoa iruditu zitzaidanez, utzi egin nuen. Horren ostean, lagun batzuekin batera, diseinu enpresa bat sortu nuen eta une horretan hasi nintzen marrazkiak profesionalki egiten. Ordutik, diseinatzaile lana egin dut nagusiki, eta marrazkiak egitearena osagarri edo plus bat izan da niretzat.
 
Zaila al da marrazkigintzaz bizitzea?
Bai, finean, enkargu mordoa egin behar duzu, jo eta su lanean aritu, mundu honetantartetxo bat egiteko.
 
 
Krisian al dago komikigile edo marrazkigilearen lanbidea?
Ez dakit. 1980ko hamarkada urrezko aroa izan zen komikiarentzat Euskal Herrian zein Estatu espainolean, eta orduan ere esaten zen komikigintza krisian zegoela. Nik poesiaren mundua ez dut ezagutzen, baina ez dut uste hemengo poetek milaka irakurle izanen dutenik, eta ez dira kexatzen.
 

MAURO ENTRIALGO, KOMIKIGILEA: «HEMENGO PRENTSAK EZ DIE NAHIKOA LEKU ESKAINTZEN UMOREGILE GRAFIKOEI»

 
Fanzine eta komikien tradizio handia dago Euskal Herrian. Zer dela eta?
Badut teoria bat horren inguruan: tradizionalki, geure inguruko eguneroko prentsak ez die nahikoa leku eskaini umoregile grafikoen lanei, eta hauek behartuta ikusi dute euren burua hedabide alternatiboak sortzera, lan horiek argitaratu ahal izateko.
 
 
Zuri-beltzean fotokopiatutako fanzineetatik bideo-podcast, blog eta enparauetara egin dugu jauzi 20 urtean. Aldaketa ona ala txarra izan da?
Zaleentzako ona, duda izpirik gabe. Gaur egun, askoz errazagoa da komunikatu nahi duzun hori besteei helaraztea. Horren truke zerbait kobratu nahi izatea, ordea… beste kontu bat da.
 
Zer nolako eragina dute teknologia berriek zure eguneroko lanean?
FTPak eta e-mailek errotik moztu zituzten jatorrizko lanak bidaltzeko gastuak eta zailtasunak, internetek izugarri sinplifikatu zuen dokumentazio prozesua, eta edizio digitaleko programek denon eskura jarri zituzten ordura arte garestiegiak eta mantsoegiak ziren prozesu grafikoak. Arazoa zera da: gaur egun, komiki baten orrialde bat duela 20 urte baino hiru bider azkarrago ekoitzi dezakegula, baina sei bider gutxiago ordaintzen dela (bizitzaren kostua kontuan izanez gero). Beraz, errealizazio prozesuaren zatiren batean ala bestean teknologia berriak erabiltzea ez da jada profesionalen esku dagoen hautua: ezinbesteko bihurtu da.
 
“TMEO”-k 25 urte bete berri ditu. Nola ikusten duzu aldizkaria gaur egun? Sasoiko al dago, zenbait komikigile «klasiko» falta diren arren?
Galdetu “TMEO” irakurtzen duen 50 urteko lagun bati aldizkariko hiru autore «klasiko» aipatzeko; eta gero gauza bera egin 25 urteko irakurle batekin. Segur aski, bakoitzak hiru izen ezberdin aipatuko ditu. “TMEO”-k 25 urte hauetan sortu dituen marrazkilari «klasikoen» kopurua harrigarria da. Eta halako hilabetekari baten osasuna kolaboratzaile konkretuen edota izen propioen garrantzia gainditzean datza. Bide batez esanda, heldu den asteko zenbakitik aurrera, 8 orrialde gehituko dizkiogu, estreinakoz koloretan argitaratuko dugu oso-osorik, eta tabernetan banatzeaz gainera, liburutegi eta kioskoetan duen presentzia ere indartuko dugu.
 
Orotariko hedabideekin kolaboratu duzu noiz edo noiz. Alde handia al dago egunkari handi batean edota fanzine batean lan egitearen artean?
Egunkarian, segur aski, kobratuko duzu, baina askotan, zenbait gauza ezin izanen dituzu esan. “TMEO”-n, berriz, ez dut sekula xentimorik jaso, baina nahi izan dudan oro esan ahal izan dut beti.
 
 
Eta “TMEO” kenduta, lanen bat zentsuratu al dizute beste hedabideren batean?
Publizitatean mugak jarri dizkidate, bai, baina hori normala eta logikoa da. Egunkari edo aldizkarietan, ordea, umoregile grafiko lanetan ari zarenean, mugak eta limiteak ez dira aurretik aipatzen, baina horiek gainditzen dituzunean, kargu hartuko dizute. Batzuetan, aldarte onarekin; beste zenbaitetan, oso-oso gaizki.

Ion Orzaiz

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli