Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 Absurdoa, errealitatea bezala 

UDALBATZA BAHITUAREN KASU POLLITA , Karlos linazasoro, Elkar-Ateko Banda saila

li80    

T.ko udalbatza eratzeko bilkura hasi da, Alkate izendatu berria eta zinegotziak beraien karguaren zina egiten ari dira, Horretan ari direla, talde batek udaletxeko plaza hartu duela jakinarazten die sarjentuak: «Langileak dira itxuraz, jauna». Alkateak «zakurraren zulora» bidali ditzatela agintzen dio sarjentuari. Baina hiru bakarrik dira, gainontzekoak bajan daude, «estresa, depresioa, bihotzekoak, tortikolisak eta abarrek eraginda». Alkatea bera jaisteko pronto dago, baina sarjentuak bere lekuan geratzeko gomendioa ematen dio, «giltza ingelesak dakartzate eskuetan, bihurkin erraldoiak, mailuak. .. ». Karlosek, protagonistak, ertzainei deitzeko proposamena egiten du «ostia epel batzuk, tiro batzuk zeruko patxadara eta akabo komeriak, jaunak». Horri basakeria iritzi diote, ordea. Sarjentua jaistea deliberatzen dute orduan. Ondoko mezuarekin bidaltzen dute atzera errebeldeek: «Gose direla, eta ni jango nautela hurrena arazoa konpontzen ez badiozue, badakitela non bizi naizen». Baina zein da arazoa? Zer nahi dute plazako sarrera-irteerak itxita eta udaletxe ataria leporaino beteta daukaten herritar matxinoek? Pankartetan ez dago ez esloganik ez errebindikaziorik .. Zuri daude. Herritarren protestara pánpina puzgarriak ere batu dira, ehunka ikusten baitira udaletxeko balkoitik. Hauxe da “Udalbatza bahituaren kasu pollita”.

Karlos Linazasorok maisuki egiten duen parodizaziotik haratago doa liburu hau. Herritarrengandik gertuen dagoen instituzioa eta bertako agintarien parodia badago, bai, eta Karlosek ohi duen bezala, ironiaz kargatu du pasarte, paragrafo eta esaldi bakoitza. Baina nobela honi etiketa jarri beharko bagenio, “absurdoa” hitza idatzi beharko genuke bertan. Udalbatzaren egoera absurdoa da, nobelan protagonIsta diren zinegotzien irteerak absurdoak dira, istorioa bera da absurdoa. Hala ere, bere absurdoan sinesgarria gertatzen da, errealitatean ere absurdoa existitzen delako, eta alde horretatik, nobelan kontatzen denak eta absurdo izaerak berak, errealitatea ongi baino hobeto islatzen dute.

Tolosako idazleak asko jartzen du beretik bere liburuetan, eta lan hau ez da salbuespena. Protagonistak Karlos du izena, udal liburutegiko liburuzaina da, eta idazlea, egilea bera bezala. Servandok, alkate-gaiak, zerrendan joateko proposamena egiten dio, eta honek onartu egiten du, betiere independente gisa joateko baldintzarekin. Bahitzen duten udalbatza Tolosakoa da (T. iniziala erabiltzen du egileak), Linazasororen herrikoa. Nobelan zehar egiten dituen deskribapen ironikoek ez dute zalantzarako aukerarik uzten: «Bertako gozotegia arpilatu dute. Tartak, teilatxoak, xaxutxoak, pastelak eta ardo goxoak ... ».

Finean, idazlea bera da bahituetako bat. Bere burua egoera horretan imajinatuz, burutazio xelebre eta zentzugabeen eskutik eramaten utzi dela suma daiteke, istorio barregarri hau borobildu duen arte. Ez egilea narratzaile eta protagonista delako bakarrik, umore beltzez eta ironia zorrotzez kargatutako bere idazkeragatik, segituan ezagutzen du irakurleak idazlea. Linazasorok oso zaila den gauza bat lortu baitu bere ibilbide oparoan: idazlearen marka.

Leire ZUBELDIA

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago