Gidoiak eta antzerkia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

Gazi-Gozo-Gezamin

-9 urtetik aurrera edonork antzezteko lana

- Haur nahiz helduei zuzendua.
- 40 minutuko iraupena (gutxi gora behera)
- Gertakizun historiko batean oinarritutako animaziozko antzezlana
- Antzokian antzezteko pentsatua baina kale antzerki bihur daitekeena.

OINARRI HISTORIKOA ZIHURTATZEKO BIBLIOGRAFIA:

- “Aproximación a la bases materiales del poder de los parientes mayores guipuzcoanos en el mundo rural: hombres, seles, molinos y patronatos”

- Parientes Mayores de la tierra Guipuzcoana”

- Las luchas de bandos en el País Vasco durante la baja edad media.

Jose Ramón Díaz de Durana Ortiz de Urbina.
Universidad del País Vasco.


- Los señores de la guerra en la Guipuzcoa bajomedieval”

Jon Andoni Fernández de Larrea Rojas
Universidad del País Vasco

- “Gorrotoa lege”
Jon Etxaide

- “Señor de la guerra”

Toti Martinez de Lezea.

ARGUMETUA

1448.urtean kokatuko da istorioa.

Olasoko jauna den Jaun Matxinek Butroeko jaunaren alaba, Oneka, ezagutzean biak maitemindu egingo dira, baina Jaun Matxin ganboatarren leinuaren defendatzaile izanik eta Butroekoak Oñaztarren leinukoak, zailtasun handiak dituzte euren artekoa bizitzeko eta geroa elkarrekin burutzeko; Gainera, bi leinuen arteko gatazkak handiak dira.

 
Ganboatarrek Arrasate eta inguruak euren menpe hartu nahi dituzte baina Oñaztarrek indar handia dute bertan. Ganboatarrek (Oñatiko Gebara, Elgoibarko Olaso eta Legutioko Abendaño buru direlarik) Oñaztarrak (Butroeko Gomiz Onzalutx, seme Otsoa eta Aramaioko Jaun Estibariz Mendiolakoa) Arrasateko harresi barruan daudela, harresiak itxi eta herriari su emango diote. Olasokoa ahaleginduko da sarraskia ekiditen, alferrik ordea, Butroekoa eta semea bertan hilko dira eta Arrasate herria suntsituta geldituko da.

Azkenean Olasokoa Onekarekin ezkonduko da eta borrokak nolabait baretu ere bai. Antzerkia ezkontza ondorengo ospakizun eta dantza batekin bukatuko da.


EKITALDIAK

Antzerkia grabatutako azalpentxo batekin hasiko da, non istorioaren garaia eta nondik norakoak argituko diren, ondoren 5 ekitalditan banatuko da antzezlana:

- Lehenengo ekitaldian Jaun Matxin eta Onekak elkar ezagutuko dute.

- Bigarren ekitaldian Ganboatarrek Arrasate eurenganatzeko plana egingo dute eta Oñaztarrak ere horretan arituko dira.

- Hirugarren ekitaldian Arrasateko gatazka eta erreketarako herritarrak konbentzituko dituzte bi leinuetakoek.

- Laugarren ekitaldian kaleko saltzaileek borrokaren berri emango dute.

- Bosgarren ekitaldian bi gazteen arteko ezkontza ospakizunak eta dantza ikusiko dira.

PERTSONAIAK

- Ijito emakume esku-irakurlea……………………………………………………(Bizkaieraz)
- Ukendu saltzailea…………………………………………………………(Bizkaieraz)
- Talo saltzailea…………………………………………………………(Bizkaieraz)
- Oihal saltzailea…………………………………………………………(Bizkaieraz)
- Olasoko Juan Matxin
- Butroeko Oneka
- Butroeko Gomiz Onzalutx jauna
- Butroeko seme Otsoa
- Butroeko jaunaren emazte Elvira
- Oñatiko jauna Txeru Beleiz Gebarakoa
- Abendañoko jaun Peru
- Aramaioko jaun Estibariz Mendiolakoa
- Herritarrak (ikuslegoaren artetik ateratakoak)


Bizkaiera izanik historia gertatzen den inguruetako euskalkia ikuslegoarekin harreman zuzena izango duten pertsonaiak bizkaieraz arituko dira baina aurkezpena eta historiako pertsonaiak batuan arituko dira.

Gainera, hitanoa ere erabiliko dute pertsonaia batzuek.

ESZENATOKIA

Eszenatokiaren erdian plaza bat azalduko da, bertan ijito esku-irakurlea bere dendatxoarekin, talo saltzailea bere mahai eta taloekin, ukendu saltzailea bere ukendu saltokiarekin eta oihal saltzailea bere oihalekin kokatuko dira. Barrenean eta ezkerraldean Butroeko gaztelua azalduko da eta eskuin aldean Olasoren dorretxea. Erdiko enparantza aldatuz joango da ekitaldi bakoitzean.

Azaldutakoa antzoki batean egitekoa bada ere kalera eraman nahi izanez gero postuak desagertu eta eskuetan maneiatzeko moduko zerbaitek ordezkatuko luke eta tapatutako gurpildun mahiak. Gazteluen ordez leinuetako estandarteak beharko lirateke.

Eszenatokian eta jantzietan erabiliko diren koloreak okreak, arrosak, marroiak eta laranjak izango dira batez ere. Aipagarrienak erdi aroa gogoraraziko dute, estandarteak, zakuak, kapelak, brusa zabalak, korpinoak, belaunetarainoko galtzak, abarkak, gerrikoak…

Ijito esku-irakurleak mahai borobil bat izango du, zapiaz estalitakoa, gainean bola edo kriseiluren bat.

Ukendu saltzaileak zakuz eta oihalez estalitako mahaitxoa izango du eta bertan botilatxoak eta ukendu potetxoak.

Talo saltzaileak mahaitxo bat izango du mantelarekin estalia eta bertan egindako taloak, talo pala eta sua irudikatuko duen zerbait, artoa ere egon daiteke.

Oihal saltzaileak zintzilikarioren bat izango du dena zapiz estalia.

Musikak aukeratzerakoan erdi aroko doinuak eta euskal folklorekoak izango dira egokienak, albokak, dultzainak…


GAZI-GOZO-GEZAMIN


1. EKITALDIA

Eszenatokia ilunetan egongo da grabazioa entzuten den bitartean, gainera musika isiltxo bat entzungo da.


(GRABAKETA)

Aspaldiko Euskal Herrian gaude, 600 urte inguru igaro dira ordutik orain arte eta lehenagoko borroka antzekoetan ez ote gabiltzan nago ni.
Orduan…eta inguru hauetan… Atxabalta, Eskoriatza, Arrasate, Aramaio, Oñati…bi leinu garaitzen ziren beste batzuen gainetik; Ganboatarrena alde batetik, bertan Elgoibarko Olasotarrak aurrean, Legutioko Abendañoko jaun Peru, Oñatiko Txeru beleiz Gebarako jauna, ziren esanguratsuenak eta azken honen menpe Galartzako jauna, beraz atxabaltarrok be hor nonbait.

Beste alde batetik Oñaztarrak (indar handia zutenak Arrasaten) eta hauen artean buruzagi ukaezina Butroeko jauna Gomiz Onzalutx eta seme Otxoa. Etxe honetako Oneka ezagutuko dugu gaur. Gainera, Aramaioko eta Uribarriko jauna Estibariz Mendiolakoa.
Garai berezi haietan ere, beraz, gure ingurua zatiturik zegoen.

Bi leinu hauen arteko borrokak gogorrak izaten ziren eta Arrasaten, herri honetako gatazkan eta erreketan islatu ziren. 1448.urtean gertatu zen hori, San Juan bezperan. Bertan Oñaztarren buruzagi zen Butroeko Gomiz Onzalutx eta semeetariko bat erail zituzten eta Ganboatarrak garaile suertatu ziren.

(Musika isiltzen doan bitartean argiak piztuko dira eta eszenatokian lau saltzaileak azalduko dira bakoitza bere saltokiarekin: Ijito emakume esku- irakurlea, ukendu saltzailea, talo saltzailea eta oihal saltzailea, gainera Oneka ere saltokiak begira azalduko da)


ESKU IRAKURLEA: (Ikuslegoarengana gerturatuz)  Etoz, etoziela! Geroa iragarriko dotzuet eta…amore kontuak, borrokak, hazienda, zure eskumako eskua besteik ez dot biher eta…erriela trukien…etoz ba galai hori, etoz etoz dama gazte…
(publikotik norbait atera)
Ekarrixu eskumako eskua, ene ba! Kondiakin ezkonduko zara ta… eta…Oñatiko kondiakin…! Zu bai zoriontsu….
Ia ba hori bestioi (beste norbait atera)
Ene! Laster gerra baten barruen zauz, Mondrauen… zaindu zaittez e?
(hirugarren bat atera) Eta zuriak ia zer esaten dauen… ene! Aberastuko zara laster…baina eeepa! Kontuz zelaixetako sugakin…
(laugarrenari) Ekarri zuk be…egundoko famia zureganatuko dozu, asko ikasi eta jakintsua izengo zara…
(Oneka azalduko da eta eskua irakurtzea eskainiko dio)
Ei! Neska polittoi, gura dozu bizitzien berri jakittia! Etoz ba!...(Eskua hartuko dio) Esku fina zuria, zer? Ez zara nekazarixa e? Jauntxon baten alabia bai…

ONEKA: Bai…Butroeko jaunaren alaba naiz ni, Oneka, hori asmatu duzu eta… zer gehiago ikusten duzu ba?

ESKU IRAKURLEA: Ene…! Laster maitemunduko zara zu e…uiii…eta galai dotoriaz gainera…!baina…ai ene! Ez da zure aittan gustukua izengo eta…Jesus Maria eta Joxe (aitaren eginez) Hemen ez dator gauza onik, gerrak, amodio kontuak latz…

(Onekak eszenatokitik alde egingo du eskuari begira)

UKENDU SALTZAILEA:
Bizitza luzatuko dautzun botikia gura dozu?... hemen aukeran Butroeko jaun Gomiz Ontxalutxek berak be hartzen dauena e? Eta Olasoko Matxinek be bai e? Horregatik erakusten daue ba hainbeste kemen euren arteko burruketan… zelan ba bestela? Probau e? Zu, gizon, hartu ta probau (publikoko norbaiti probatzeko ematen dio)

Gainera goxua e? Erakutsi oin bolia, ia ba! Ikusi, zelako inddarra emun dautsuten! Erosi andrak gixonarendako! (erdira bueltatuz)

TALO SALTZAILEA:
Taluak!!... Aramaixoko jaun Estibariz mendiolakuen soluetan erainddako artuaz eta Galartzako gariaz einddakuak…Erosi!...Erosi!...E! Zu! Gura dozu bat? (publikoko norbaitzuei zuzenduaz talo batzuk banatuko ditu)  onak e?

(jaun Matxin aterako da)

OIHAL SALTZAILEA: (Musika hindua entzungo da) Indiatik ekarrittako setazko oihalak hemen Euskal Herrixen…Butroeko Oneka gaztiak darabilenak eta Oñatiko Txeru beleiz, Gebarako jaunak, berak be bere dorretxien apaingarri dittuenak… (erdira bueltatzen da, han jaun Matxin Olasoko dago) E gizon! Ezauna zaittut, zein zara? A! Olasoko Jaun Matxin…!

JAUN MATXIN: Gure etxerako oihalak ekarri zenituena zara zu… Begira, horko lepoko hori erosiko dizut. (Oihal polit bat erosi eta gerrikoan lotzen du)

OIHAL SALTZAILEA: Hori damaren bati oparitzeko egokixa dozu jauna! OIHALAK!!!... Indixako oihalak!!!

(Oneka aterako da eta isilik baina lau saltzaileek eszenatokian jarraituko dute bazterretan, erdi inguruan Onekak eta jaun Matxinek topo egingo dute)

JAUN MATXIN: Dama galant hori, nor zaitut? (gerritik makurtuta agurtuko du)

ONEKA: Oneka naiz, Butroekoa, eta zu jauna?

JAUN MATXIN: Butroeko Gomiz Ontxalutxen alaba?? (harriduraz) Ni jaun Matxin Olasoko nauzu zure zerbitzurako (erreberentzia berriz)

(musika entzungo da eta bikotea paseatzen ibiliko da)

JAUN MATXIN: Noiz ikusiko ziatuz berriz?

ONEKA: Ez dakit gure aita…badakizu… zuek biok…etsaiak zarete…ez dakit…

JAUN MATXIN: nik hitz egingo dut zure aitarekin, bitartean har ezazu lepoko hau nire maitasunaren adierazle…

ONEKA: (zapia hartu eta lepora eramanez) Bai…elkar berriz ikusi arte…agur…

(besarkada batekin argiak itzali eta eszenatokia ilunetan geldituko da, musika entzungo da 2.ekitaldia prestatu bitartean)



2.EKITALDIA

(Butroeko gazteluan Gomiz jauna, Otxoa semea, Elvira anderea eta Oneka azalduko dira)

ELVIRA: Zer Oneka, nor dun ma maiteminduta haukan gazte misteriotsua?

GOMIZ ONZALUTX: Zeer? Oneka, hi ez haiz edozeinekin ezkonduko, gure leinuko norbait beharko dun izan hire senarra, Oñaztarra eta hazienda onekoa!!

ONEKA: hazienda onekoa da ba nire maitea, aita, ondo hezitakoa eta…

OTXOA: ea ba! Esaigun behingoz nor dunan hainbeste dohain ditinan gizona…!

ONEKA: Ba…ba… Matxin du izena eta Olasoko jauna da.

GOMIZ ONZALUTX: ZEEEEERRRR??? ZORATU EGIN AL HAIZ? EZ EZ ETA EZ…!!! HI EZ HAIZ GOLDAR HORREKIN EZKONDUKO!!!

ELVIRA: Bakerako bide bat izan daiteke gizona!

OTXOA: ez da bakerik behar! Nik akabatuko dut lotsagabe hori!

GOMIZ: Ez dun berriz ikusiko…bestela…!

ONEKA: Baina aita…mesedez…entzun!!

GOMIZ: Ez ez eta ez!!! (alde egiteko keinua eginez) Tira Otxoa! Bazeukeagu zer egin, goazemak! Jaun Estibariz Aramaixokoarekin ere egon beharrean gaudek, Arrasate eta Atxabalta inguruetan nahaspila handia omen zabilek!

OTXOA: Bai! Olasoko sasikume hori eta Oñatiko Gebarakoa borroka piztu nahian omen dabiltza…(gaztelu atzealdera ezkutatuko dira)

ONEKA: Ama…! Zer egin behar dut orain?

ELVIRA: Entzun dun aitak eta nebak diotena, ezinezkoa dun Oneka…ahaztu ezan…

ONEKA: Ezin izango dut ama

(Negarrez gaztelura sartuko da amarekin. Argiak Olasoko dorrea argituko dute, handik Olasoko Jaun Matxin eta Gebarako jauna aterako dira)

GEBARA: Olaso, oraintxe duk gure aukera, Arrasaten eta Atxabaltan giro nahasia zebilek, geure mende hartzeko garai egokia…Legutioko Abendañorekin batera Arrasate inguratu eta geure egingo diagu…Zer deritzok?

OLASO: Bai Gebara…baina…ez al duk borrokekin bukatzeko garaia? Arrasate geure egiteko borroka baino gerra sortu beharrean gaudek, herritar asko hilko dituk eta ez nikek horrelakorik nahi!

GEBARA:
Zeerr? Koldartzen ari haiz ala? A! bai ba! Oneka Butroeko duk apaltasun horren arrazoia! Baina ahaztu ezak! Inoiz ez duk lortuko! Etsaiaren alaba duk!!!

OLASO: Ez! Batak ez dik bestea ukatzen! Arrasate eta Atxabalta geureganatuko ditiagu baina herritarrekin hitz egin eta beraiekin egoera berriak hitzartuz…

GEBARA: Ametsetan ala? Guraiatarrek inoiz ez ditek amore emango, Bañez Artazubiagatarrek ez ditek nahikoa indar herritarren artean…Ez zegok beste aukerarik, borrokaren bidez ez bada ez diagu inoiz lortuko eta Butroeko anker honek izango dik jabetza.

OLASO: Agian arrazoi duk, erasoa ondo prestatu beharrean gaudek, goazemak!

(Gaztelura sartuko dira baina sartu aurretik Olasok buelta eman eta bere golkorako esango du:)

OLASO: Onekarekin inoiz izango al dut aukerarik? Beltz dator etorkizuna…


(argiak itzali eta musikarekin 2.ekitaldia bukatuko da)



3.EKITALDIA

(Gebara eta Olasoko jaunek, jendearengana zuzenduz, ejerzito txiki bat osatu nahi dute, horregatik duten asmoen berri azalduko dute ikuslegoaren aurrean)

GEBARA: Atxabaltarrok! Txeru Beleiz Gebarakoa nauzue, Oñatiko jauna, egizue gure ondoan borroka, Arrasate geureganatu eta ondoren egundokoak izango dira izango dituzuen onurak, garia merkatuko da, lana izango duzue danok eta pakea izango dugu gure artean.

OLASO: Ni Juan Matxin Olasokoa naiz eta Gebarakoak dioen bezala zuen laguntza behar dugu eta guztion artean Butroekoaren menpekotasunari ihes egingo diozue eta hobeto biziko gara danok!!

GEBARA: Nortzuk zaudete gurekin borrokatzeko prest?? Galartzako jauna be gurekin da! Zu? Eta…zu?
(lau lagun aterako dituzte eszenatokira) Zu be bai? Eta zu be etorri!

( Olasoko gaztelu aurrean ezpatak eta txapelak banatuko zaizkie, hurrengo agerraldirako, ondoren Butroeko jauna, Juan Estibariz eta Otsoa azalduko dira euren kezkak azalduz)

GOMIZ UNZALUTX: Bihar izango omen duk Olaso, Gebara eta Abendañoren erasoa, baina gaur bertan Arrasatera joango gaituk, barrura, eta handik hobeto defendatuko diagu “gure” izan daitekeena. Zer diok Estibariz?

ESTIBARIZ: bai! Ezusteko galanta hartuko ditek Ganboatarrek gu geure gudariekin erasoa gelditzeko prest aurkitzen gaitikenean…

OTXOA: Butroeko Otxoa naizen honek diot: Arrasateko geure egiteko oraintxe dugula aukera ezin hobea!!

GOMIZ: Butroeko jauna naiz ni, bai, eta zuen, herritar ausarten laguntza ezinbestekoa dugu (ikusleei zuzenduz.) Gurekin zaudete ez da? Inork ez dizue garia guk baino merkeago emango! Eta gure alde borrokatuz gero mila errealeko saria jasoko duzue, gainera Gebarako jaun anker horren menpekotasunetik libre izango zarete!

ESTIBARIZ: Bai, borrokatu gure ondoan eta garaipena gurea izango da. Zein dator gurekin? Zu..? eta zu…? A! zu be bai---eta zu!! Ondo!! Goazen borroka prestatzera!

(Ikuslegotik ateratako 4 lagunek Butroeko gaztelu aurrean ezpatak eta burukoak jantziko dituzte)


(Argiak itzali eta musika eta borrokako hotsak entzungo dira. 4.ekitaldia hasi aurretik eszenatokian, lurrean, hildako itxuran azalduko dira lehen soldadu joandakoak, gainera borroka izanda dagoenez eszenatokian hori jarriko da, Butroekoa eta seme Otxoa ere lurrean hilda azalduko dira)


4.EKITALDIA

(Esku irakurleak eta ukendu saltzaileak Arrasaten gertatutakoaren berri emango dute zehatz-mehatz. Musika suabea entzungo da ekitaldian zehar)

UKENDU SALTZAILEA: Egundokua izen zan han pasautakua, Arrasate zana erre egin euien ganboatarrek, bertan Butroekoa harrapau nahian, bi leinuetako gudari asko eta asko bertan hil zien.

(Musika indartu)

ESKU-IRAKURLEA: Zeinek irabazi? Gerria ez dau inok irabazten, ez oin eta ez lehen…Dana galdu zan Arrasaten eta ez zan bi leinuetako bat be garaittu. Oñaztarrek, Butroeko Gomiz Onzalutx nagusi, 1500 herritar eduki zituzten burrukan; Ganboatarrek berriz, Oñatiko Gebara, Elgoibarko Olaso eta Legutioko Abendaño buru, 8000 gizonekin azaldu ziren.

(Musika indartu)

UKENDU SALTZAILEA: Olasokuak Butroekua babestu gura izen euen haren alabiaz maiteminduta euen eta berakin ezkondu gura euelako, baina bere ahaleginak alferrak izen zien. Butroeko Gomiz Onzalutx eta bere seme Otxoa erahil zituzten.

(Musika isilduz argiak itzaliko dira, bitartean eszenatokia hurrengo ekitaldirako prestatuko delarik)


5.EKITALDIA

(Talo saltzailea eta zapi saltzailea agertuko dira beraien tramankuluekin)

TALO SALTZAILEA: Baina ez da dana tristezia! Berri alaixak be pasetan die eta hara non Butroeko Gomiz Onzalutxen alaba Oneka azkenien be Olasoko Jaun Matxinekin ezkondu dan gaur, traba guztien gainetik euren arteko maitasuna GARAILE!

OIHAL SALTZAILEA: A bai!! Dotoreziaz datoz emazte eta senargaiak!!

(Oneka eta jaun Matxin besotik helduta datoz Butroeko gaztelutik, musikarekin, atzean binaka pertsonai guztiak. Minutu batzutan eszenatokian zehar ibiliko dira musikarekin antza antzean.)

HERRITARRA: GORA EZKON BERRIXAK!!

DANAK: GORA!!

HERRITARRA 2: Gure arteko burrukak bukatu daittezela behingoz!

HERRITARRA 3: GORA EUSKAL HERRIA!!!

DANAK: GORA!!

(Korroan jarri eta erdi-aroko doinuaz dantza bat dantzatuko dute ezkongai eta gonbidatu guztiek. Ondoren musika guztiz aldatuz gaur egungo euskal musikarekin binaka ikuslegoarengana zuzendu eta agurra egingo dute. Bukatzeko eszenatokian ezkutatuko dira, gero berriz danak eskutik helduta azalduko dira azken agurra egiteko.)

Karmele Igartua

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli