Haragizko amoreak
Haragizko amoreak Nabarro, Omar. Susa, 2010.
![]()  | 
Gizon heldu baten poemak topatu ditut Edorta Jimenezek beregan bizi den Omar Nabarro poetaren izenean argitaratu duen azken poema liburuan: Haragizko amoreak liburuan. Eskarmentu bat eta gero idatzitakoak, itsasoetan eta hondartzetan ibili ondoren, barrenetara murgildu balitz bezala, barruetaraino, azkenera arte.
Zentzumenetan geratzen den memoria azaleratzeko behar moduko batean, gorputzaren jakinduriari laga dio isurtzen poetak eta “bere” sentsazioak “gure” sentiarazterainoko bidea egin du poemaz poema eta sentigarri den guztia zentzumenetan igartzeko premia bat erakusten digu.
Horrela, irakurketaren hasieratik bukaeraraino azukre errearen gozoa izan dut nik sudur mintzetan eta itsaso barruarena eta ikusi ditut marrubi, okaran, masusta eta laranjaren koloreak begi barruetan eta haien freskotasun, gozo, garratz, bustia ahoan eta gorputzean igarri ditut ukituka bezala.
Zentzumenak erne: usain, ukitu, begiradak xuxurla amorezkoen artean, bizipen erotiko eta maitasunezkoak hitzetan zizelkatu arte.
Macclinek dio esperientzia poetikoa prozesu intelektualetik baino gorputzetik datorren prozesua dela. Omar Nabarrorena horren adibide perfektua da, gorputzak hitz egiten du eta gorputza sentiarazten du zentzumenen indarra gureganaino iristeko sinbologia aukera auke rakoa erabiliz.
Errearen indarrak eta horditzeak gordetzen duen bilakaera paradoxikoak garamatzate irakurketaren barrura.
Sagar errea, errearen azukrea eta azukre errea, errearen kea, tabako errea, haragi bizi errearen kea, erre gozoa, erre hatsa, larru errea, erre besoetan, erre tzeari utzi... Eta memorian azukre erre gozoa.
Eta sagar, masusta, basapiku, okaran, gerezi, laranja, marrubi edo limoiez baliatzen da zukuak, koloreak, usaiak eta hordikeriak igarrarazteko.
Horditu gozatzeko bideetan eta hondoratzerainoko aukeretan, horditzearen ederra edo horditzeak dakarren ez-oreka. Horditu begiak, hordi historia, hordigarri belarra, hordien ontzia, hordiarazle zu, hordikoi ni. Ni, zu, denbora, begiak, apoak, historia.
Hitz sare hori izenburuak berak ematen dio sarrera: Haragizko amoreak. Bi kontzeptu: ukigarria dena eta sentimendua, ikusten ez dena. Eta bien arteko harremanean haragia da ezinbesteko lokailua. Haragizko amorea ala amorezko haragia ala bata bestearen gainean, azpian, aldamenean? Uztarketa bat da hala beharrez koa. Eta azukre ere gozoa memorian.
“Hasierako poeman”, idazleak liburua egiteko momentua identifikatzen duela esango nuke: aldarri egiten du haragiak, itsaso barrenetatik, bere lekuetako kontzientzian murgil egiten du.
Bukaera alderako “Amorezko haragia”poemak onarpen bat esaten du, gozoa, sosegatua, barea, maitagarria, gerokoari lekua emanez. Eta bizitza baten ondorioa izan daitekeen poema hau, eta erabaki bat, irakurtzeko ekarri nahi dut honaxe:
Amorezko haragia 
Landareak haziko dira, laztana, 
metalezko sagarraren ugerretan, 
eta argiak berak ere 
beste DNA bat izango du 
oraingoa argiarena 
ez dena. 
(Argi honen DNA: 
kresala, goiz-lurruna 
gehi basapikondoen 
itzal luze berdea)
horrexegatik itzuli naiz, laztana, 
aramuen eremura 
sare singleon perfekziora: 
amaraunaren erdi-erdia 
beti da argi-begian, 
senaren agindura bere zeregina.
(itsaspean 
sasoian dira txibiak; 
haitzetan 
fosil zahar dira amoniteak)
sasoi honexetan itzuli naiz, laztana, 
lan isilen naziora 
pinudiko sagarrondo makurtuetara 
molekulen arkitekturaz 
hormonen ingeniaritzaz 
mira barik ikastera.
(feromonetan 
estigmak ditudalarik 
denboraren igaroaz 
gogoetan)
eta, hara miraria, 
erdi-erdian jotzen dion argia da 
amarauneko hariak 
ikusezin bilakarazten dituena.
(molekulen egitura hotza, 
planetaren ostean ere 
iraun egingo duena, 
ene laztana, ene bihotza)
Ederra, Edorta Jimenez!
“Batera lo egin”. Zer ote da maite duzunarekin, haren ondoan, haren harengan lo egitearen ederra... larruak lokartzen direnean batera, larrua eta larru barruak ba tera esnatzen direnean gu izanik, gu barik ere; eta usaiak batera-batera eta ametsak batera.
Batera lo egitearekin amesten dute urruneko maitale maiteminduek, memorian, igual, azukre erre gozoa.
Eta konstatazio bat: gorputzean geratzen da jakinduria bat estigmatizatua, memorian azukre erre gozoa bezala.
Eta galderak: gorputzaren jakinduria guztia sexua da, sexuala da? Zer da harantzago doana?

