Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

KLARITA BENGOETXEA ZIPITRIA eta RAFAEL GOMEZ JAUREGI

Iritsi zen igandea eta Klarita bizi-bizi jaiki zen, Enrike etorriko baitzen Urnietatik Errenteriara berarekin arratsalde-pasa egitera. Ondo baino hobeto moldatzen ziren biak, etxerako moduko mutila zen. Denbora ziztu batean joaten zitzaien elkarrekin zeudenean eta jo zituzten kanpaiek zazpiak, beraz, han abiatu ziren topo-geltokira. Klaritak eman zion masailan musu eta irribarre batez agurtu:

- Datorren igandera arte!

Astelehenak ere argitu zuen eta Klarita sukaldera joan zen jaiki orduko. Ama, Joxepa, hantxe zegoen, Klarita izaten zen hamar senideetan lehena jaikitzen, akaso arreba zaharrena zelako, baina batez ere beti zegoelako amari laguntzeko prest. Errenteriako Arramendi auzoko Euskaria baserrian munduratu zen. Ama-alabek prestatu zituzten esne zopak eta etxea gobernatu ondoren, joan zen ogi bila. Bide erdian, ordea, han hurbildu zitzaion bere lagun Maritxu arnas estu batean:

-Klarita! Klarita! Jakin al duzu?Atzo topoak Enrike harrapatu zuen!

Bihotza gelditu zitzaion eta hortik aurrera ez zituen entzun lagunaren hitzak. Astelehen goiz hartan eman zuen bere azken hatsa Enrike Arizmendi Isasak Donostiako ospitalean, 25 urte zituen. 1926ko apirilaren 5a zen.

Ondorengo egunetan, ama saiatu zen alaba suspertzen. Joxepa Zipitria, Joxepa “Gorriti” ezizenez zen ezaguna Errenterian, euskaldun eta liberaltzat zeukan bere burua. Garai hartan, karlista monarkiko asko zegoen Euskal Herrian, eta ez zen herritar asko ausartzen gizakien eskubideen aldeko aldarrikapenik egiten, baina Joxepa bai, alajaina! Ez zen eskolatua izango, baina bazuen berezko jakinduria, oso garbi ikusten zuen pertsonak badituela bere eskubideak eta justiziaren alde borrokatu beharra dagoela. Klaritaren aita, Manuel Bengoetxea zen, donostiarra eta joxemaritarra, San Bizente elizaren ondokoa. Honek erosi omen zuen Errenteriako lehenengo kamioia 1918an eta hortik atera bizibidea. Hasieran, mandoa eta gurdiarekin taxi-lanak egiten zituen eta gero, kamioia erosi zuenean Oiartzunen, Lezon, Pasaian eta Errenterian batetik bestera ibiltzen zen paketeak banatzen. Aitarekin lan egiten zuten familiako sei gizasemeek. Baina orduan etxe askotan gertatzen zenez, beraienean ere tokatu ziren gertaera latzak. Alaba gazteena ito egin zen zazpi urte zituela baratzuri-zopa jaten. Kontrako eztarrira joan eta ezin izan zion buelta eman. Bederatzi neba-arreba geratu ziren. Baina etorriko zen beste ezbehar bat; Arratsalde batean, Pontxiok, Klaritaren anaiak, eskatu zion aitari kamioia sagardotegira joateko, aitak ezetz, semeak bota biraoa eta aitak, orduan, eman zion zaplastekoa. Mutila amorruaren amorruz, igo zen ganbarara, hartu eskopeta eta bere buruaz beste egin zuen, hemezortzi urte zituen.

Etxean, ordea, eguneroko martxak agintzen zuen, aitak eta mutilek, jaiki, gosaldu eta etxetik kanpo ematen zuten eguna, lanean. Klarita ere gogor aritzen zen eguna hasten zenetik iluntzera arte, makina bat lan bazen etxe hartan, gobara eskuz egiten, bazkaria prestatzen, azokara joaten… Eta ez soldatarik, ez jai egunik, ezta inoren esker onik ere, horrelakoa zen garai hartan emakume gehienen bizimodua.

Klaritak jarraitzen zuen joaten igande arratsaldetan Zumardira eta Enrike beti gogoan bazuen ere, bizitzak aurrera, Rafael ezagutu zuen, antxotarra bera. Rafael Gomez Jauregi, 1898. urtean jaio zen, ama, Prudentxi zuen eta aita, beza bezala, Rafael. Pasaiako portuan lan egiten zuen, aitarekin eta bere hiru anaiekin batera. Rafaelen aita, gizon sasoitsua zen eta apustuzalea. Esan omen zion bati:

-Hi, baietz salto egin trenbidearen alde batetik bestera bizkarrean 100 kiloko zakutzarra hartuta!

Majo sofrituta, baina lortu ere bai gizonak! Handikeriatan ibiltzen denak, ordea, jasotzen omen du ordaina eta halaxe suertatu zitzaion Rafaelen aitari. Buenavistan tranbiak azpian harrapatu zuen, heldu zen gogor, baina arrastaka eraman zuen hurrengo geltokiraino, tranbia gelditu zenean, erdi-hilik zegoen. Hantxe zendu zen gizona.

Rafaelen anaia Silberio ere portuko garabi batek jota hil zen barku bat deskargatzen ari zirela. Langile asko hiltzen zen portuan garai hartan, lan baldintzak penagarriak baitziren. Moilaren zorua lur arruntaz egina zegoen, porlanik ez, eta bi euri tanta egin orduko erabat lokazten zen, ezin zitekeen ibili irristatu gabe, zer ote zen han lan egitea!

Rafael zen langileen alde aurpegia ematen zuten bakanetakoa, sindikalista eta ezkertiarra izanik, ez zen, ez, isilik egotekoa, bere iritzi politikoak edonon eta edonori adierazten zizkion gordin. Euskaltzale porrokatua zen eta Euskal Herriaren burujabetza defendatzen zuen, beti ere bakearen bidetik.

Basakeria ugari jasan zuten Rafaelek eta bere antzeko beste pertsona ausart askok, berdintasunean oinarritutako gizarte batean sinesten zutelako. Eta horregatik, jazarpen egoera bizi zuten egunero lanean, kalean, zein etxean, justizia sozialaren alde zeudelako, euskaldunak zirelako eta independentzia aldarrikatzen zutelako. Baita eliza katolikoaren mezuekin ados ez zeudelako ere. Rafael horietakoa zen; behin, esan omen zion bere semeari:

- Seme, ba al dakizu zenbat erlijio dauden munduan? Milaka, baina badakizu zein den onena? Norberaren kontzientzia. Nahi baduzu izan kristaua, baina sekula ez katolikoa.. Halere, gogoratu, pertsona guztien arteko Anaitasunaren alde egoteko ez da beharrezkoa kristau izatea. Mundu zabalean, jende gehiena da ona eta gutxi kristauak.

Pentsatzen zuena esaten zuen Rafaelek, ez zen beldur. Baina bai amorratuta, munduan eta bereziki Europan ezarrita zeuden diktadura totalitario guztiekin, nahiz eskuin edo ezker muturrekoak izan. Kapitalismo eta komunismo basatien aurka zegoen, demokrata konbentzitua baitzen gizona. Frantzia miresten zuen estatu demokratiko moduan, baita frantziarrak ere, Frantziako Iraultza bultzatu zutelako. Pertsona guztiek eskubide berdinak ditugula pentsatzen zuelako zen ezkertiarra Rafael, eta pertsonen lehenengo eskubidea bizitzeko eskubidea dela aldarrikatzen zuelako zen bakezalea. Oso printzipio garrantzitsuak eta aurreratuak garai haietarako, ze urte mordoa falta zen oraindik “Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala” 1948an onartua izateko.

Klarita Rafaelekin ezkondu zen 1929an Pasaiara. 1930. urtean jaio zen hauen lehenengo alaba; Josebe. 1932an munduratuko zen Imanol. Semearen bataioan ere izan ziren gorabeherak, aitona Manuel zen aita jauna eta honek esan, umeari jartzeko Manuel, Rafaelek, berriz, ezetz, Imanol izango zela, euskaraz, eta apaiza erdian zain;

-Zer? Zer izen jarri behar diogu?

Azkenean Rafaelek irabazi; Imanol eta kito.

Rafael, 1930. urtean sortu zen Eusko Abertzale Ekintzakoa zen (EAE-ANV). Eta 1933an, EAE-ANVko hautagaia izan zen Madrilgo kongresurako. Beste zenbait alderdikoek, hauteskunde kanpainan esan omen zuten Rafael Gomez maketoa zela, noski, Gomez abizenagatik. Inozoak, bai, haiek! Zer den jakin gabe hitz egitea! Urte berean, 1933an, ELAko Gipuzkoako biltzarreko presidente izan zen hautatua, 1936. urtera arte egongo zen karguan.

Gizona, erabat aztoratuta bizi zen mundu-mailan gertatzen ari zirenekin, 1939an gerra amaitutakoan, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, aliatuen aldeko informazio-sarean hartu zuen parte. Pasaiako portuan lan eginik, barkuen eta mota askotako merkantzien sartu-irtenei eta karga-deskargei buruzko informazioa jaso eta Londonera pasatzen zuen.

Rafael, Klarita, eta seme-alabak Pasaiako portuko etxe batean bizi ziren eta egokitu zitzaien, portuko Anso bulegoetara lanera etorri ziren bi ofizial alemaniar edukitzea etxean, apopilo. Rafael, gizon jantzia zen eta asko gustatzen zitzaion hauekin berriketan aritzea, batez ere politikaz. Afalondoren, ofizialei pattar pixka bat eskaini eta informazio asko ateratzen zien. Hitlerren handikerien berri ere eman zioten eta Rafaelek esaten zien, ezetz, ez zituela lortuko bere helburuak, baina ofizialek, baietz;

- Eta Frantzia geureganatzen dugunean hona etorriko naiz Martel botila batekin.

Esan eta egin. Frantzian sartu zirenean eta mugatik gertu zeudela, ofizial alemaniarra Pasaian agertu zen bere jeepean, agindutako Martel botilarekin.

Rafael Gomezek tinko jarraitzen zuen langileen eskubideen alde. Behin etorri zen Pasaiako portura Madrilgo ordezkari bat eta Rafaelek salatu zuen aurrez aurre, lotsagarria zela bertako langileek baldintza gogor haietan lan egitea, portuko zorua hobetu beharra zegoela. Handik hilabete gutxira bota zuten porlana.

1940. urtean polizia frankistak atxilotu egin zuen eta 1941ean heriotza-zigorra ezarri beste 18 pertsonekin batera. Haien artean, Luis Alaba eta Ignacio Barriola. Azkenean Luis Alaba fusilatu egin zuten eta Rafael eta gainontzeko gehienei 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten.

1946an atera zen kartzelatik. Handik gutxira, 1947an Francoren diktaduran egin zen lehenengo greba politikoaren antolakuntzan parte hartu zuen. Greba hori Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzak eraginda Euskal Erresistentziaren Batzordeak bultzatu zuen eta Euskadin bakarrik egin zen. Egoeraren larria ikusirik, Rafaelek ihes egin zuen eta 1950. urtera arte ezkutuan bizi behar izan zuen mendian inguruko hainbat txabola eta baserritan.

Bitartean, Klaritak, berak bakarrik hazi zituen, nekez, baina kemenaz, Josebe eta Imanol. Orduan ez zegoen inongo laguntzarik, nork bere zama zeukan eta hor konpon.

Bere ahizpa gazteenak Inaxik eta haren senarrak, Luis Garciak, laguntza handia eman zioten, Klaritaren etxera joan ziren bizitzera Errenteriatik Pasaiako portura.

Senarra susmopean zegoela-eta, 1942an Klarita bidali egin zuten Pasaiako portuko etxetik eta Errenteriako Madalena kaleko etxe txiki batera joan ziren. Imanoli asko lagundu zion osabak, aitaren hutsunea nola-hala bete eta hezkuntza ona eman nahi izan zion ilobari. Donostiako Mercadal akademian ikasi zituen Elektrizitatea, Elektronika eta Mekanika eta delineante aparta izatera iritsi ere bai.

Rafaelek 1951 urteko grebaren antolakuntzan ere parte hartu zuen eta berriz ere atzetik zituen frankistak. Azkenean, Frantziara joan zen beste hiru lagunekin, Inaxio Kortabarria tartean, eta han eskatu, errefuxiatu moduan onartuak izateko, bere garaian aliatuei lagundu zietela eta. Baiezkoa eman zieten, baina Frantziako iparraldera joan behar zutela. Hala, lau gizonak banatu egin ziren eta Rafael Jura departamentura joan zen, Selliéres herrian bizi izan zen erbesteratua. Negua gorria izaten zen han eta Rafaelek ganbara-zulo bat zuen bizileku. Fundizio txiki batean egiten zuen lan. Ezaguna zen bertako langileen artean, fundizioko patroiarekin maiz negoziatzen baitzuen, langileen lan baldintzak zirela eta. Hantxe egin zituen hamasei urte luze, hotzak eta herriminak jota. Semeak, bisita egin zion ezkondu aurretik 1960 urtean, eta bueltan esan zuen aita animalien pare bizi zela.

34 urte luzez, ezkutatuta, kartzelan eta erbestean ihes eginda bizitzera kondenatu zuten Francok eta frankistek Rafael Gomez Jauregi. Klarita eta seme-alabak oso noizbehinka ikusten zituen Hendaian. Lehengusu batek, Inaxio Urigoitiak txalupan eta gauez pasatzen zituen Bidasoa ibaiaren alde batetik bestera isil-isilik, aita ordu pare batez ikusi eta bueltan behin baino gehiagotan estu eta larri ibili ere bai, itsas behera etorri eta ia arraunean egin ezinik.

Klarita ohitu zen-edo bakarrik bizitzen, seme-alabek gogor lan egiten zuten eta gazte irten ziren lanera, Josebe etxeko lanetan laguntzen ibiltzen zen etxetik kanpora eta Imanol hamasei urterekin hasi zen tailer batean lanean.

Rafaelek 65 urte bete zituenean, 1963an, Frantzian bere erretiroa jaso ahal izateko tramiteak egin zituen. Oso diru gutxi eman zioten. Orduan lagun batek, jakin zuenean II. Mundu gerratean aliatuen aldeko informazio-sarean jardun zuela, eskari berezi bat bidali zuen Parisera. Hilabete batzuetara, etorri zitzaion laguna pozarren;

- Rafael! Gobernu frantziarrak diru sari berezi bat eman dizu egin zenuen lana eskertuz, bizi arteko erretiro koskor bat.

Baina Rafaelek ezetz, ez zuela onartuko, berak bazuela zegokion erretiroa.

1967an bueltatu zen Errenteriara, 69 urte zituen, bere seme Imanol Begoñarekin ezkonduta zegoen ordurako, Txokoko alabarekin, eta hiru seme-alaba zituzten; Iñaki, Itziar eta Gotzon. Geroxeago etorriko ziren beste hirurak; Josune, Kerman eta Leire. Alaba, Josebe, Kosmerekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba zituen, Sabin eta Nekane. Geroago jaioko zen hirugarrena, Andoni.

Ez zen erraza izan Rafaelentzat Errenteriara egokitzea berriro, Klaritarentzat ere ez, 34 urte luze eman zituzten Frankok banatuta. Rafaelek kalean ematen zuen ia egun osoa, bati eta besteari erreparatzen. Eta etxean zegoenean ekonomikan ikatza bota eta bota aritzen zen, igual izango zen Frantzia iparraldean pasatu zuen hotzarengatik.

Gizonak asko sufritu zuen jende askoren jarrerarekin. Bere bizitza osoa eman zuen Euskadiren eta euskal langileen alde, eta ez zituen ikusten herritarrak, berak nahi bezain konprometituak. Min handia hartzen zuen ikusten zuenean nola langileek zortzi ordu baino gehiago egiten zituzten lanean. Gogoan zuen sindikatoek egindako borroka eguneko lan saioa zortzi ordukoa izan zedin. Esango zioten ordu extrak kobratu egiten zituztela, baina gizonak ez zuen ulertzen.

Garai hartan, gainera, 1967an etorkin asko etorri zen Errenteriara, Extremaduratik, Galiziatik eta Gaztelatik. Rafaelek ulertzen zuen jendea lan bila etortzea, baina ezin zuen eraman hemengoen utzikeria, ez mintzatzea euskaraz, ez borrokatzea gure izatearen alde. Horregatik, entzuten bazuen gazteren bat gazteleraz, botako zion;

-Hi, gazte, hemen euskaraz, aitu?

Bilobekin, bai, gozatzen zuen, Iñaki, zaharrena, askotan eramaten zuen pasieran, eta udan, Frantzian usadio zuten antzera, alkondara erantzi eta kamiseta hutsean ibiltzen ziren. Eta bueltaxka egin ondoren, izozki bat erosi Pakirenean.

70eko hamarkadan, Errenterian ez zen giro, sarri izaten ziren manifestazioak, Frankoren bukaera gertu sumatuz, jendea mugitzen hasi zen. Poliziak eta Guardia Zibilak sarraski handiak egin zituzten herritarren aurka. Garai hartan, hainbat gazte, diktadura komunista sobietarrarekin liluratuta zebilen, bazter guztietan jartzen zituzten ikurrinak zein bandera sobietarrak. Oso modernoa eta aurrerakoia zen komunista izatea. Rafaelek tirabira handiak izan zituen hauekin, bere garaian, portuan ibiltzen zenean ere heriotza-mehatxua egin zioten.

Ez dakigu ondo zer pasatu zuten gizon emakume haiek eta hala ere, askoren ahotan entzun izan dugu Francoren eta frankisten errepresio latza jasan zuten gure gurasoek eta aiton-amonek ez zekitela ezertxo ere Euskal Herriari eta politikari buruz. Euskadiren askatasunaren alde bizia eman zutenek, Rafael Gomez Jauregi, horien artean, erabat ezjakinak zirela. Mespretxatu egin izan dituzte eta iraindu. Bere burua komunista aurreratutzat zeukan batek idatzi zuen -harro baino harroago- Rafael Gomez CIAkoa zela, noski. Gezurra biribila. Rafael Gomezek bere konpromezu politikoak eta pertsonalak ederki erakutsi zituen bizitza osoan zehar, ez zituen gustuko sistema inperialistak, ez espainiarra, eta ezta frantziarra edo estatubatuarra ere, eta are gutxiago sobietar inperialismoa eta komunismo diktatoriala. Horregatik, ez zituen gogoko garai haietan sobietar sistema komunista aldarrikatzen zutenak. Ze orduan, ezkertiarrak izango ziren askok esaten zuten Sobietar Batasunak izan behar zuela Euskadiren eredua. Ez zuten lehentasun bezala gure herriaren burujabetza, sobietar diktadura zapaltzailea baizik. Rafaelek nahi zuen herri hau aske izatea, justizian, berdintasunean, eta bakean oinarrituta. Denborak, horretan ere, arrazoi eman dio gure aitonari.

Aitona Rafael 1977. urteko maiatzaren 12an erail zuen Guardia Zibilak kalean lagun batekin zebilela; 78 urte zituen. Amnistiaren aldeko aste penagarri hartan izan zen. Tiro bat jaso zuen bihotzaren ondoan. Auto batean sartu eta erietxera eraman zuten, baina bide-erdian, Herreran, autoa gasolinarik gabe geratu zen eta odol hustuta hil zen;

-Hil egin naute! Hil egin naute!

Hauek aitonaren azken hitzak. Eta gogoan daukagu nola gure aita etorri zen aitonaren txapela eskuan ospitaletik;

- Aitona hil egin da.

Eta guk, sei neba-arrebok, etxean mezu bat jaso dugu beti; gorrotorik ez. Aurrera tinko, euskaldun eta langile, baina gorrotorik gabe. Aitonari eta amonari ere zor diegu garena.

Izan zinetelako gara. Zuentzat gure esker ona.

Itziar Gomez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli