Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Hitz gose
luma11    

Kanpandorreko hotsa bazkari legerako ordua iragartzeko zorian dago. Hemen jarraitzen dut, goseak eta desioak amorratuta, sabeleko arantzen atezua nork samurtuko zain. Eguneroko lapurrak ostu dizkit erraiak ase arazten dizkidan hizki goxoak: garai batekoak baino eskasagoak eta hotzagoak diren arren, tripa beteta izaten laguntzen didaten hizki lasaigarriak. Non gelditu dira egunero ehunka ekartzen zizkidaten testuak? Amoranteen arteko ezinegona lau haizetara barreiatzen zuten hitz mardulak? Barnetegiko semeak amari bidaltzen zizkion berri mozorrotuak? Ohartu naizenerako aspaldiko etorkizunaren haizeak hemendik urrun ufatu ditu guztiak. Eta niretzat lau testu ziztrin besterik ez dira gelditu: gehienak pasio eta mamirik gabekoak, baina gutxienez, barruko zulo amaigabea betetzeko balia ditzakedanak.

Eta, hementxe, nire bakardadean, hitzok burmuina elikatzeko aukera eskasa eskaintzen didatenez, kanpokoari erreparatzea besterik ez zait gelditzen.

Bizpahiru haur dauzkat inguruan jolasean. Ni hemen egotearen arriskua sumatzeko gai ez dira, aingerutxoak. Batek ile kizkurra dauka. Gaixoak jakingo balu zenbateraino desiratzen dudan iletxo horien fereka, ez dut uste horren pozik ekingo liokeenik lagunarteko jolas xaloari. Ai, ene. Inor ohartu gabe, kanpai hotsaren babesean, haurra jango nuke, haren arima betiko itzali eta bere pentsamendu guztiekin tripa festa ikaragarria ospatu. “Umetokia” hitzari beste definizio berri bat emango nioke: maltzurragoa, apetatsuagoa; nirea. Ondoren, haurraren garuneko hitz guztiak zurrupatu ondoren, haietaz gozatuko nuke etengabeko esangura eta lexikoz mozkortuta, amaiezinezko orgasmo batera heldu arte. Ondoren, oharkabean, hezurrak txistukatu egingo nituzke, asebeteta, inongo mesprezurik gabe. Pipa jaleak azalak botatzen dituen bezala. Lasaitasunez. Herioari agur esanez.

Ingurua, plaza, itzalez beteta dago. Kanpai hotsek utzitako oihartzunarekin batera makina bat marmar eta ahots entzuten ditut: gizon-emakume arteko elkarrizketa amaigabeak, lagunarteko esamesak, guziek komunikatzeko duten beharraren oinordeko. Baina zarata da niretzat, ezin baitut ulertu haien jarioak zer dioen. Horrek gogorarazten dit zenbateraino nagoen isolatuta, kaleko eserleku txatxu honen alboan, nire barruko kobazuloa hutsik, hitzen eta eskutitzen gose. Ahoa beti irekita izan arren, sabela hutsik izatera ohituta nago. Ez etsita, ordea, nire gaua iritsiko baita.

Presarik ez daukat. Gauren batean, noraezean dagoen haur bat hurbilduko zait, ilunabarrean, itzalen babesean, eskutitz bat aho barruan sartzeko asmoz.

Horixe izango da bere azken eskutitza...

... eta nire aukera.

Asier Mendoza

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli