Erabiltzailearen balorazioa: 3 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar InactiveStar Inactive
 

 

ihes_betea.gif
 IHES-BETEA 
 
Anjel Lertxundi – Alberdania 2006
Werner Lindemann zaharrak gaztaroko oroitzapenak papereratzeko tenorea heldu dela erabaki du; Anjel Lertxundiren maisulan honek, gaztaro gorabeheratsu eta gertakariz betea izan duen agurearen kontakizuna biltzen du hiruehun eta berrogeita hamar pasa orriko lan itzelean. Alemania hitlerzalean kokatzen da narrazioa, eta Werner Lindemann nerabeak, Hitlerren jarraitzaile sutsu eta porrokatuak, bera berez judutarra dela jakingo du egun batetik bestera, hainbeste gorrotatu eta hamaika aldiz mesprezatu dituen horietako bat dela, alegia.
 
Ez da erraza gutako edonork urte luzetan izan dugun identitatea zalantzan jarriz gero nola erreakzionatuko genukeen jakitea. Hots, gauetik goizera, tupustean, orain arteko identitatea gure benetako identitatea ez dela jakingo bagenu. Kontakizunaren arabera, Werner Lindemann nerabeak oso argi dakusa horrelako une batean egin beharrekoa: ihes egitea. Edonora, baina ihes.
 
Ihes egite hori, gainera, ez da nobelan kontatzen den ihes egite fisikora soilik mugatzen; nobelako protagonistak, judutarra dela jakin aurretiko bere izaera, jarrera, eta mundu ikuskeratik ihes egin beharko du derrigorrean, eta, poliki poliki, gertakari ezberdinen jazotzeak beste pertsona bat bilakatuko du ezinbestean, lehenagoko Wernerrek zituen sentipenekin alderatuz erabat kontrajarriak diren sentipenak dituen pertsona. Izan ere, Alemania nazia gorenean zegoen une historiko konkretu horretan, munduaren salbatzaile izatera deituriko nerabe hitlerzalea izatetik, orduko gizarte alemaniarrean gorrotatuetan gorrotatuen ziren judutarretako bat izatera igarotzea, ez da edozein gizasemek modu erabat naturalean bereganatu dezakeen aldaketa. Funtsean, bere buruaren benetako aurkikuntza burutu beharko du Wernerrek judutarra dela jakiten duen unetik aurrera. Benetako Werner Lindemannen aurkikuntza.
 
Irakurleari hasera haseratik bertatik ematen zaio Wernerren judutartasuna ezagutzera; nobelaren hiru ataletatik lehenengoa, Wernerrek bere judutartasunaren berri izan arteko gorabeherak kontatzen dituena, protagonistak bere jatorriaren berri izaten duen unera arte luzatzen den kontakizun landu eta erritmikoa da. Atal honetan, idazleak bere luma zorrotzaz zirriborratzen dituen pasarteek, artega jartzeraino kiribiltzen dute irakurlea behin eta berriz lerroek aurrera egin ahala. Izan ere, Werner ezjakintasunaren putzuan igerian ari den bitartean, irakurleak presente du uneoro ezagun duen protagonistaren jatorri judutarra. Honek, zalantzarik gabe, beste dimentsio bat ematen dio lehenengo atalari. Bestalde, nabarmentzeko modukoa da Anjel Lertxundik zeinen maisuki birsortzen duen garai hartako Alemania nazia.

Bigarren eta hirugarren atalek, berriz, Wernerren ihesaren inguruko kontakizuna jasotzen dute euren luze-zabalean Alemaniatik Italiara eta Frantziara ondoren). Lehen irakurketa batean, irakurleak bigarren eta hirugarren atalak lehena bezain borobilak ez direneko sentipena izan dezake. Argia aldizkariko kazetari Mikel Asurmendik, irakurlearen pertzepzio hau planteatu zion Anjel Lertxundi idazleari berari, aipatu aldizkariko 2077. aleak jasotzen duen elkarrizketa interesgarrian. Anjel Lertxundiren erantzuna ere kontuan hartzeko modukoa da:

“Lehendabiziko partea –irakurleak ondo ezagutzen duena- idatzi egin behar nuen gero beste biak garatuko banituen. Baina niri interesatzen zitzaizkidanak, beste biak dira, ezezagunak eta misteriotsuak niretzat, intuitzen nituenak baina baina existitzen ez zirenak. Esan nahi dut: lehendabiziko parte hori ezagutzen nuen nik nobela idazten hasi aurretik ere. Irakurleak ere bai, neurri batean. Beste biak, ez zituen inork ezagutzen, ezta neuk ere, idatzi ditudan arte. Hori da, nik dakidala, literatura. Erants dezadan: lehendabiziko partean, ezagutzen dudanaren birkreazio bat dago. Beste bietan, kreazioa.”   

Argi dagoena da, zintzurretik heldu eta harrapatu egiten duela nobelak irakurlea; batetik, lehen ataleko Alemania naziaren argazki izugarriarekin, eta bestetik, neurri batean barne bidaia ere baden bidaia edo ihes kitzikigarriarekin.
 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago