Katixa Agirre eta Kirmen Uribe aurten Idazle Eskolan

Idazle gisa trebatu nahi dutenenentzako UNEDek antolatutako graduondokoan izena emateko epea ireki dute

Erredakzioa.

Donostia

Idazle ofizioan trebatu nahi dutenentzako UNEDek antolatutako urte biko graduondokoan izena emateko epea ireki dute jada. Hala nahi duten guztiek urriaren 10era bitartean egin ahal izango dute matrikula Bergarako egoitzan. Horretarako, idazten ikasteko gogoaz gain, goi mailako ikasketen tituluren bat izatea ezinbestekoa izango da. Eskolak larunbat goizetan egingo dituzte, urritik ekainera.

Idazle izan nahi dutenek jada idazle direnen ibilbideak ezagutuko dituzte, idazleen beraien eskutik. Izan ere, aurten, Katixa Agirrek, Kirmen Uribek, Uxue Alberdik eta Jon Arretxek parte hartuko dute Bergarako UNEDen Idazle Eskolan. Jerardo Elortzak, gainera, Arantzazuko santutegi inguruan urteen etorrian izan den literatur giro eta ekoizpenaren inguruko mintegia emango du, Arantzazun bertan egingo duen txangoan.

Eskolak, nolanahi ere, praktikoak izango direla nabarmendu dute antolatzaileek. Idazle izan nahi duten ikasleek testu andana idatziko dituzte aldian aldiko irakasleak emandako teknika eta arauei jarraituz. Hala, ikasturtea amaitzean, literatur lan ugari izango ditu idatziak, eta horietako zenbait, argitaratuak ere.

Idazle Eskolaren inguruan, halaber, egitasmo ugari sortu dira azken urteetan. Esate baterako, urtero beka bat ematen dute, eskolan izandako ikasleei beren lanak argitaratzeko aukera emanez. Aurtengo beka Leire Zubeldiak irabazi du, Bizirauten izenburuko obrarekin.

Hurrengo emanaldia, Irunen

Www.idazten.com webgunean, orobat, idazle ofizioaren inguruko kezkak eta gogoetak partekatzeko aukera daukate. Eta Luma berrien eleak paperezko aldizkarian, beren literatur piezak argitaratzen dituzte graduondoko ikasleek. Horretaz gain, Ilunabar Literarioetan, obrak errezitatzen ikasten dute. Iaz, Gipuzkoako Aretxabaleta, Ataun, Beasain eta Elgoibar herrietan egin zituzten emanaldiak, baita Bizkaiko Gernikan ere. Aurtengo ikasturteko lehen saioa, berriz, Irungo Kabi-gorri ateneoan egingo dute hilaren 25ean (Gipuzkoa). Joan den ikasturtean gailenduriko Itziar Gomezek haren obrako zenbait pasarte errezitatuko ditu.

http://paperekoa.berria.info

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago