Lehen tabula rasa Irudia: Lina Bo Bardi
Irudia: Lina Bo Bardi
Lehenengoz jaioberri bati zilborrestea moztu zenionean 
pentsatu zenuen 
beste bizitza batzuekin itsatsita bezala 
erditzen garela mundura. 
Odolez blai etortzen garen espezie honek 
behar duela etengabe zerbaitengatik apartatu 
benetakotasun bihurtzeko, 
zaborretara amari atxikitzen zaion korda
 eta odol kapa guzia garbitu, nola heldu ginen ahanzteko. 
Tabula rasa, 
sentitu izan zarelako 
apurtu beharra izan duzu besteen ispiluarekin. 
Tabula rasa, 
zu izan aurretik bazinelako 
zu izan ez zaren bizitza asko: 
baserritarra, moja baten pekatuaren alaba, 
garbitzailea, irakaslea 
eta arrarotasunaren estigma 
eramango zuen jaiotza baten desira eta izena. 
Lehen tabula rasa, 
-zer geratu ote zitzaigun alde egin aurretik?- 
zure izate sentimentalak ez du ulertzen zer eta zergatik
 jaio orduko baikara jasoko dugunetik zerbait,
 begi itxiekin sentitzeko izan ziren guztia 
eta aldi berean ahazteko
haragi bizitan izan ez garena, 
arrastaka eraman ezin denaren ondare 
guda berberak ez errepikatzeari zin eginagatik. 
Tabula rasa, 
eta zilborrestea moztuko diozun jaioberriak 
keinu bat utzi dizu, 
zuk eskua atzera eraman orduko. 
Tabula rasa, 
begiak itxi dituzu distantzia hartzeko bezala, 
banandu nahiko bazenu bezala, 
ama hilberriaren samina, zeure zilborretik. 
-Zast! -
Beste behin ere 
ez aurrera ez atzera, 
beste bizitza batekin itsatsita bezala 
geratu zara, 
eskuetan ezezagun biren arteko bizikatea. 
Tabula rasa,
 arnastu duzu.
	
