Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
luma54      
Amaia Artolazabal
     
Amaia Artolazabalek (Zumarraga, 1981) irabazi du Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolak deitutako bertso sorkuntzako lehiaketa. Etxekoentzat egindako lana aurkeztu zuen, «gertukoek bultzatuta». Etzi jasoko du saria Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Urretxuko eta Zumarragako Otamotz herri aldizkaria zenaren irakurleek, Artolazabalek idatzitako ipuin bat baino gehiago irakurriko zuten. Izan ere, zumarragarraren ipuinek jantzi zuten, gehienetan, aldizkariaren literatur atala.

Giza zientziak ikasi zituen, eta Ikastolen Elkarterako material didaktikoa osatzen egiten du lan. Ama izan berri da; Teo semeak bere bizitza betirako aldatu duela dio.

    Amaia Artolazabal . Idazlea
    Urretxuko eta Zumarragako Bertso Eskolak deitutako sorkuntzako lehiaketako saria jasoko du etzi, Zumarragako Zelai Aristi aretoan; ikus-entzunezkoa osatu du, sehaska-kanta batetik abiatuta
   

«Ez dut kontatzeko bizi nahi; gogoratzeko kontatu nahi dut bizitakoa»

Lehiaketara aurkeztu duzun lana deskribatuko al zenuke?
Antoine de Saint-Exupéry-k idatzitako Printze txikia nobelatxoaren hasierako irudia –elefantea jan duen boarena– eta galdera hartu nituen. Xabier Leteren Amaren bularra kantaren doinuan bederatzi bertso idatzi nituen. Printze Txikiaren irudi horren atzean egon daitekeena irudikatu nuen kartoi meheekin, oso modu sinplean. Azkenik, bertsoak kantatu nituen Teoren aita gitarran lagun nuela.

Lehiaketara bidaltzeko egin al zenuen?
Ez. Etxerako bideoa zen, gauza oso xumea, oroigarri polit bat izateko beste helbururik ez zuen. Baina, ikusitakoan, amak eta ahizpak lehiaketara bidaltzera animatu ninduten. Horretan kasu egin nien. Egia esateko pozik, sinistu ezinda eta lotsatu samar nabil. 

Sorpresa izan al da orduan saria?
Bai, sorpresa handia eta ona izan da. Ume jaio berrientzat mantak, jakatxoak, haur oinetakoak eta adur zapiak egiten diren bezala, nik bestelako zerbait egin nahi nion semetxoari. Batetik, oso trebea ez naizelako lan horietan, eta, bestetik, horretan askoz abilagoak direnak baditudalako inguruan, umea majo hornitu dutenak.

Ikus-entzunezkoarekin irabazi duzu saria. Hala ere, zure zaletasuna idaztea da. Zer da idaztera bultzatzen zaituena?
Ez dakit nola esan, denbora eta denbora betetzen duena azkarregi pasatzen den sentsazioa dut. Horregatik saiatzen naiz bizipenei, ideiei, eta abarri buruz idatziz edo beste nolabait eusten. Ez dut kontatzeko bizi nahi; gogoratzeko, berritzeko eta ingurukoekin partekatzeko kontatu nahi dut bizitakoa.

Nondik datorkizu idazteko afizioa?
Ez dakit esaten. Lotarako ipuinak kontatzen zizkidaten gurasoek. Amak, adibidez, asmatu egiten zituen. Errepikatzeko esaten banion, lanak izaten zituen. Haurra nintzela, hizkiek atentzioa ematen zidaten. Irakurtzen ikastea plazera izan zen niretzat, eta lasaitasuna gurasoentzat. Txiki-txikitatik helduen elkarrizketak, ingurukoen istorioak eta anekdotak entzutea ikaragarri gustatu izan zait; adi-adi egoten nintzela esaten didate. Kontu-kontaria ere ba omen nintzen. Bestalde, bertsoak eta kantuak beti entzun eta kantatu izan dira gure etxean. Aita oso kantaria eta kantu zalea zen.

Haurra zinela hasi al zinen idazten?
Zaletasuna kontzienteki denboran kokatzen ez dakit. Atzera begira jarrita, idazten ikasteak, ahozkoaz aparte, bakardadean arituta sortzea gustuko nuela jabetu nintzen. Ikastolan idatzitako guztiak irakaslearen begietatik pasatzen ziren, eta haien iritziz ondo samar aritzen omen nintzen. Agian, horrek ziurtasuna eman zidan, edo kendu ez behintzat.

Denbora luzez Urretxuko eta Zumarragako Otamotz aldizkariko literatura atalean ipuinak publikatu izan dituzu.
Bai. Nahi baino gehiagotan plazaratu ziren nire ipuinak. Eta, askotan, irakurleengana iristen ez asmatzearen pena daukat. Hasierako asmoa jendea zirikatu eta hainat pertsonen ipuinak argitaratzea zen. Ez nuen asmatu jendea zirikatzen, eta nire ipuin asko izan ziren Otamotz-eko aleetan. Asier Zaldua zuzendariari makina bat estuasun pasarazi nion. Otamotz-ez ari garela, aprobetxatu nahi nuke esateko lastima dela tankerako herri-ekimenak bertan behera geratzea. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet Otamotz errealitate bihurtzeko, eta hilero-hilero gure postontzietan izateko lan egin duten pertsona horiei guztiei. 

Irakurlea aipatu duzu. Idatzitakoaren eta irakurlearen arteko zubia zeharkatzea zaila al da?
Batez ere, niretzat eta ingurukoentzat idatzi izan dut beti. Gustatzen zait harritu nauten gauzak, beldurtu nautenak, poztu nautenak, haserrarazi nautenak… jasotzea, literalki batzuetan eta «literaturalki» besteetan: mezua agerikoa edo mozorrotua izan dadin. Atsegin dut idaztea, baina, batez ere, atsegin dut denbora pasa eta gero, aurrez jasotakoak irakurtzea. Berriz ere harritzeko, beldurtzeko, lotsatzeko, barre egiteko… Noiz edo noiz, niretzat eta ingurukoentzat idatzitakoak irudi- katutako beste hartzaile batentzat moldatzen saiatu naiz. 

Bergarako Idazle-eskolako ikasle izandakoa zara.
Idazle eskolan aritu nintzen Tere Irastorza eta besterekin, hori eta beste hainbat gauza ikasten. Lortu nuen bi urtez, bederen, kontzienteki eta metodikoki nire egunerokoan idazteari eta adi irakurtzeari tarte bat eskaintzea. Haberen 4. mailako ikastaroa egin nuenean ere, hartzailearekiko egokitasuna zen testuak baloratzeko baldintzetako bat. Niretzako, idaztera ohituta nagoenez, ez zait erraza egiten. 

Zure ofizioa ere, sormen lanarekin lotuta dago. Zertan datza?
Euskal Herriko Ikastolen elkartean egiten dut lan, ikasteko materialak sortzen ditugu. Azken urteetan Euskal Curriculumaren garapenean aritu naiz. 

Ikasmaterial horien ardatza zein da?
Unitate didaktikoak egiten ditugu. Labur esateko, ikasleak aurre egiteko gai izan behar lukeen bizitzako egoera batetik hasi, hura lortzeko atzeman behar dituen helburuak zehaztu, eta horietan trebatu eta lantzeko jarduerekin osatzen ditugu unitate didaktikoak. Kasu honetan, hartzailea, hau da, ikaslea, ezinbestean eduki behar dugu kontuan.

Miriam Luki

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago