Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

Lurra, ura, sua eta haizea. Lau elementuen gainean oinarritu zuten

Idazle Eskolako lagunek Karmele Igartuari egindako omenaldi-ekitaldia.

omenaldi2    

Esan liteke, azaroaren 13an Karmele Igartua Bengoa Bergaran egon zela. Eguerdiko 12:00etan, UNEDeko areto nagusia, berak ilunabar literarioetako eskenatokiak apaintzen zituen moduan dekoratua zegoen: ohial koloretsuekin, harriekin, kandelekin, palmondoekin…

Gela leporaino beteta zegoela, aurreikusitako orduan hasi zen omenaldi-ekitaldia. Tere Irastortzak hartu zuen lehenik hitza: beste gauza batzuen artean, parte hartzaile guztiei eskerrak eman eta Karmelek egin ohi zuen moduan, txaloak ekitaldiaren amaierarako uzteko eskatu zuen. Jendeak zintzo bete zuen esana, nahiz eta zenbait unetan esku-haurrak zartatzeari eustea ahalegin bat izan publikoarentzat. Izan ere, oso une hunkigarriak bizitu ziren ordu eta erdi iraun zuen ekitaldian: Kutzebarri Ikastetxeko lankideek eskainitako kantua, Karmele beraren ahotsarekin amaitutako bideo-muntaia, bere ikasle ohiei idatzita utzitako hitzak, argitaratzeko prest laga zuen hirugarren poema bildumako olerki parearen irakurraldia, eta ekitaldiaren amaieran txalapartaren ttakun-ak, haizearen soinuak, behorren zintzarriek eta erraietatik irtendako irrintziek bat egin zuten unea.

Umil baina duin omendu zuten Karmele. “Artistak ez dira desagertzen, obrari esker” irakurri zuen baten-batek errezitaldian. Bada, zer hobeto Karmele Igartua Bengoa omentzeko bere obra irakurtzea baino. Aipatu lau elementuetan oinarrituta sailkatu zituzten Aretxabaletako poetak idatzitako sormen-lanak, eta zortzi laguneko lau taldetan hurbildu ziren partaideak eskenatokira. Karmele erditu zuen lurrari oso atxikia zegoen, ama-lurrari, Euskal Herriari, euskarari lotua; barrualdekoa izan arren, beharrezkoa zuen itsasoak ematen zion sosegua, eta ahal zuenetan kostaldera hurbiltzen zen; emakume askea zen, haizearen gisan askatasuna lehenesten zuena; eta lanerako garaian sua bezain gartsua, bizizalea eta biziarazlea.

Irakurraldiaren ondoren, Jose Angel Irigarai hurbildu zen mikrofono aurrera. Pamielako ordezkariak Aretxabaletako poetaren poesiaz eta argitaratzeko prest utzitako “Itsaso kontra bat” poema liburuaz hitz egin zuen besteak beste. Karmele “poeta puska” zela azpimarratu ondoren, “izatearen eta ez izatearen mugan” idatzi zuela ohartarazi zuen, eta egoera horretan sortutako poesiarik ez dela oraindik euskal literaturaren plazan ezagutu.

Irteeran “Hitzak Orbainetan” eta “Denbora Enaren Hegaletan” liburuak eskuratzeko aukera izan zuten bertan bildutakoek, baita Idazle Eskolako lagunek www.idazten.com web orrian argitaratu zituen lanekin prestatutako cd-a ere. Areto nagusiaren kanpoaldean Karmelerekin bere azken urteak konpartitu zituzten adiskideen, inoiz bera ezagutzeko parada izan zutenen, edota nahiz eta aretxabaletarra ez ezagutu, bere poesiak hunkituta hurbildu zirenen arteko solasaldiak sortu ziren. Bakoitzaren egoera ezberdina izan arren, denek zuten gauza bat amankomunean: Karmele Igartua Bengoa maitatu eta miresten zuten.

Informazio gehiago (Gara, 111akademia, Goiena, Hitzen Uberan eta Elkarrizketa , Diario Vasco)

Leire Zubeldia

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli