Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 

«Erabakigarria izan da Idazle Eskola, ausardia eman dit»

 igartua_dv.jpg  
 Karmele Igartua/MIKEL FRAILE  
 

Euskaltzaindiaren olerki saria irabazi zuen iaz eta kalean da jadanik lan hori. Poesia idatzi beharra sentitzen du Aretxabaletako irakasle honek

29.09.08 -
FELIX IBARGUTXI

Karmele Igartuak (Aretxabaleta, 1959) Hitzak orbainetan liburua publikatu du, Euskaltzaindiaren eta BBK Fundazioaren Felipe Arrese Beitia olerki saria irabazitako lana. Jaioterriko Kurtzebarri ikastetxean irakasle ari den emakume hau aspalditik ari zen idazketan hasi nahian, eta Bergarako Idazle Eskolatik pasatzea erabateko bultzada gertatu zitzaion.


- Zuretzat zer esanahi dauka liburuko izenburuko «orbain» hitz horrek? Izan ere, hitz hori, izenburuan ez ezik, liburuan zehar ere etengabe agertzen da.
- Bizitzak utzitako arrasto batzuk dira orbainak. Eta batzuetan orbain horiek sendatzeko, zenbait hitz erabili ditut. Beste zentzu bat ere badauka: batzuetan, hitzetan euretan gelditzen dira arrasto horiek. Badaude hitz gako batzuk orbainduta daudenak.


- Eta hitz horietako bat «arnasa» da, noski.
- Bai, arnasa biziberritzeko. Gelditu, hartu arnasa sakon eta begiratu eta esan.


- Eta esan labur. Idazlearen -eta batez ere poetaren- egitekoa izaten da esaldiak kimatu eta muinera joan.
- Horrek badauka bere arriskua. Hain kontzentratua izaten da ba-tzuetan... zuk oso ondo dakizu zer jarri nahi duzun, baina irakurleak ez badu bere egiten erreflexio hori, batzuetan harako inpresio hura gertatzen da: poesia gauza zaila dela, irakurle arrunta ez dela horretara iristen.


- Poesia irakurtzean, irakurleak zerbait jarri behar du bere aldetik.
- Jarri egin behar du eta bere egin behar du irakurtzen duena. Hor dago poetaren erronka: zeren norberarentzako gelditzen den esaldi batek ez dauka hainbesteko baliorik. Aldiz, beste batengana iristen zarenean, orduan lortzen duzu helburua. Kontua da beti garaikide bihurtzea zure esaldi hori; orain eta hemendik hamar urtera ulertuko den zeozer idaztea.


- Aspalditik izan duzu idazteko gogoa? Neskatilatan ere bai?
- Neskatilatan ez, baina nerabezaroan bai. Gogoratzen dut Becquer izan nuela lehenbiziko poeta gogokoa. Eta gero asko irakurri dut poesia, asko-asko, eta hainbat urtetan zehar gaztelaniazko poesia soilik. Oraingo ahalegina zera izan da, beldur batzuk kendu. Zeren dena esatea ez da hain erraza. Beldurra kendu behar da eta horretarako ausardia behar da.


- Baina hor dago intimitatearen muga.
- Zerbait idazten duzunean, zeure barrutik pasatakoa izan behar da, nahiz eta izan esperientziarik arruntena. Hori da poesiaren berezitasuna. Eta hor badago beste erronka bat: sentiraraztea irakurleari irakurtzen ari den hori bere kontua dela, idazleak ez duela bere autobiografia egin, baizik zerbait unibertsala. Zeren norberaren gauzak ez zaikzio jendeari inporta, ezta?


- Noiz eman zenuen euskarazko poesia irakurtzen hasteko pauso hori?
- Gerotxoago. Gure belaunaldian ikasketa guztiak gaztelaniaz izaten ziren, baina euskaldun militantea nintzen baita ere, eta igoal militantziaz hasiko nintzen euskaraz irakurtzen, ze guretako askoz errazagoa zen gaztelaniaz irakurtzea. Hasi nintzen Arantxa Urretabizkaia eta Amaia Lasaren poemak irakurtzen; gero Ar-tze eta Tere Irastortza... Emakume poesia apur bat gehiago irakurri dut, nik uste.


- Poesiak hobeto bizitzen lagundu dizu?
- Bai. Gauza batzuk inertziaz egiten ditugu, beste batzuk nahi dugulako. Eta nik, benetan nahi dudalako idazten dut poesia. Gustura aritzen naiz, baina batzuetan sufriarazten dit, ezin dudalako idatzi buruan dabilkidan ideia hori. Erronka bat da, eta batzuetan pentsatzen dut: «Ui, aber ez naizen gai berriz idazten hasteko!»


- Esan adibideren bat.
- Aspaldian nabil denboraren kontzeptu horrekin.


- Denbora nola pasatzen den?
- Ez, zer den denbora eta zer garen gu denboran. Oso zaila egiten zait espresatzea juxtu-juxtu esan gura dudana. Hori da erronka: esan gura duzuna esan behar duzu! Beste gau batean aingeruen gainean hasi nintzen idazten. Eta esan nuen: «Baina nik, aingeruak, nondik atera ditut?». Gero konturatu nintzen: lau hilabete aurretik Rilke irakurtzen ibili nin-tzen eta itsatsita geldituko zi-tzaidan. Hori da beste gauza bat ikasi dudana azken urteotan: zenbat eta gehiago idatzi gura, orduan eta irakurri behar handiagoa.


- Zugan zenbaterainoko eragina izan du Bergarako Idazle Eskolak?
- Erabakigarria izan da, guztiz. Irakurtzen ikasi, Idazle Eskolan egin nuen. Eta norabidea ere han topatu nuen; han hasi nintzenean, igoal narrazio gehiago idazten nuen, poesia baino. Eta ausardia ere eman zidan eskola horrek.


- Nolako egitura eman nahi izan zenion Euskaltzaindiaren olerki sariketara aurkeztutako olerki bildumari?


- Bi urte eman nituen olerki horiek idazten. Horiek pilatu eta gero, ikusten duzu badaukatela hari bat lotzen dituena, zeren zu, bi urte horietan, egon zara modu batean. Hala ere, olerki horiek ez nituen idatzi lehiaketa batera bidaltzeko. Hori bai, sari horren berri edukitakoan, gehiago egituratu nuen material hori.


- Esadazu zuri zirrara eragindako poema edo esaldiren batzuk.
- Gogoan daukat Amaia Lasaren esaldi bat. Hau da, gutxi gorabehera: «Ni ez naiz inork desostotuko duen lorea, ez naiz inorena». Salinas asko irakurri dut eta asko identifikatzen naiz bere hitz egiteko moduarekin, nahiz bera gizona izan. Orain ere asko irakur-tzen dut Salinas. Tere Irastortza deskubrimendu bat izan izan: orain dela urte asko, lagun batek ekarri zidan haren lehenengo liburua, eta Tererena, huraxe bakarrik ezagutzen nuen. Baina gero asko irakurri dut Tereren poesia eta eredugarria irudi-tzen zait, baita hizkun-tza aldetik ere; oso hizkuntza jasoa.


- Iruditzen zaizu emakumeek beste modu bat daukatela espresatzeko poesiaren arloan?

- Beno, emakume naizen aldetik, igoal identifikazio hori errazago lortzen dut emakumeen testuekin. Baina esaten dizut, Salinas batek ere harrapatzen nau asko.


- Bi seme-alaba dituzu. Zer diote etxean zure idazle izate honetaz?

- Etxean ez zuten sinesten. Nire ama etortzen zenean etxera, esaten zien seme-alabei: «Orain bere badabil hau, zeozetan, eskribituten badabil hau!» Zelan badakiten ni pozik nabilen holako lanetan, eurak ere pozik.

--------------------------------------------------------------------

http://www.diariovasco.com/20080929/cultura/erabakigarria-izan-idazle-eskola-20080929.html

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli