Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Patu hitsak harrapatuta 

VERA CANDIDAZ DAKIDANA. Veronique Ovalde. Itzul: Alberto Barandiaran. Alberdania, 2012

li106    

Veronique Ovalderi irakurri diodan lehen lana da “Vera Candidaz Dakidana” izeneko hau. Familia baten patu tristea da kontagai dena, zehazki esatera, familia bereko hiru belaunaldi kateatzen dituzten emakumeen patu tristea. Iruditzen zait badagoela emakumeen egoera salatzeko nahia atzean gorderik, emakume isolatuak agertzen dira, bakartuak, tristeak, gizonaren erruz isolatuak eta gizonaren erruz hitsak.

Izenburuan Vera Candida aipatzen da, esan daiteke, harengan paratu duela fokua idazleak, hari begira ikusiko baitugu kontakizuna. Dena den, ezin esan protagonista bakarra denik, haren amona den Rose Bustamante ere maiz ikusiko baitugu eta Violette ere bai, Vera Candidaren ama. Hiru emakume abandonatu, gizonaren zitalkeriak eraginda bakarrik, ahul, geratuak.

Kontakizuna narratzaile batek egingo digu, orojakilea da eta ustekabekoentzat beta gutxi ematen du. Gehiago esango nuke, liburua bost ataletan banaturik dago eta lehen atalean amaiera kontatzen da, horrenbestez, lehen atal hori amaiera denaz ohartu artekoa da ustekabea. Hala ere, ez gaude eleberri beltz baten aurrean, ilun samarra bada ere, eta ez da ustekabekoak ematea idazlearen asmoa. Bilakaerak du garrantzia, amonarekin hasi eta bilobara bitartean familiako emakumeengan izaten den bilakaerak, eta hor bai, hor asmatu egin duela esango nuke. Hirurak Karibe inguruko irla asmatu batean, Vatapunan, jaio dira, bertako bizimodu motelean, erritmo motelean bizi dira, bakoitzari egokitu zaion aroan. Hiria dute amets, bestelako bizimodu baten ikurra baita hiria, baina urrun dago hiria, urrun fisikoki eta emozionalki. Vera Candida da hara iristen den bakarra, bestelako bizimodu bat eraikitzen saiatzen dena, nahiz eta azkenean jatorrira itzultzen den.

Bakoitzaren argazkia egin digu idazleak eta argazkitik argazkira dagoen jauzia ikus dezake irakurleak, batetik bestera dauden alde handi bezain txikiak ikus ditzake, hori bai narratzailearen laguntzaz. Aipatu bezala, bost atal ditu liburuak eta tartean kapitulu asko, erritmoaren bizigarri. Kapitulu laburrak dira, esaldi laburrez, deskribapen hutsalik gabe eta soberako lerrorik gabe eraikiak. Bada, hala ere, kontaera horretan bereziki azpimarratu nahi dudan kontu bat, zenbaitetan egoera bera, pasarte bera, bi kapitulutan ematen du, hots, bi ikuspegi erabiliz kontatzen digu pasarte bera. Joko hori oso atsegin dut eta ondo egiten bada, dotore geratzen da, hemen kasu. Adibide modura, aipa daiteke, Vera Candida lantokitik atera eta atzetik segika gizon bat datorkionekoa. Lehenengo gizonak emakumea nola jarraitzen duen eta zertarako jarraitzen duen irakurriko dugu eta beranduxeago, beste kapitulu batean, emakumeak gizona atzetik duela sumatzean sentitzen duena; badakigu zer gertatuko den, ez dago ustekaberik, baina ez dakigu bakoitzak nola bizi duen gertaera hori eta idazleak hori erakutsi nahi izan digu.

Dena den, adibide ausartena lehen atala eta azken atala uztartzean egiten du. Aipatu modura, lehen atalean amaiera kontatzen da eta azken atalean birkontatu egiten da hastapen hura, apur bat sakonduz, hots, bi aldiz kantatzen dela azken puntua, poto egin gabe. Idazleak ausarkeria handia erakutsi du eta ondo atera zaio.

Bestelakoan, amaiera tristea da, aipatzen den emakume bakoitzaren bizimodua bezalakoxea, ezin zuen bestela izan.

Iker Zaldua

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago