Dibulgazioa

Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkareteren irudiak
Gorka Azkareteren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Garazitik ekialderanzko urek dakarten misterioa
argia3  
pdf  
Gorka Azkarate  

Errobik, Baionan Atturrirekin batuko den ibaiak, Garaziko herrian hartzen du benetako eitea. Beherobia, Lauribar eta Arnegi errekak dira Errobiren emari nagusi haren goi-ibilguan. Hirurek haran ikusgarri bana zizelkatzen dute Garaziko lurretatik hego-ekialdera. Beherobia eta Lauribarrekoak ezagutzera goaz.

Eiheralarre, Bernat Etxepare euskarazko lehenengo liburuaren (Linguae Vasconum Primitiae) egilearen jaioterria, atzean utzi ostean, Beherobia errekan gora, Ezterenzubira heldu gara. Historiak dioenez, Eiheralarreko erretore ez ezik Garaziko bikario ere izan omen zen Etxepare. Eta olerki gogoangarri andana idatzi zuen, horietako zenbait euskal kantutegiko doinu ezagun bilakatuak azken hamarkadetan.

Ezterenzubi, berriz, Errobi ibaiaren iturburuarekin topo egin aurretik aurkitu dugun azken herria da. Errepidean aurrera eginez gero, Beherobia auzunera heldu gara, eta minutu gutxiko oinezko txangoa eginda, iturburura. Baina hemen, oraindik, Beherobia izena du Errobik. Puntu hau ohiko abiapuntua da Errozate mendira igotzeko zein Harpeako sarobera eta leizera gerturatzeko, jomuga horietara heltzeak iturburura bertara joateak baino ahalegin dexente handiagoa eskatuko badigu ere.

Errobi, berez, Harpeako leizetik oso hurbil jaiotzen da, eta haranean behera egin ostean, ehun metro sakon den zulo batean desagertzen da. Mendi zintzurraren iturburu batean agertzen dira berriro Errobiko urak, Beherobia auzotik gertu: Errobi ibaiaren iturburua. Beherobiatik Errozatera igotzeak 1.000 metroko desnibela gainditzea eskatuko digu. Ordain modura, euskal Piriniotako paisaia magikoenetako batzuez gozatzeko aukera izan dugu ibilaldi guztian zehar.

Zuberoako mugaren bila

Donazaharren Donapaleurako bidea utzi eta Lekunberri aldera joaz, Nafarroako eta Zuberoako mugen bila abiatu gaitezke. Aukera bi ditu bisitariak: Burdinkurutzeta mendaterantz jotzea, Irati aldera, Nafarroa Behereko gailurrik garaiena den Okaberen eta haren mazeletan dauden harrespila bitxien bila, edo Mendibe eta Behorlegi igaroz Apanizeko mendate garairantz jotzea, Zuberoarantz, Atharratze eta Altzürüküra bidean. Saihesbidean bigarren aukera hautatuz, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren arteko mugan dagoen Behorlegi gailur berezi eta ederrarekin egin dugu topo parez pare.

Behorlegi (1.265 m), Arbaila mendiguneko gailurrik esanguratsuena da, harkaitzezko hagina dirudien bere eite lerdenarekin –bi kilometrotik gorako luzera duen ertz harritsua– mendizaleak erraz erakartzen dituen horietakoa. Egia da, baita ere, Garaziko ibarretik ikusita boteretsu dirudien hein berean dirudiela xalo, hegoaldetik begiratuz gero. Apanizeko lepoaren bestaldean dagoen Hauskoa gailurrarekin batera –horrek ez du hain itxura boteretsua–, Urhandiako zirkua ixten du Behorlegik. Bertara igotzeko, aukera bi: bata, autoz Apanizeko mendatera igo eta ordubete eskasean gailurrera iritsi, 200 metro inguruko desnibela gainditu ostean; bestea, Behorlegi edo Mendibe herrietatik abiatu, ibilbide gogorragoak baina erakargarriagoak osatuz. Eskaladan nolabaiteko trebetasuna duten txangozaleek Behorlegi mendiaren hegi zorrotzetik igotzeko aukera ere izango dute, Haritxarteko ertzetik hain zuzen, harriaren kalitatea eskas xamarra bada ere.

Arbaila, kondairen habia

Arbailako mendiguneko gailurrik esanguratsuena Behorlegi bera den arren, mendigune ezezagun eta misteriotsu honek beste hainbat gailur deigarri ere ezkutatzen ditu, hala nola Behorlegitik gertu dagoen Hauskoa edo Bohokortia, Etxekortia, Zaboze, Beltxu edo Belhigaina, horietako batzuk Zuberoan. Zuhaitzek estaltzen duten arren Arbailetako hedadurarik handiena, larreek ere eremu esanguratsua hartzen dute. Izan ere, abeltzaintza aztarnak aspaldikoak dira bertan. Baina Arbailetako ezaugarri nagusia bertako hamaika zulo, sima eta osinak dira, eremu karstikoa da eta. Inguru nahasi honetan du iturburua Biduze ibaiak, Atturriren emari izango denak.

Eremu nahasi eta gizakiaren arrasto nabarmenegirik gabekoa izanik Arbailetako mendigunea, ez da zaila izan mendetan barrena hamaika kondaira elikatzea hemen, Ahüzkiko herensugearena edo Behorlegiko lamiena, konparazio baterako. Apanizeko lepotik gertu, Apanizeko sima edo trokarekin egingo dugu topo, izen bereko larrean; troka berezi honen aitzakian ere bada kondairarik: esaten dutenez, Arbailako mendi-multzoaren lurpean ezkutatzen omen den infernuarekin komunikazio zuzena du.

Gorka Azkarate

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli