Gidoiak eta antzerkia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Indigestioa
    luma22    

(Elefantea. Bihurkina. Lau haur. Amatxoen garunen isuriak espazioan sakabanatuak. Mendeku inuzentea gauzatu da)

 

1. HAURRA: (Ahopeka) Apatxitok gehiegi jan dik.

 

4. HAURRA: - Adiskideok, tindatutako ilea pakidermoen osasunerako kaltegarria dela jakina da. National Geographic- en...

 

3. HAURRA: - (4. haurrari bere diskurtsoetan sekula kasurik egin gabe, 2. haurraren aurpegi zurbila ikusita) Ez hadi damutu orain. Zuen ama ile tindategi gehiegitan egon zuan bere ideia falta disimulatzeko asmoz.

 

1. HAURRA: - Apatxitok gehiegi jan dik.

 

2. HAURRA: - Gure ama...

 

3. HAURRA: - (2. haurrari) Zuen ama mozkor hutsa izan zuan, ginebrari adarrak jartzen zizkioan mozkorra. Eta hire etengabeko harridura aurpegia, mukiak beti espartzuarekin garbitzearen eragina duk.

 

1. HAURRA: - Apatxitok gehiegi jan dik. Arduratuta nagok. Garuntxo gordinak jateak bihotzerrea ematen dik.

 

2. HAURRA:- Gure ama... ama ona zuan.

 

4. HAURRA: -Adiskideok, inor ez da ona edo gaiztoa jaiotzez. Hainbat psikiatra adituren eta filosoforen arabera...

 

3. HAURRA: -(4. haurrari erdeinu aurpegia jarriz, 2. haurrari hitz egiten dio) Zuen ama urdanga hutsa zuan, hik heuk esan huen, edozein txikitero koadrilaren aurrean kuleroak jaisten zituen horietakoa.

 

2. HAURRA: -(Ia negarrez 3. haurrari) Gure ama ez... zuena bai, urdangetan maripurtzil emagaldu prostitutena zuan.

 

4. HAURRA: -(Giroa lasaitu nahian) Adiskideok, adiskideok, adiskideok. Lasai, lasai. Ene aburuz ez zarete geure hizkuntza maite eta aberatsa zuzentasunez erabiltzen ari. Hainbat ereduen artean, “Zure ama urdangena zen”, da hobestekoa, beste erabilera hau gaitzetsi gabe ordea, “ama urdangen artean zure ama urdangena zen”.

 

2. eta 3. HAURRAK: -(oihuka) Aski duk!

 

1. HAURRA: -Errespetu apur bat, mesedez. Ez duzue ikusten? Ez zarete lotsatzen egin dugunaz? (Denek elefantea begiratzen dute) Apatxito gizajoa. Oso digestio astunak ditik, ez genioan sekula poltsak jaten utzi behar.

 

4. HAURRA: -Beharrezkoa zuan aztarnak ezabatzea, Sabino Arana garbitzaileak esan ohi zian...

 

3. HAURRA: -(2. haurrari) Zuen amak beti kalitate zirtzileko merkantzia eta arropa lapurtzen zian etxerako. Hire lixazko galtzontziloak horren eredu nabariak dituk.

 

2. HAURRA: -Baina ni ez...

 

3. HAURRA: -Ez hadi inozoa izan! Hik askotan esandako argudioak errepikatzen ari nauk, egunero aldarrikatzen huen: “Esne-hautsa suntsitu” “Geure amen ideia lizunak burutik aldendu behar dizkiagu”, eta horrelako leloak. Hori egin diagu, burutik kendu.

 

2. HAURRA: - Hitz egiteko modu bat zuan. Azkenaldian oso denbora gutxi ematen zian nirekin. Gainera, gorroto ditiat potitoak, baina zortzi urterekin bularra hartzea ez omen zuan normala, eta horrek amorratzen nindian. Baina gauza bat haserretzea duk... eta bestea bihurkina buruan sartzea.

 

3.HAURRA: -Ñabardurak dituk horiek. Berandu duk, berandu damutzen hasteko.

 

4. HAURRA:- Ez nuke trabarik egin nahi zuen elkarrizketan, baina potito hitza euskara jatorrean...

 

3. HAURRA:-(4. haurrari) Muturrekoa emango diat, e!

 

1. HAURRA:-Ixo! Apatxitok haizeak ditik!

(Isilune baten ostean, elefanteak purrustada antzekoa egiten du).

 

1. 2. eta 3. HAURRAK:- Osasuna!

 

4. HAURRA: - Jainkoa lagun.

 

2. HAURRA: -Ongi egin al diagu?

 

3. HAURRA: -Jakina. Mundu osoan ezagunak izango gaituk eta geure kasuak jurisprudentzia sortuko dik. Ondorengo amak ez dituk bere semeen sentimenduekin jokatzera ausartuko. (Kantatzen). A las barricadas! A las barricadas! (Isilik) Argudio hauek zailak dituk sostengatzen, ezta? Kakazaharra!

 

1. HAURRA:-Apatxito domadorearengana eraman behar diat almax injektatzeko.

 

4. HAURRA: -Hara, ez dizkik hondarrak jan eta! Portaera onek agintzen duten legez, onartezina da platerean ezer uztea. (1. haurraren begirada zorrotzaren aurrean.) Baina pakidermoen kasuetan beti egin zitzakeagu salbuespenak.

 

2. HAURRA: -(3. haurrari) Gorroto al nauk?

 

3.HAURRA: -Zuen ama arduragabe hutsa izan zuan beti... (Bere diskurtsoa etenez).Beno, bai, haserre nagok. Hik laguntza eskatu higun eta konbentzitu gintuan denok, horregatik “amatxoen utzikeriaren kontrako asanblada” sortu eta operazio militarra antolatu genian. Eta orain damutzen haiz...

 

2. HAURRA:-Bai, baina... zuek... zuek txintik esan gabe egin duzue lana. Bakoitzak bere ama akabatuko ziala agindu genian, esan eta egin, ez diat inor derrigortu. Gainera... bihurkinaren ideia hik izan huen.

 

4. HAURRA: -Nik, behintzat, aitzakia zeukaat epailearen aurrean aitortzen badugu. Amak Hiztegi Batua kontsultatzea debekatu zidan eta hori ezin nian jasan, horregatik intelektual guztien interesak babesteko, zerbait eredugarria egin behar nuela argi neukaan. Aukera profitatu nian, besterik ez.

 

1. HAURRA: -Etxeko txakurrari kanpaia jotzen laguntzeagatik ama haserretu zuan, Beltz gizajoak kristoren beharra zeukaan, ordea. Hala ere, ez zuan beharrezkoa Beltz sakrifikatzea. Horregatik adoptatu nian Apatxito, baina amak ez zian ulertu nahi izan elefante batek munduko maitasun guztia behar duela eta, asaldatuta, Apatxito etxetik bota nahi izan zian. Berekoi halakoa! (Tu egiten du lurraren kontra.)

 

2.HAURRA: - Ama haurdun zegoan, baina triparen formarengatik haurra aitarena ez zela bistakoa zuan. Duela egun batzuk, eskolako futbol partiduan falta egin nianean, beste ekipokoek “putasemea” oihukatu zidatean. Orduan argi izan nian dena! Ama edozeinekin oheratzen zuan! Beste gizon baten semea! Ezin nian onartu. Sasikume batekin nire jostailuak partekatzea onartezina duk! Baina orain... ez diat dena hain argi.

 

4.HAURRA: -Barkatu atrebentzia, baina nola dakizu... zure aita... zure benetako aita den?

 

(2. haurrak 4. haurrari zaplaztekoa ematen dio.)

 

2.HAURRA: -(3. haurrari). Eta zuen amak zer egin zian?

 

3.HAURRA: -Ezer ez. Gure ama benetan zoragarria zuan.

 

2.HAURRA: - Eta orduan?

 

3.HAURRA: -Beti egin nahi izan diat iraultzaren bat.

 

4.HAURRA:-(Masail gorritua laztanduz) Badakit gizakiaren behar naturala dela, baina, zergatik ari haiz negar egiten?

 

3.HAURRA:- Ez zakiat, uste diat aitak bihurkinaren falta sumatuko duela.

(Apatxitok korrika alde egiten du guztiak harrituta utziz).

 

1.HAURRA: - Gauza bat aitortu behar dizuet, Apatxito bulimikoa duk.

Xabier López Askasibar

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli