Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

irakurketa_galarraga5.gif  
AUZOAK ETA AUZOAK  

Urtzi Urrutikoetxea . Susa,2005

Batek pentsa dezake, izenburua irakurri ondoren, hiri edo herri bateko auzoen gainean hitz egiten duen lana dela Urtzi Urrutikoetxearen lehen narratiba liburua. Are gehiago, Joseba Jaka Literatur bekaren IV. deialdia Bilbori buruzko nobela proposamen batekin irabazi zuela jakitean, batek pentsa dezake Bilbo hiriko auzuneak direla lan honen ardatz. Baina orriotan Otxarkoaga, Santutxu edota Zorrotza presente egon arren, «auzo» hitzaren bigarren adiera bat da benetako protagonista, hau da, auzoa edo, elkar hobeto ulertzeko, hiriko biztanlea.

Aipatu beka nobelaren atalean eskuratu bazuen ere, aurkituko dugunak antz handiagoa du narrazio laburren bildumarekin, zentzu hertsian, nobelaz ulertzen dugunaren egiturarekin baino. Azken batean istorio «txiki» eta laburrak dira bertan bildurikoak, Bilborekin nolabaiteko erlazioa duten pertsonaia desberdinenak hain zuzen ere. Zenbaitetan narrazio landuak izango dira, gutxieneko korapilo edo argumentu bat garatzen duten kontaketak. Beste batzuetan ipuinak izatera iristen ez diren mikrokontakizunak izango dira, zertzelada pare batekin marrazturiko testigantza laburrak. Esan beharra daukat ipuin luzeenetan lortzen duela liburuak sendotasuna, egoera kiribiltzera ausartu denean asmatu duela idazleak batez ere. Testu hauek dira obraren oinarri eta bertan ikusten da ondoen Urrutikoetxeak, orain arte poesian nabarmendu denak, narraziogintzarako duen gaitasuna.

Egiturari begiratuz gero kontakizun independenteen bilduma baten aurrean gaudela esan daiteke. Istorio bakoitza pertsonaia desberdin bati edo batzuei dagokie baina istorio hauen arteko loturarik apenas dagoen, ez bada jarraipen kronologikoarena, 24 orduren buruan garatzen baitira gertaerak oro. Hari finegiak elkarlotzen ditu, beraz, liburuko testuak. Hala ere, osotasunean ulertu behar dira kontaketak, Bilbok osatzen duen sinfoniaren parte baitira guztiak ere eta orokortasunean baizik ez dute ahots desberdinek benetako zentzua hartzen.

Bilbo hiriaren erretratua egitea izan da, hitz gutxitan, helburu nagusia. Erretratu ahalik eta zabalena eta, ondorioz, fidelena. Horretarako, pertsonaia zerrenda luzea eta askotarikoa ibiliko da orriotan barna, eta batez ere jende umilenari tarte berezia egiten zaio: turismo gidetan azaltzen ez diren paisaia zokoratuetan bizi den jendeari, Azkunaren irribarre zabalean kabitzen ez den jendeari, azken batean. Ahots aniztasun honek bizitasuna ematen dio liburuari eta, azken emaitza ikusita, aniztasunaren alde egindako hautuarekin asmatu du Urrutikoetxeak, momentu batzuetan egoerak edo pertsonaiak behartu samarrak iruditu bazaizkit ere, oro har
asmatu egin baitu. Lortu du, eta ez zen erraza, ahots asko eta, beraz, hiria ikusteko eta bizitzeko modu asko era sinesgarrian kontatzea. Horretarako, pertsonaien aukeraketarekin batera, paisaiena, gertaerena edota pertsonaien hizkeraren aukeraketan lan handia egin da, artifizial geratzeko arriskuarekin baina gehienetan onik irten da.

Honen guztiaren gainetik idazleak badarabil behin baino gehiagotan gai jakin bat: euskara. Bilboren aurpegi ezezaguna erakutsi nahi izatean, Bilbo euskaldunaren errebindikazio bat ere badago, euskara eta euskal mundua Euskal Herriko hiri bakarrean ere existitzen direlako aldarria. Hala, konturatzen gara euskaldunak ere badirela Bilboko auzoak, Bilboko biztanleak alegia, eta gainontzeko auzoekin batera sinfonia anitz eta eder bat jotzen dutela egunero, eskuartean dugun liburu honek ederki erakusten duen bezala.
 
Aritz Galarraga

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago